Rockein 2025 (izen-ematea)

Basauri 2025(e)ko maiatzaren 6(e)tik 2025(e)ko ekainaren 26(e)ra
  • Rockein 2025 (izen-ematea)

Basauriko Udalak Rockein musika lehiaketa antolatu du hamahirugarren urtez jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzenduta.

Izena emateko epea gaur hasi eta ekainaren 26ra arte egongo da zabalik. Jasotako proposamen guztien artean, sektoreko profesionalek osatutako epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, eta Basauriko Social Antzokian arituko dira azaroaren 1ean, larunbatez. Gau horretan bertan erabakiko eta jakinaraziko du epaimahaiak zeintzuk izango diren 2025eko edizioko artista irabazleak.

Hamahirugarren edizio honek berrikuntza bat dakar. Bizkaiko Foru Aldundia, Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bitartez, lehiaketaren erakunde laguntzaile izatera bueltatu da. Ondorioz, Bizkaia Saria sortu da, Bizkaiko artistarik onenak Bilboko El Tigre estudioetan EP profesional bat grabatzea eta 2026ko MAZ Basauri festibalean aritzea ekarriko duena. Gainerako sariak ez dira aldatzen 2024ko edizioarekiko.

Iazko irabazleak, Ben Santanak, 'Prólogo' izeneko EPa eta 'Ay, mi nena' abestiaren bideoklipa aurkeztu ditu gaurko prentsaurrekoan, jasotako sariaren ondorioz ekoiztutakoak biak.

Rockeinek 2013an ekin zion bere ibilbideari, talentu musikal berria detektatzeko eta sustatzeko Basaurin antolatutako aurreko beste lehiaketa batzuen lekukoa hartuz. Aurreko egitasmoetako sariei hilabete batzuetako laguntza profesionala gehitu zien, artistei amateurismotik sektore profesionalerako jauzia esploratzea errazteko. Urteen poderioz, Rockeinen sariak hobetzen joan dira, eta lehiaketak MAZ Basauri musika-zikloarekin duen lotura finkatu da, biak ere Basauriko Udalak sustatuak.

"Rockeinek bederatzi urte jarraian daramatza parte hartze-errekorra hausten, izena emandako proiektuen berritze-tasa %30 ingurukoa izanik. 2024an 195 artistak eman zuten izena. Lehiaketatik Sara Zozaya, Silitia, Lova Lois edo gaur gurekin dagoen Ben Santana bezalako irabazleak atera dira, eta euren karrerei proiekzio profesional handiagoa ematea lortu dute, sektore gogor eta zail batean.

Rockeinen 13 urteko ibilbidearen datuek eta parte-hartzaileen kalitateak lehiaketa erreferentziala bihurtu dute Euskal Herriko artista berrien artean.

Iaz proiektua indartu genuen, tokiko kategoriaren estaldura Hego Uribe osora zabalduz eta sari hori hobetuz. Era berean, musikaren sektorean emakumeen parte-hartzea sustatzearen aldeko apustua egin da, Marienearekin elkarlanean egindako ekitaldi baten bidez.

2025ean beste urrats bat emango dugu musika-talentu berria sustatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetzari esker Bizkaia Saria gehituta”
, adierazi du prentsaurrekoan Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Bestalde, Leixuri Arrizabalagak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, honakoa nabarmendu du: "Rockeinek artista bizkaitarrak barneratzen dituzten musika-proiektuen ordezkaritza zabala du, azken urteotan parte-hartzaile guztien %60 eta %70a artean egon dena. 2024an euskarazko artistaren onenari saria irabazteko 55 hautagai izan ziren. Lehiaketak, era berean, emakumeak musika- sorkuntzara eta zuzeneko musikaren sektorera erakartzeko politikak aplikatzen ditu.

Horri lehiaketaren komunikazio-inpaktua gehitu behar zaio, urtean ehun bat agerraldi inguru lortzen baititu komunikabideetan; eta bere hurbiltasuna, doako sarbidea duen final batekin eta irabazleentzako aholkularitzarekin, mundu profesionalarekin izango duten lehen hartu-emanean laguntzeko.

Horregatik guztiagatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailetik beharrezkoa iruditu zaigu Rockein laguntzea, Bizkaia Saria lehiaketara gehituz".

PARTE HARTZEKO BALDINTZAK
-Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) edo Nafarroan jaiotako edo bertan bizi den taldekide bat izatea, gutxienez.
-Hego Uribeko artistarik onenaren saria eskuratu ahal izateko: Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugao-Miraballesen, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako taldekide bat izatea, gutxienez.
-Bizkaia saria eskuratu ahal izateko: Bizkaian erroldatutako taldekide bat izatea, gutxienez.
-Eskarabilera saria eskuratu ahal izateko: taldeko kideen %50a gutxienez emakumeak izatea.
-Taldekideak 16 urtetik gorakoak izatea.
-Izena emateko unean ez izatea disko bat baino gehiago argitaratuta, kontratu diskografiko bati lotuta dagoen edo ez kontuan hartu gabe.
-Abestiak originalak izatea.
 
-Musika-estilo guztiak onartzen dira
-Aurretik Rockeinen izena emandako talde guztiek edizio berri honetan parte hartzeko aukera dute, baldin eta aurrez aipatutako baldintzak betetzen badituzte. Dagoeneko irabazle izan diren taldeek ez dute sarituak izan ziren kategoria berean errepikatzeko aukerarik izango.

JOKOAN DAUDEN SARIAK:
 
Kategoria nagusiko artistarik onena
-EP profesional bat grabatzea Bilboko El Tigre estudioetan
-Bideoklip profesional bat grabatzea
-Kontzertua MAZ Basauri festibalean

Hego Uribeko artistarik onena
-Bideoklip profesional bat grabatzea
-Kontzertua MAZ Basauri festibalean
 
Bizkaia saria
-EP profesional bat grabatzea Bilboko El Tigre estudioetan
-Kontzertua MAZ Basauri festibalean
 
Euskarazko artistarik onena
-Kontzertua MAZ Basauri festibalean
 
Eskarabilera saria
-Kontzertua MAZ Basauri festibalean

basauri.net

Laburrean

  • Mota Lehiaketa
  • Data 2025(e)ko maiatzaren 6(e)tik 2025(e)ko ekainaren 26(e)ra
  • LekuaBasauri
  • Ikusi agenda Basauri

Non