Gipuzkoan Gazte Tour, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak 2018tik garatzen duen egitasmoa, eta Beasainen izango du lehen aldiz geldialdia.
Helburua 16 eta 25 urte bitarteko gazteei kultur aukera erakargarriak eskaintzea da, euren gustu eta interesekin bat eginez. Horretarako, Gipuzkoan Gazte Tour Beasain egitarauak bi jardunaldi prestatu ditu: masterclass bat eta kontzertu sorta bat.
Dantza Masterclass-a Sara Elirorekin:
Sara Eliro dantzari ezagunak gidatuko du saioa. Dantza garaikidean, jazzean, hip hop-ean eta jazz-funkean trebatua, nazioarteko eskoletan formakuntza jaso du (Praga, Polonia eta Ukraina). Telebista, zinema eta ekitaldi handietan aritu da (2020ko Goya sariak, 2019ko Los 40 Music Awards, Vogue-ren 30. urteurrena), eta Ana Mena, Nia edo Carlos Baute bezalako artistekin kolaboratu du. Gaur egun Aitanaren taldekidea da.
Urbieta arte plastikoen zentroan eskainiko du masterclass-a urriaren 3an 18:30etik aurrera eta izen-ematea online esteka bidez egin behar da.
Kontzertuak Ezkierdi pilotalekuan:
Kontzertuetan tokiko eta nazio mailan indarra hartzen ari diren zenbait proiektu gazte ezagutzeko aukera izango da. Urriaren 4an, 19:00etatik 23:00 bitartean Ezkierdi pilotalekuan eskainiko dute beraien onena eta sarrera dohainik izango da. Bost talde izango dira bertan.
- KIIMAK: 2020an sortutako boskote antzuolarra. Hasieran akustikoagoa zen beren soinu-lana, baina 2024an estilo aldaketa egin zuten pop doinuetara hurbilduta. 2025eko maiatzean argitaratu zuten Denboraren lehia lehen diskoa, taldearen ibilbidean mugarri garrantzitsua izan dena. Energiaz eta freskotasunez beteriko proposamena eskaintzen dute zuzenean.
- SOTOALDE: Bergarako laukote gazte eta berritsua. 2023an argitaratutako Sin cobertura lehen singleak ikusgarritasuna eman zien eta ordutik etengabe hazten ari dira. Danbaka lehiaketan eta Gaztea Maketa Lehiaketan nabarmendu dira, eta 2025ean Ekinez jaialdira iritsi dira. Euren zuzenekoetan freskotasuna, indarra eta etorkizun oparoa erakusten dute.
- MARTE LASARTE: Skakeitan taldeko kide ohien eskutik jaio zen 2023an. Borja Anton eta Pello Armendarizekin batera, Lore Nekane Billelabeitia (Belako) eta Alex Alonso (Skakeitan, ETS, Tierra Santa, Gari…) batu zitzaizkien laukotea osatuz. 2024an kaleratu zuten Ez Da Besterik lehen diskoa, kritika eta publikoaren harrera bikainarekin. Energiaz eta indarrez beteriko zuzenekoak eskaintzen dituzte.
- TATTA ETA DENSO: Arrasateko Tatta rap abeslari gaztea eta Denso ekoizlea euskal eszenan indarrez sartu dira azken urteetan. Tattak estilo urbano ezberdinak menperatzeko gaitasuna erakutsi du, eta kolaborazio ugari egin ditu euskal eszenako beste artista batzuekin. 2024an argitaratutako Martin lanean, bere ibilbidean urrats sendoa eman du, publiko gaztearen artean arrakasta handia lortuz.
- DJ UNDERCARROT: Iraia ordiziarraren izen artistikoa da. Saioetan estilo urbanoak eta beste genero askotariko nahasketak egiten ditu, publikoarekin konexio berezia sortuz. Bere helburua argia da: jendea dantzan jartzea eta giro paregabea sortzea, esperientzia bakoitza bakarra izan dadin.