"Zientzia-emakumeak argira"

Donostia / San Sebastián 2025(e)ko otsailaren 6(e)tik 2025(e)ko uztailaren 31(e)ra
  • "Zientzia-emakumeak argira"

Mikroerakusketa txiki honen bitartez, aurkikuntza iraultzaileak egin zituzten hamabi emakume zientzialarien bizitzak erakusten dira, emakume zientzialarien lana balioan jarri eta bistaraziko du, erreferenteak sortuz. 

Gainera, gazteei emakume zientzialarien eredua hurbiltzen lagunduko du, ezarritako hainbat estereotipo faltsu gainditzeko asmoz.

Erakusketa

Hainbat panelen bidez, ikusgarritasuna ematen zaie emakume hauei:

  • Amena Karimyan (Herat. Afganistan, 1996). Astronomoa, aktibista eta idazlea.
    Kayhana elkarte astronomikoaren sortzaileetako bat da, zeinak helburu baitu Afganistango emakume eta neskei astronomia irakastea. 2021ean, talibanen erregimenetik ihes egin zuen, eta, gaur egun, Alemanian bizi da errefuxiatuta.
  • Dorotea Barnés González (Iruñea. Nafarroa, 1904-2003). Kimikaria.
    Iberiar penintsulan, aitzindaria izan zen substantzien egitura kimikoa identifikatzeko balio duten teknika espektroskopiko aurreratuak erabiltzen. Gerra Zibilean Frantziara erbesteratu zen. Itzuli zenean, irakaskuntzarako ezgaitu zuten erregimen frankistak, eta, senar despota tarteko, ez zuen ikertzen jarraitzerik izan.
  • Halet Çanbel (Berlin. Alemania, 1916-2014). Arkeologoa eta eskrimalaria
    Haleten familia turkiarra zen, eta hura haurra zela itzuli ziren Turkiara. Indusketa-lanak egin zituen, eta ezinbestekoak izan ziren herrialde horretako kultura-ondarea kontserbatzeko. 1936an, Olinpiar Jokoetan lehiatu zen lehen emakume turkiarra ez ezik lehen emakume musulmandarra ere izan zen.
  • Harriet Martineau (Norwich. Erresuma Batua, 1802-1876). Ekonomialaria eta soziologoa
    Lehen emakume soziologoa eta, aditu askoren iritziz, diziplina horren ama. Bizi zuen garairako ideia probokatzaile eta ausartak erakutsi zituen ekonomiari eta soziologiari buruzko azterlanetan. Haurtzaroan hasi zen entzumena eta dastamena modu progresiboan galtzen..
  • Jeane Baret (La Comelle. Frantzia, 1740-1807). Botanikaria.
    Emakumeak itsasontzietan sartzea debekatua zegoenean, gizon mozorrotu eta munduari bira egin zion lehen emakumea izan zen 1767an. Ordura arteko inoizko landare- eta intsektu-espezie bilduma naturalistarik handiena osatzeko lanetan parte hartu zuen; besteak beste, geroago lorategi eta etxeetara zabaldu zen bugainbilea aurkitu zuten.
  • Lurdes Ansa (Andoain. Gipuzkoa, 1961). Zientzia-materialen edizio-arduraduna.
    Euskarazko lehen hiztegi entziklopediko osoaren erredaktoreetako bat izan zen, 1990eko hamarkadaren hasieran. Ordutik, zientzia euskaraz irakastea eta dibulgatzea ahalbidetu duten ehunka argitalpenen arduraduna izan da Elhuyarren. Azken urteotan, zientzia-hezkuntza sustatzen duten proiektuetan ibili da buru-belarri.
  • Margaret Crane (Indiana. AEB, 1941). Publizista eta asmatzailea.
    Aurrekari zientifikorik izan gabe asmatu zuen emakumeek etxean egin zezaketen haurdunaldi-testaren lehen eredua. Garaiko enpresariek ez zioten erabilgarritasunik ikusi, eta asmatzaileak dolar baten truke egin behar izan zien uko bere egile-eskubideei.
  • Mª Jesus Esteban Galarza (Alonsotegi. Bizkaia, 1955). Matematikaria.
    Matematika euskaraz landu zuen lehenengo zientzialarietako bat da. Ibilbide profesionala Frantzian egin du, eta, gaur egun, ikertzailea da herrialde horretako ikerkuntza-erakunde nagusian, CNRSn. Nazioarteko izendapen eta sari ugari jaso ditu.
  • Nawal El Saadawi (Kairo. Egipto, 1931-2021). Medikua, idazlea eta aktibista.
    Emakume arabiarren eskubideen alde zabaldutako ideiek eta idatziek erradikal islamiarren heriotza-mehatxuak, espetxeratzea eta erbesteratzea ekarri zizkioten, besteak beste. Gaur egun ere haren lanak debekatuta daude Egipton.
  • Patricia Rodríguez Brennan (Bogotá. Kolonbia. 1971). Biologo ebolutiboa.
    Animalia ornodunen, bereziki emeen, genitalen morfologiaren koeboluzioa aztertzen du. Historikoki tabua izan den gaia ikertzen duenez, ikerketak AEBko komunikabideen arreta handia jaso izan du, aldeko zein kontrako jarrera nabarmenak.
  • Suzuko Ainhoa Tamura (Aichi. Japonia, 1934-2015). Hizkuntzalaria.
    Waseda Unibertsitateko irakaslea. Hizkuntzen gramatika eta bereziki hitz-ordena ikertu zituen, tartean zenbait hizkuntza gutxituena. Japoniako lehen euskara-irakaslea izan zen, eta euskal ikasketetarako oinarri sendoa jarri zuen herrialde hartan. 2000. urtean ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
  • Uxue Lazcano Dobao (Bergara. Gipuzkoa, 1995). Biologo konputazionala.
    EHUn biokimika eta biologia molekularrean graduatua eta bioinformatikan espezializatua. Teknika konputazionalak erabiliz, prostatako minbiziaren prozesu metastasikoen ezaugarri molekularrak ikertzen dihardu.
barakaldo.eus

Laburrean

Non