"Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia" (Guggenheim)

Bilbao 2025(e)ko urriaren 17(e)tik 2026(e)ko otsailaren 22(e)ra
  • "Maria Helena Vieira da Silva. Espazioaren anatomia" (Guggenheim)
    "Balleteko figura (Figure de ballet)"

Maria Helena Vieira da Silva (Lisboa, 1908–Paris, 1992) artistaren lanak askotariko estiloak eta eraginak biltzen ditu, azuleju hispaniar-arabiarren berezko dekorazio-geometriatik hasi eta Pierre Bonnarden pinturetan agertzen diren dama-tauladun mahai-zapietaraino. Hori dela-eta, Vieira da Silvaren obrari buruzko azterketek artistak mugimendu eta estilo ugarirekiko zuen zorra nabarmendu izan dute, haren lengoaia artistiko bereziaren garapena azpimarratu beharrean. Artistak sortzen zituen espazio arkitektonikoek abstrakzioaren eta figurazioaren arteko harremana islatzen dute, benetako eta irudimenezko hiri-paisaien arteko muga lausotu egiten baita horietan. Gai hori ez du asko jorratu kritikak, eta erakusketa horixe nabarmentzen ahaleginduko da, hain zuzen ere.

Erakusketak arretaz begiratuko dio Vieira da Silvak 1930eko eta 1980ko hamarkaden artean egindako lanari, eta lan horrek hiri-paisaia arkitektonikoekin duen erlazioa zein memoriak eta jolasak artistaren obran betetzen duten papera aztertuko ditu, beraz, Portugalgo kultura bisualari eta abangoardien mugimenduei (kubismoa eta futurismoa) buruzko erreferentzia formaletatik haratago joango da. Ebaluazio hori egiteko, ezinbestekoa da informalismoak berezkoa duen keinuaren estetikatik independentetzat jotzea Vieira da Silvaren obra —askotan harekin lotu izan baita—, baita artistak Parisen izandako esperientzia aintzat hartzea ere, argiaren hiria Bigarren Mundu Gerraren osteko nazioz gaindiko erakarpen-gune gisa ulertuta. Erakusketan, halaber, artistak Rio de Janeiron egindako egonaldian sortu zituen sareak aztertuko dira (gerra piztu ondoren bertara egin zuen ihes Árpád Szenès senarrarekin batera). Erakusketa sortzailearen lanean forma abstraktuak eta ilusio optikoak etengabeko garapen-prozesuan zirela erakusten duten funtsezko margolan-sorta batean oinarrituko da.

 

Aretoa: 105
Komisarioa: Flavia Frigeri
Egoitzak: Peggy Guggenheim Collection, Venezia; Guggenheim Bilbao Museoa


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2025(e)ko urriaren 17(e)tik 2026(e)ko otsailaren 22(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • LekuaGuggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
    Web
  • Ikusi agenda Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao

Non