Beasaingo Udalak 2025eko bigarren seihilekorako Igartza Musika Zikloaren egitaraua aurkeztu du, udalerriaren kultura eskaintza aberasten duen hitzordu finkatua. Bigarren seihilekoan zikloaren barnean, ohikoa den Igartza Musika Bekaren edizio berri bat burutuko da, hamargarrena iada, non Musikene zentroko gazte talentudunek euren onena emango dute. Etorkizuneko musikariak izango dira, gure artean.
Eta, ohiturari eutsiz, abesbatzek ere euren tokia izango dute. Bertan izango da Loinatz Abesbatza, eta baita nazioarteko beste talde bat ere, Tolosako abesbatzen lehiaketari esker urtero izaten duguna eta faborito nagusien artean izango dena Tolosan txapela jazteko.
2025eko bigarren seihilekoko egitarauan nabarmen diren musika estilo nagusiak hauek dira: jazz-a, musika korala, akustikoa, folk-pop-a eta musika eta dantza garaikidea. Estilo aniztasun honek zikloa publiko zabal eta gustu askotarikoarentzat erakargarri bihurtzen du, Euskal Herriko talentudun musikagile gazteak iragarriz.
Egitaraua:
- Uztailak 3, 20:00etan – Eneko Dieguez Quartet (Erauskin Plazan)
Jazz garaikidearen eta inprobisazioaren arteko elkarrizketa eskaintzen duen laukote gaztea. Euskal jazz eszenako musikari nabarmenak biltzen ditu, eta bere azken lanak egile estiloan sakontzen du.
- Abuztuak 3, 20:00etan – Aldapeko Latin Jazz (Erauskin Plazan)
Jazz-a eta erritmo latinoak batzen dituen banda bizia. ‘Iri barrenetik ' Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen estreinako diskoa da, Imanol Iribarren pianista eta tronboi-jotzaile gipuzkoarrak (Andoain, 1991) osatu eta gidatutako taldea.
- Irailak 26, 20:30ean – Bilaka Dantza Kolektiboa (Usurbe antzokian)
“Bezperan” emanaldia. Euskal dantza garaikideko erreferenteetako bat, proposamen berritzaile eta indartsu batekin.
- Urriak 5, 19:00etan – Olaia Inziarte akustikoan (Igartzako jauregian)
Nafarroako kantautore gaztea, ahots goxo eta estilo intimoarekin. Bere proposamena pop-folk doinuetatik hurbil dago, euskarazko lirikaz jantzia.
- Urriak 21, 20:00etan – Kamer Youth Choir (Loinazko San Martin Basilikan)
Tolosako Abesbatzen Zirkuituaren barruan, nazioartean saritutako gazte abesbatza honek erlijio eta polifonia klasiko garaikidea uztartzen du.
- Azaroak 29 – Igartza Musika Beka Saria (Igartzako Jauregian, egun osoan zehar)
Musika sorkuntza bultzatzeko beka ematea da jardunaldi honen xedea. Musikeneko ikasleek parte hartzen dute.
- Abenduaren 14, 19:00etan – Loinatz Abesbatza, Narama, Harizko Orkestra eta Aurtzaka Dantza Taldea (Andre Mari Zeruratuaren Parrokian)
Emanaldi berezia eta multidiziplinarra: abesbatza, orkestra eta dantza garaikidea elkarlanean. Gabonetako espirituari eta euskal kulturari gorazarre eginez Parrokiako horma-irudi errenazentistak zaharberritzeko lanak amaitu direla ospatzeko.