Bira Nafarroan Barna programaren laugarren edizioa maiatzaren 4an hasiko da, eta 24 kontzertu izango ditu, Nafarroan sortzen ari diren 15 artista eta talderenak, 24 herritan. Programa osoa, aurreko edizioetan bezala, bi fasetan ezarriko da: udaberrian, maiatzaren 4tik 31ra, eta udazkenean, irailaren 21etik azaroaren 29ra.
Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, Javier de la Fuente NICDOko Proiektu Estrategikoen zuzendariak eta Berta Arizkun Burlatako alkateak gaur goizean aurkeztu dute programa osoa Burlatako Kultur Etxean. Programa hau Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuak sustatu du, NICDO sozietate publikoa eta Navarra Music Commission musika-bulegoa ere tarteko izanik.
Aurkezpenean zehar, kontseilariak adierazi du edizio berri bat ospatzea dela “ekimen hau gure erkidegoko musika- eta kultura-agendaren zati bezala sendotzen ari denaren seinalerik argiena”. Esnaolak berretsi du musika “sektore kultural estrategikoa” dela eta Bira Nafarroan Barna programak “goraka ari den musika sustatu eta luzatu nahi duela bere estilo eta proposamen guztietan”.
Nabarmentzekoa da Bira Nafarroan Barna kontzertuen egutegia Foru Komunitateko udalerri guztietara irekitako deialdi baten bidez sortzen dela, non interesdunek eskaera bat bidaltzen duten data posibleekin eta katalogo batetik programatu nahi duten artista eta taldea aukeratzen duten. Katalogoa www.navarramusiclive.com webgunean izena emanda dauden talde eta artista nafarrek osatzen dute eta, aldi berean, Navarra Music Commission musika-bulegoak sustatutako deialdi ireki baten emaitza izan dira.
Programazio osoa
Bira Nafarroan Barna programa datorren maiatzaren 4an hasiko da Elizondoko Kultur Etxean Lilorekin. Honen jarraian datoz Los Flamingos maiatzaren 25ean Ribaforadan (Ribaforada Arenan), eta Kbless, maiatzaren 31n, Etxaurin (Jáuregi eta Primitivo Navascués aretoak).
Udazkeneko denboraldia irailaren 21ean hasiko da LaNairen kontzertuarekin Cadreitan. Denboraldia honako hauek osatzen dute: Bacanes (irailak 27 Tafallan), Jo & Swissknife (irailak 29 Azagran eta azaroak 3 Zangozan), Cliford (urriak 4 Lekunberrin), Correcaminos (urriak 5 Martzillan eta azaroak 22 Cintruénigon), Los Flamingos (urriak 6 Murchanten), Baizera (urriak 11 Zizur Nagusian eta urriak 27 Irurtzunen), Kbless (urriak 12 Faltzesen), Belcos (urriak 19 Los Arcosen), Yakone (urriak 25 Burlatan eta azaroak 9 Lizarran), Alfrombra Negra (urriak 26 Alesbesen eta azaroak 16 Deierrin), Ibil Bedi (azaroak 2 Agoitzen eta azaroak 15 Atarrabian), Baobabs Will Destroy Your Planet (azaroaren 8an Etxarri Aranatzen), Razkin (arazoak 23 Antsoainen), eta Lilo (azaroak 29 Uharten). Programazio osoa ikusgai dago hemen: www.culturanavarra.es eta www.navarramusic.es.
Sarrerak herri bakoitzak egokitutako kanalen bidez eros daitezke, eta guztiek 5 euroko prezioa izango dute. Irabaziak, udalek sarrerak egiteko sortutako gastuei aurre egiteko erabiliko da. Bestalde, Nafarroako Gobernuak, NICDO sozietate publikoaren eta bere musika-bulegoaren bidez, bere ardurapean hartzen ditu artisten katxeak hautatzeko eta ordaintzeko ardura -urtean zehar gehienez bi kontzertu eskaini ahal izango dituzte- eta kontzertuen ekoizpen-gastuak.