Urriaren 31tik azaroaren 3ra Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 55. edizioa hartuko du Leidor Aretoak. Guztira, 17 abesbatza lehiatuko dira aurten: helduen hamaika abesbatza eta haurren sei talde.
Ohiko moduan, nazioarteko herrialde ezberdinetako taldeak jasoko ditu lehiaketak, hala nola, Belgikatik, Danimarkatik, Frantziatik, Letoniatik, Lituaniatik Filipinetatik, Indonesiatik, Thailandiatik, Hego Koreatik edota Txinatik. Lehiaketa eta lehiakideak, beraz, anitzak izango dira, eskarmentu handikoak zein hasi berriak, denetariko ahotsak entzuteko aukera eskainiko dutenak, alegia.
Guztira sei emanaldi izango dira, denak Leidor Aretoan, eta horietako bakoitzerako sarrerak salgai daude jada, Leidorreko lehiatilan edota https://tickets.kutxabank.es/ webgunean.
Euskal Herriko kultura nazioartera zabaltzen
Aurtengo edizioak Euskal Herriko kultura nazioartera zabaltzeko bidea ere eskainiko du, abesbatzek euskal konpositoreen lanak interpretatuko baitituzte lehiaketan. Polifoniako ahots nahasien kategorian, Valentin Zubiaurreren O quam suavis aukeratu dute, eta ahots berdinetan, Xabier Sarasolaren O sacrum convivium. Folkloren sailean, David Azurzaren Dantzantik eta Eva Ugalderen Hitzak entzungo dira. Haur abesbatzek Javier Bustoren Hegan abestia interpretatu beharko dute.
Abesbatzen Europako Sari Nagusirako ordezkaritza
Nazioarteko artistez osatutako epaimahaiak aukeratuko du Tolosako Abesbatza Lehiaketaren irabazlea, eta talde irabazlea Abesbatzen Europako Sari Nagusiko Tolosako ordezkaria izango da. Sari Nagusi hau, lehiaketa desberdinetako irabazleen arteko norgehiagoka da, eta 2025ean Tolosan egingo da.