Urriaren 30etik azaroaren 2ra Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren 56. edizioa hartuko du Leidor Aretoak. Aurtengo edizioan osagai berezi bat izango du, Europako Sari Nagusia ere Tolosan ospatuko baita, lehiaketaren aurreko asteburuan.
Astebeteko epean, bi sariketen bueltan ia 700 pertsona hartuko ditu Tolosak, parte hartzaile, epaimahaikide eta boluntarioen artean. Munduko txoko ezberdinetako 19 abesbatzak parte hartuko dute.
35. Europako Sari Nagusia: urriak 26
Tolosako txapeldunaz gain, Europako beste bost txapelketa esanguratsuenetako —Arezzo (Italia), Maribor (Eslovenia), Jurmala (Letonia), Debrecen (Hungaria) eta Varna (Bulgaria)— irabazleak batuko ditu hitzordu honek, urriaren 26an, Leidor Aretoan (17:00).
Bost abesbatza arituko dira ‘lehiaketen lehiaketa’ honetan: ‘Sôla’ of the Latvian Academy of Culture (Letonia), Imusicapella (Filipinak), Youth Choir Kamêr (Letonia), Los Cantantes de Manila (Filipinak) eta The Resonanz Children’s Choir (Indonesia). Txapeldunak, 3.000 euroko saria irabazteaz gain, Hong Kongeko Nazioarteko Abesbatza Jaialdi ospetsuan parte hartzeko gonbidapena eskuratuko du.
Bezperan, urriaren 25ean, Leidor Aretoak beste hitzordu berezi bat hartuko du 18:30ean. ‘Cantania-50 milioi segundo’ haur-kantata eskainiko da, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatuta, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartearen eskutik. 100 haur baino gehiagok parte hartuko dute, Azpeitiako, Arrasateko, Donostiako, Legazpiko, Ordiziako, Zegamako eta Usurbilgo haurren abesbatzetakoak. Bederatzi musikarik eta bi aktorek ere parte hartuko dute.
14 abesbatza Tolosako lehiaketan
56. Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketa urriaren 30ean abiatuko da. Lau egunetan, sei hitzordu izango dira, lehiaketaren barruan. Guztiak, azaroaren 1eko goizeko emanaldia izan ezik, Leidor Aretoan izango dira.
10 herrialdetako bederatzi ganbera abesbatza —17 eta 40 kide artekoak, polifonia eta folklore modalitateetan abesten dutenak— eta bost ahots-talde —4 eta 16 kide artekoak, musika erlijioso eta profanoa jorratzen dutenak— izango dira Tolosan. Indonesia, Austria, Venezuela, Estonia, Alemania, Ukraina, Estatu Batuak, Suedia edo Japoniako taldeak ikusteko aukera izango da, besteak beste.
Finalaren ondoren, azaroaren 2an, abesbatza guztien arteko bazkaria izango da Zerkausian, eta lehiaketaren bueltako ekitaldiei amaiera emateko, Skovoroda (Ukraina – Polonia) abesbatzak kontzertua eskainiko du San Frantzisko elizan, 19:00etan.
Emanaldi guztietarako sarrerak jada salgai daude. Informazio gehiagorako, berriz, lehiaketako gida hemen kontsultatu daiteke.