Azaroaren 21ean, Maker Ekintzaile 2025 Sorkuntza Egonaldien emaitzak aurkeztuko dituzte. Jardunaldi horretan, sortzaileek beren proiektuak erakutsiko dituzte. Topaketak instalazio interaktiboak ere izango ditu eta bertaratutakoek sorkuntzekin zuzenean esperimentatu ahal izango dute. Topaketa hau Maker Faire Bilbao Sormen Teknologien Nazioarteko Jaialdiaren hasierako jarduera da.
Jardunaldian aurkeztuko diren proiektuak:
_Artxibo Xenomorfikoa, Alejandra Bueno de Santiago artista bisualarena. Instalazio interaktibo bat, non edonork proiekta ditzakeen etorkizun post-kapitalistak eta gorputz disidenteen irudiak. Proiektuak erretratu ez-arautzaileen artxibo bat erabiltzen du etorkizun anitzagoak sortzeko genero-identitateei, gorputzei, adinei eta jatorriei dagokienez.
_China Girls II zeramikan espezializatutako Maite Barrainkua Buruaga artistarena. Proiektuak Zorrotzaurreko eta inguruko beste industria-ingurune batzuetako emakume anonimoen argazkiak berreskuratzen ditu, eta portzelanazko erliebezko erretratu bihurtzen ditu, 3D inprimaketa erabiliz. Proposamenak emakume horien memoria berreskuratu nahi du, fabrikazio digitaleko teknologien eta portzelana bezalako material delikatu baten erabileraren arteko elkarrizketa sortuz.
_A tale of Art and Rebellion, Navid Lari narratiba interaktiboen sortzaile eta makerrarena. Proiektuaren ardatza kode irekiko tresnak sortzea da, herritarren protestarako eta narratiba artistikoarekin lotzeko. Sortzaileak instalazio interaktibo bat aurkeztuko du, protestarekin eta herritarren mugimenduekin lotutako "aukeratu zeure abentura" estiloko istorio batekin.
_Compost Powered Dome, Victor Barahona ingeniari eta makerrarena. Landa-egonaldien deialdiaren barruan garatutako proiektua, Compost Powered Dome biomasatik beroa sortzeko gai den domo bat da. Helburua urtean zehar tenperatura egonkor mantentzen duen negutegia eraikitzea da, material sinpleak eta permakulturan oinarritutako sistema erabiliz.
_Stooping, diseinu industrialean espezializatutako Mario Marco Nafria ingeniariarena. Proiektua espazio publikoan utzitako objektuak berrerabiltzeko sistema bat garatzean datza. Proposamenak ikusmen adimentsu autonomoko teknologiak erabiltzen ditu oraindik beste bizitza bat izan dezaketen objektuak online erregistratzeko eta argitaratzeko.