Galdakaoko 2024-2025eko Gabonetako egitaraua

Galdakao 2024(e)ko abenduaren 15(e)tik 2025(e)ko urtarrilaren 4(e)ra
  • Galdakaoko 2024-2025eko Gabonetako egitaraua

Gabonak urteko sasoirik politenetakoa dira askorentzat eta Udalak Gabon giroaz gozatzeko programa prestatu du. Herritar guztiei zuzendua dago ekitaldi sorta, eta bereziki, haurren artean ilusioa piztuta mantentzeari begira. Gaztetxoentzat ere programazio berezia egongo da.

Horrela, bertoko merkataritza sustatzeko helburuz antolatutako erakusleiho-lehiaketaz eta gure auzoetako kaleak apainduko dituzten argiak pizteaz gain, Kultura arloak hainbat jarduera antolatu ditu. Igande honetan, abenduaren 15ean, Da Capo musika bandaren kontzertuak emango dio hasiera programazioari. Torrezabalen izango da kontzertuan igande eguerdian, 13:00etan (sarrerak 5 euroren truke). Musika bandak ‘Dinamita Da Capo!’ bere lehen diska aurkeztuko du bertan eta nahi duenarentzat eskuragarri egongo da 8 euroan. 

Torrezabalen ere, abenduaren 18tik urtarrilaren 7ra, "Txominen herria" erakusketa egongo da, aurten hil den Txomin Bustinza galdakoztar artisauaren omenez. Maketak astelehenetik ostiralera izango dira ikusgai, 17:30etik 20:30era, doan. Gainera, txikienentzat ere sorpresak izango dira bertan.

Abenduaren 20ko eta 21eko jarduerak gaztetxoei zuzenduta daude. Lehenengo egunean, Plazakoetxeko Topaguneak irteera bat egingo du Basauriko Funyparkera 17:00etan. Bestalde, Santo Tomas Txiki ospatuko da ere Santi Brouard plazan, 19:00etatik aurrera. Bigarrenean, Indarra, Aperribai eta Usansoloko Topaguneek irteera egingo dute Derioko Jumpyardera, 17:00etan.

Abenduaren 22an, igandea, Gabonetako egitarauko ekimen erakargarrienetako bat izango da: bertso salda. Torrezabalen izango da 19:30ean eta sarrerak 6 euroan eskuratu ahalko dira. Arkaitz Estiballes gai-jartzaile arituko da eta Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Sustrai Colina eta Amets Arzallus, bertsotan.

Hurrengo bi egunetan, 23an eta 24an, Olentzerok eta Mari Domingik hartuko dute protagonismoa. Astelehenean, hilak 23, antzerki bat izango da bikoteari ongietorria emateko, 17:00etan Torrezabalen; eta 24an, ordu berean, Olentzerori ongietorria egiteko kalejira izango da, txistulariek, Andra Mari Dantza Taldeak eta Divenire Dantza Eskolako ikasleek alaitua.

Bestalde, Elexalde Kiroldegiko Gabonetako Haur Parkea abenduaren 26 eta 27an irekiko da, 11:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era. Egun horietan ere, Esas Emakume Sortzaile eta Artisten Sarearen kontzertua eta Albert Plaren emanaldia izango dira Torrezabalen, 12 euroko sarrerekin ikuskizun bakoitzerako. Lehena 26an izango da, 19:00etan, eta bigarrena 27an, 20:00etan.

Torrezabalek, halaber, egitarauko jarduera hauek hartuko ditu hurrengo egunetan: batetik, ‘Maluta’ zirku-gala izango da, abenduaren 30ean 20:00etan (sarrerak 4 eta 8 euro bitartean); eta, bestetik, Kiki, Koko eta Mokoren "Armonia, non zaude?" aurrentzako ikuskizuna, urtarrilaren 2an (sarrerak 3 eurotan), arratsaldeko 18:30ean.

Bestalde, Indarra, Aperribai eta Plazakoetxeko topaguneek Gabon zaharra 2.0 ospatuko dute urtarrilaren 4an, 12:00etatik 15:00etara. Jarduera hau Topaguneetako gazteentzat bakarrik izango da, eta abenduaren 13a baino lehen eman beharko dute izena (baimen orria aurkeztu beharko dute).

Azkenik, urtero bezala, Erregeen Kabalgatak Gabonetako jarduerak itxiko ditu. Hau Bengoetxetik Kurtzeko plazaraino izango da, non hiru Errege Magoei harrera egingo zaien Gandasegiko arkupeetan.

galdakao.eus

Laburrean

Non