Titirijaik, Tolosako Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdiak, 43 urte beteko ditu azaroaren 22tik 30era ospatuko den edizio honetan. Aurten, hamabost konpainiaren 17 ikuskizun ikusi ahal izango ditugu; guztira, 56 emanaldi.
Aipatzekoa da Tolosara lehen aldiz etorriko den konpainia bat. O Quel Dommage konpania belgikarrak Ma Tache ikuskizuna aurkeztuko du, International Children’s Festival of Bucarest jaialdian epaimahaiaren Saria jaso duen ikuskizuna eta International Children’s Festival of Kotor (Montenegro) jaialdian sormen lan onenaren saria jaso duena. Halaber, Zaches konpainia italiarra izango dugu gurekin, eta oraingoan bere trilogiako azken ikuskizuna ekarriko digu, Pinocho. Edizio honetan gainera, Nauta konpainia galiziarraren Ephimeros berria ere ikusi ahal izango dugu, hemen Tolosan, Sormen Egoitzan burutua.
Aurten ere Tolosako dendetako erakusleihoetan txotxongilo erakusketa errepikatuko dute eta aurten, gabonetako giroa eraman beharrean, Gelede maskaradun txotxongiloak izango dira protagonistak. Duela urte batzuk TOPICen aldi baterako erakusketa bat izan zuten txotxongiloak dira eta duela urtebete erosi ondoren, Jaialdian zehar ikusi ahal izango ditugu Anbigu Aretoan.