2024ko Aste Nagusiaren barruan.
Bilboko Konpartsen Federazioak 2024ko Aste Nagusirako prestatu duen egitaraua aurkeztu du. Konpartsek iragarri dutenez, guztira 600 ekintzatik gora izango dira, federazioak eta konpartsa guztiek antolatuko dituztenak batuta.
Itsasadarrera egingo dute salto aurten Bilboko Konpartsek, egunez egindako jarduerak eta, batez ere, kirol lehiaketa ugari izango dituen Aste Nagusiko programazioan. Saskibaloia 3×3, Xakea, waterpoloa, skatea, piraguak… Iaz bezala, aurten berriro ere, inguruko kulturgile eta kirol eragileekin harremanetan sakonduta, elkarlanaren bidetik programaziora ekarpen irudimentsuak eta askotarikoak gehitzen ahalegindu dira konpartsak.
Ekintza guzti-guztiak liburuxka potolo batean aurkitu ahal izango ditugu, federazioak 15.000 ale inprimatu ditu, egunez zein gauez ekitaldiz beterik egongo den eta 12 egun barru hasiko den Bilboko aste zoragarrienerako. Haurrentzako programazioak ere asko izango dira, hainbeste ezen aparteko beste liburuxka batean bildu dituzte. Dena dela, ekintza guztiak eta bestelako jakingarri garrantzitsuak app.bilbokokonpartsak.eus web APPan aurkituko ditugu, programazio osoa sakelakoan eraman ahal izateko.