Arte Ederren Bilboko Museoak eta Bizkaiko Eleiz Museoak beren arteko lankidetza berritu dute, bi erakundeen funtsak eta mailegu nabarmenak uztartzen dituen erakusketa batekin. Erakusketa horrek gizarte aldakor baten erretratu xehea irudikatzen du, fedeak funtsezko zeregina betetzen jarraitzen zuen garaikoa.
Bigarren Industria Iraultzaren ondoriozko eraldaketek markatutako garaian Bizkaian espiritualtasunak zer-nolako aniztasuna zuen erakusten duen irudi-multzo batekin hasten da ibilbidea. Haien ondotik datoz Eskritura Santuen berrinterpretazioak, hasi akademizismo ofizialari jarraituz sortutako lanekin eta proposamen modernoenekin buka. Era berean, erakusketak aditzera ematen du herri-erlijiotasunaren jai- eta merkataritza-izaera, baita nola bihurtu ziren elizak eta ermitak bilgune, gurtza-funtzioa gaindituta. Orobat erakusten du garai hartako praktika plenairistek pinturako gaitzat hartu zituztela eraikin erlijioso horiek, paisaia artistikoan integratuz. Emakumea tradizioaren eta identitatearen adierazpen gisa erakusten zuten ikonografia berriak ere erakusketan daude, eta, amaitzeko, erlijio-arkitekturak adierazpen estetiko eta espiritual gisa izan zuen goraldiaren berri ematen da.
2025eko abenduaren 16tik 2026ko maiatzaren 10era, Eleiz Museoan.