Santurtziko Karmengo jaiak 2024

Santurtzi 2024(e)ko uztailaren 12(e)tik 2024(e)ko uztailaren 21(e)ra
  • Santurtziko Karmengo jaiak 2024
  • Santurtziko Karmengo jaiak 2024

Uztailaren 12tik 21era bitartean ospatuko ditu Santurtzik, eta egun horietarako 130 ekitalditik gora programatu dira, denetiko ekintzak publiko ororentzat. Urtero legez, ostiralean, uztailak 12, Parke Nagusian egingo den omenaldiak emango die hasiera jaiei, eta hamar egunez luzatu ostean, hurrengo igandean, uztailak 21, amaituko dira, Mentxuk agur esaten digunean. Hamar egun horietan festak blaituko du herria: tailerrak, kalejirak, lehiaketak eta herritar orok disfrutatzeko moduko jardunaldi ugari izango ditugu, jai-egitarauan den-denok topa dezagun gogoko dugun ekitaldiren bat gure gozamenerako.

Esan bezala, hamar jai-egun hauetan Santurtzik 130 jai-ekitalditik gora eskainiko ditu publiko ororentzat. Eta horrez gain, hogei bat kontzertu eta antzerki-saio, bai Serantes Kultur Aretoan eta bai kalean. Besteak beste, honakoak ikusi ahal izango dira: areto barruan Agur, Otxoa Feroz! edo Las que limpian; kalean, berriz, Ez da kasualitatea bertso-saio musikatua eskainiko da Gernika parkean, eta Welcome & Sorry, Las Kermés del Vermu eta La Calle es nuestra ikuskizunak herriko beste gune batzuetan.

Aurten ere, jaiek hasiera bikaina izango dute. Oraingo honetan omenaldia musikarekin lotuta egongo da. Horrela, Santurtziko Musika Bandari eta Lagun Zaharrak abesbatzari egingo zaie omenaldia euren 75. eta 50. Urtemugagatik, hurrenez hurren. Egun horretan bertan, arratsaldean Itsasalde eta Juan XXIII kaleetako ostalaritza-lokaletan 1.000 kilo sardina baino gehiago erreko dira; eta urtero legez, doan eskainiko zaizkie santurtziarrei zein inguruko herrietatik etorritako lagunei kalean bertan jan ditzaten. Gainera, aurten DYAri omenaldi berezia egingo zaio udalerrian emandako 35 urteetan egindako lan handia eskertzeko.

Karmengo jaietako kontu erakargarri eta interesgarrienetako bat gauero eskaintzen diren doako kontzertuak dira. Arrantza portuan izaten dira, eta gune berezi bat izaten dute egokituta mugikortasun urria (gurpildun aulkia) duten herritarrek ere kontzertua ikusteko aukera izan dezaten modu egoki eta erosoan. Mugatutako gune horretara sartu nahi dutenek ADISA elkartearekin jarri behar dute harremanetan sarbidea lortzeko.

Aurten honako kontzertu hauek eskainiko dira:

  • Uztailaren 12an, ostiralarekin, “Nueva Era” orkestrak kontzertuen txandari emango dio hasiera.
  • Uztailaren 13an, larunbatarekin, Oihan Vega + Santurtziko taldeak 
  • Uztailaren 14an, igandearekin, Santurtziko udal Banda + Kalakan
  • Uztailaren 15ean, astelehenarekin, Coque Mallak “Aunque estemos muertos” ikuskizuna eskainiko digu.
  • Uztailaren 16an, asteartearekin, Karmen egunean (jaietako egun handia) India Martínez ek emango du kontzertua.
  • Uztailaren 17an, asteazkenarekin, Los Zigarros rock and rolleko bandaren “Acantilados” disko berriko kantak entzungo ditugu.
  • Uztailaren 18an, ostegunarekin, Chanelek, Eusovisionen iaz hirugarren postua lortu zuen kantariak, “Agua” diskoa aurkeztuko du, sorpresaz betetako show-a.
  • Uztailaren 19an, ostiralarekin, ETS (En Tol Sarmiento) taldearen kontzertua ikusiko dugu. Zalantza barik, gazte santurtziarrek aurtengo jaietan hautatuko duten kontzertuetako bat.
  • Uztailaren 20an, larunbatarekin, Vulcano orkestrak aurtengo jaietako azken kontzertua eskainiko du, jaiei amaiera bikaina emateko.

Herriko banden kontzertuak

Herriko banden emanaldia uztailaren 13an izango da, gaueko 10:00etan pantalanetan. Bandak “ACUMUSIC” Musika eta Kultura elkarteak hautatu ditu eta honako hauek dira: Los Cojones, Empire of Disease eta Mala Decisión.

Itsas prozesioa

Karmen Egunean jaietako ekitaldi nagusia ospatuko da, itsas-prozesioa. Gauza jakina denez, herriko jaien nortasun-ikurra da bera, ehun urtetik gora duen tradizio hunkigarria alegia. Oso ekitaldi jendetsua izaten da, izan ere, 30.000 lagunetik gora hartzen dute parte. Ibilbidea 18:00ak aldera hasiko da udaletxean. Portura helduta, Karmengo Amak itsasorainoko bidea egingo du ehun bat ontzik lagunduta, hil diren herriko arrantzaleei lore-eskaintza egiteko. Gainera, egun horretan su artifizialak egongo dira, Burdinazko Nasan botako dira 22:30ean.

Udalerriko kuadrillen parte hartzea

Itziar Carrocera Kultura Eta Euskara Arloko zinegotziak aipamen berezia egin die kuadrillei. Aurten helduen 69 kuadrillek eman dute izena eta umeen 21ek. Carrocerak esan bezala, “jaietako erreferente itzela da kuadrillena, giro ona eta alaia sortzen dute; eta gainera, inplikazio handia izaten dute jai-egitarauan. Egunero egiten diren probetan hartzen dute parte eta Gorka sarien banaketan ere protagonismo berezia izaten dute. Huraxe da, Gorka sarien banaketa, Mentxu agurtu aurretik egingo den azken ekitaldia, hilaren 21ean, igandearekin. Gainera, ekitaldi horretan bertan EKER kuadrillari omenaldia egingo zaio.”

Jai hauek bultzada ekonomiko handia ekartzen dute herrira, hamar egunez 300.000-400-000 bat lagun batzen baititu, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina du kaleko ekonomian.


Laburrean

  • Mota Jaiak
  • Data 2024(e)ko uztailaren 12(e)tik 2024(e)ko uztailaren 21(e)ra
  • LekuaSanturtzi

Non