"Txakolin, izen propioa duen euskal ardoa"

Bakio 2025(e)ko azaroaren 5(e)tik 2026(e)ko abuztuaren 2(e)ra
  • "Txakolin, izen propioa duen euskal ardoa"

Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Txakolin Museoak jendearentzat irekiko du "Txakolin, izen propioa duen euskal ardoa" erakusketa. Txakolinaren historiari eta hura lantzen duten eskuei egindako gorazarrea da; izan ere, txakolina historia duen ardoa da, izaeraduna, eta gure lurrean sustrai sakonak dituena.  Erakusketaren eta honen katalogoaren aurkezpenean izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua, Aixa Gaztelu Txakolin Museoko zuzendaria eta Juanjo Hidalgo historialari, arkeologo eta erakusketaren komisarioa.

Txakolin Museoak antolatzen duen lehenengo erakusketa da, eta mugarria da, EAEko mahastizaintza- eta ardogintza-ondarearen eta hark kulturan duen garrantziaren ikerketan, hedapenean eta balioa emateko lanean.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak nabarmendu duenez, «"Txakolin, izen propioa duen euskal ardoa" erakusketa gure kultura-ondarea aitortzeko urrats bat da. Aldundian benetan uste dugu gure herentzia babestu, zaindu eta haren berri zabaltzea funtsezkoa dela gure nortasunari eusteko. Txakolina ez da edari bat bakarrik; hainbat mendetako tradizioa biltzen duen gure historiaren adierazpen bizia da». Gainera, Arrizabalagak azpimarratu duenez, «Proiektu honen bidez, Txakolinaren Museoa erreferente gisa sendotu da txakolinaren historia eta kultura ezagutzeko eta ikertzeko».

Ibilbide bat mendeetako historian, kulturan eta etimologian

Erakusketak txakolinaren historian zehar bidaia bat egitera gonbidatzen ditu bisitariak, Neolitoko ardogintzako lehen prozesuetatik hasi eta EAEn jatorri-deiturako ardo gisa finkatu arte. Material arkeologikoen, dokumentu historikoen, objektu etnografikoen eta ikus-entzunezko baliabideen bidez, erakusketak erakusten du ardo hori nola egon den euskal gizartearen bilakaeran, ekonomian, paisaietan eta ohituretan.

Bisitariek ikusi ahalko duten edukirik aipagarrienetako bat da ibilbide oso bat, ardoaren Bizkaiko eta EAEko historian eta kulturan zehar. Erakusketak, hasteko, mahatsondoaren eta ardoaren jatorria azaltzen du, basoko Vitis vinifera etxekotzetik hasi eta Mediterraneoan eta Iberiar Penintsulan garatutako lehenengo mahastizaintza- eta ardogintza-jardueretaraino. Jarraian, mahastiak gure lurraldean nola sartu eta hedatu ziren azaltzen du, tokiko komunitateek ardoa kanpoko ardoen aurrean nola babesten zuten islatzen duten Erdi Aroko testuen bidez dokumentatuta.

Horren ondoren, mahastiaren paisaia eta horrek euskal kulturan utzi duen arrastoa erakusten ditu, zeina toponimian, landa-arkitekturan eta jai-tradizioetan ikus baitaiteke. Tresna eta prentsa historikoak ere ikus daitezke; XVI. mendetik XX.era artean baserri eta upeltegietan egindako lanaren benetako lekukoak.

Beste atal bat "txakolin" edo "chacolí" hitzaren jatorriari buruzko hipotesi ugariei buruzkoa da: azalpen filologikoak eta linguistikoak, hebrear edo arabiar erroko proposamenak eta herriaren interpretazioak biltzen ditu. Erakusketak, gainera, txakolinak Bizkaiko eguneroko bizitzan eta industrian duen rol soziala aztertzen du, tabernak, kopak eta edari horri lotutako ohiturak aipatuz.

Azkenik, filoxerak eta antzeko izurriteek eragindako krisiaren ondoren gaur egun txakolinak bizi duen susperraldiak ematen dio amaiera ibilbideari. Prozesu hori 1994an amaitu zen, Bizkaiko Txakolina jatorri-deitura sortu zenean, ardo enblematiko horren berpizkundearen eta nazioarteko proiekzioaren sinboloa.

Erakusketa hamabi unitatetan egituratzen da, eta honako hauek bateratzen dira haietan: interpretazio-testuak, material arkeologikoa, ikus-entzunezko baliabideak eta jendeari Neolitoko ardoaren jatorritik gaur egungo txakolinera bidaiatzeko aukera ematen dioten elementuak.

Erakusgai jarritako materialen artean, nabarmentzekoak dira hauek: indusketetan aurkitutako mahatsondo-haziak, prentsa tradizionalen erreprodukzioak, mapa historikoak, dokumentu zaharrak eta txakolina egiten zuten baserrien lekukotza grafikoak. Ikusgai daude, halaber, taberna tradizionalen birsorkuntzak, kopla herrikoien grabazioak eta txakolin-kontsumoarekin lotutako hainbat garaitako eguneroko objektuak.

Erakusketa Txakolin Museoan ikusi ahal izango da 2026ko abuztuaren 2ra arte. Gainera, erakusketaren gai espezifikoetan sakontzeko asmoz, hala nola emakumeek landa-ingurunean duten eginkizuna, "txakolin" hitzaren jatorriari buruzko teoriak, dolareetan erabilitako tresnak eta arkeologia, hainbat hitzaldi eta bisita gidatu eskainiko dira.

bizkaia.eus

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2025(e)ko azaroaren 5(e)tik 2026(e)ko abuztuaren 2(e)ra
  • OrdutegiaNeguko ordutegia: 10:00-14:00, martitzenetik domekara, jaiegunak barne. Udako ordutegia (uztail eta abuztua): 10:00-15:00 eta 16:00-19:00 (astelehenetik domekara)
  • LekuaTxakolingunea
    Basigoko Bide Nagusia, 3
    Bakio
    Web
  • Ikusi agenda Txakolingunea, Bakio

Non