Errege Magoen Kabalgata 2025-2026 Bilbon (ibilbidea eta harrera)

Bilbao 2026(e)ko Urtarrilak 5
  • Errege Magoen Kabalgata 2025-2026 Bilbon (ibilbidea eta harrera)

2025-2026ko Gabonetako egitaraua, Bilbon.

Ekialdeko Errege Magoak, Melchor, Gaspar eta Baltasar, irrikaz daude berriro ere Bilboko haurrekin elkartzeko, haien ametsak, nahiak eta kezkak bertatik bertara ezagutzeko. Horregatik, hainbeste espero den hitzordua behar bezala prestatzeko asmoz, gaur goizean Arriaga Antzokira joan dira azken prestaketak ixtera eta ezer ez usteko zoriaren esku.

Bertan, Berdintasun eta Jaietako zinegotziarekin, Itziar Urtasunekin bildu dira, urtarrilaren 5ean egingo den Kabalgataren azken xehetasunak zehazteko. Aurreratu dutenez, berrikuntza gisa, Pegasus zaldi mitologikoa eta Atenea jainkosa izango dituzte bidelagun, eta haien gidaritzapean film, telesail eta bideojoko ezagunetako pertsonaiez lagunduta amets egitera gonbidatuko dute publikoa.

Horrela, TransformersToy Story-ko jostailuak, Bluey eta Bingo, eta Mario Broseko bideojokoko protagonistak Bilboko kaleetan barrena ibiliko dira Maiestateekin batera. Halaber, Ekialdeko Errege Magoen Elfo Magikoak ere izango dira, Gabon guztietan jostailuak egiten eta haurren jokabidea zaintzen arduratzen direnak.

“Itxaropen handieneko uneetako bat da Errege Magoen etorrera. Bisita honek gogorarazten digu, batzuetan, desioak egia bihurtzen direla Gabonetako magiari esker. Elkartasunaren eta eskuzabaltasunaren espirituak urte osoan egon behar du presente, ez soilik data hauetan”, adierazi du Itziar Urtasun zinegotziak.

Ekialdeko Errege Magoek agenda bete-betea izango dute urtarrilaren 5ean. Eguna Basurtuko Ospitalera egingo duten bisitarekin hasiko dute, bertan ospitaleratuta dauden haurrei beren magia eramateko.

Ondoren, Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarra bisitatuko dute, eta 10:00etatik 14:00etara bitartean, gutunak eskura eman nahi dizkieten haur guztiak hartuko dituzte. Itxaronaldiak ahalik eta gehien murrizteko, aurrez eskuratutako doako paseen bidez egingo da sarrera.

Arratsaldean, hiriko kaleetan barrena ibiliko dira 18:00etatik aurrera, film, telesail eta bideojoko ezagunetako pertsonaiez lagundutako desfile batean, hala nola TransformersToy StoryMario Bros. eta Bluey. Magia izango da protagonista, argiz eta kolorez betetako karrozekin, elurrezko panpinak, txotxongiloak eta elfo magikoak lagun, Ekialdeko Errege Magoen agerpen ikusgarrira bidea irekiz, horretarako bereziki diseinatutako karroza ikusgarriekin.

10 KARROZA ETA 5 KALE-ANIMAZIOKO KABALGATA

Bilboko Udalak 10 karroza eta kaleko 5 animazio diseinatu ditu, Gabonetako magia hiriko kaleetara eramateko. Musikaz, kolorez eta fantasiaz betetako unibertsoa sortuko da, pertsonaia ezberdinek txikienak amets egitera gonbidatuko dituztenak, elurrezko panpinak, izei-zuhaitzak, kolore zuria, opariak eta Gabonetako iruditerian murgilduko duten elementuekin.

Aurreko edizioetan bezala, suhiltzaileen bi kamioi zaharrek eta Udaltzaingoak lagunduko diete Errege Magoei ibilbidean aurrera egiten.

Ondoren, segizioaren buruan, Posta Saila iritsiko da, Bilboko posta-kodeen arabera jasotako gutun guztiak erregistratu eta sailkatzeko ardura duen taldea. Azken orduko gutunak jasotzeko, 18 errege-postari izango dira, zangoen gainean eta patinetan, gutun guztiak garaiz posta-makinara iristen direla ziurtatzeko, Ekialdeko Errege Magoek munduari bira hasi aurretik.

Jarraian, elurrezko panpinez jantzitako 10 dantzarik osatutako segizioa iritsiko da, eta publikoarekin elkarreraginean arituko dira kabalgataren Gabonetako giro handieneko atalari bide emateko.

Ondoren, Traski eta Truski iritsiko dira, zuzeneko banda batekin Gabonetako abestiak interpretatuz, Gabonetako Musika Karrozan, argiz, apaingarriz eta opariz betetako zuhaitz handi batekin.

Haien atzetik, Transformers talde bat etorriko da, Bumblebee eta Optimus Prime buru direla, Autobotsen lider ausartak, elektrotxaranga batez lagunduta, Bilboko Kale Nagusia girotuz.

Hurrengo karrozak Toy Story-ko jostailuak ekarriko ditu, Buzz Lightyear eta Woody bezalako pertsonaiekin, heldu zein haur guztien gozamenerako.

Ondoren, Ekialdeko Errege Magoen Elfo Magikoak iritsiko dira, Gabonetan zehar jostailuak egiten eta haurren jokabidea zaintzen arduratzen direnak. Beren amantal marroi eta urrezko bihotzarekin, Gabonetako benetako magia partekatzean, sortzean eta besteei zoriona ematean dagoela erakutsiko dute.

Jarraian, Mario eta Luigi anaiakMario Bros. bideojoko ospetsuko protagonistak, agertuko dira, landare haragijaleen, txanpon handien eta Peach printzesaren munduan murgilduta, publiko guztia dantzan jarriz.

Ondoren, LED txotxongilo erraldoien segizioa etorriko da, ikuskizun ikusgarri eta argitsua eskainiz, batukada batez lagundutako koreografiarekin.

Bluey-ren Etxe Gozoa izango da hurrengo geldialdia. Bertan, Bluey eta Bingo pertsonaiek Gabonetako mundu goxo batean murgilduta iritsiko dira, telesailak transmititzen dituen balioekin bat eginez: familia, maitasuna, laguntza, adeitasuna, partekatzea, inklusioa, adiskidetasuna eta poza.

Ondoren, Pegasus Handia iritsiko da, Atenea jainkosaren kuadrigaren aurrean, 6 metroko altuerarekin eta 360 graduko mugikortasunarekin, kabalgata izarretaraino eramanez, Ekialdeko Errege Magoak Bilboraino gidatu dituen izar iheskorraren bila.

Amaieran, Melchor, Gaspar eta Baltasar Maiestateak iritsiko dira, beren karrozen eskailera handietan, paje eta dama errealek lagunduta.

Aurten ere, segizioa Gozoki Fabrikak itxiko du, glutenik gabeko 3 tona karamelu banatuz bere turbina indartsuen bidez.

ALKATEAREN HARRERA ERREGE MAGOEI

Ibilbidea Udaletxean amaituko da. Bertan, Bilboko alkateak Juan Mari Aburtok eta Berdintasun eta Jaietako zinegotziak Itziar Urtasunek Ekialdeko Errege Magoak hartuko dituzte sarrera nagusian, eta balkoiraino lagunduko dituzte, handik beren agur tradizionala egin dezaten, munduan barrena opariak banatzeko bidaiari ekin aurretik.

IBILBIDEA

·18:00: Kabalgataren irteera, Kale Nagusia, María Díaz de Haro parean.

·18:30: Moyua plazara iritsiera (Carlton hotelaren aurretik).

·19:00: Plaza Circularrera iritsiera.

·19:30: Lehen karrozaren iritsiera Udaletxera.

·19:30: Alkatearen harrera Errege Magoei.

·19:45: Agurra Udaletxeko balkoitik.

KABALGATA ETA HARRERA INKLUSIBOAK

Harrera eta kabalgata herritar guztientzat irisgarriak izan daitezen, neurri integratzaile ezberdinak ezarriko dira.

Goizeko harreran, Areto Arabiarrean, zeinu-hizkuntzako interprete zerbitzua egongo da, mugikortasun urriko pertsonentzako sarbidea eta laguntza zerbitzuarekin batera. Halaber, autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) duten pertsonen parte-hartzea errazteko, 11:00ak arte ez da kanpoko musikarik egongo, soinu-aldaketarik gabeko gune gisa.

Arratsaldean, mugikortasun urriko pertsonentzako ikusgarritasuna hobetzeko, 40 metroko eremu erreserbatua jarriko da Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiaren aurrean (Kale Nagusia, 25), pertsona laguntzaile batek kontrolatuta. Pertsona bakoitzak laguntzaile bat edo bi eraman ahal izango ditu, horietako bat 14 urtetik beherakoa bada.

Banatuko diren karameluak ere egokiak izango dira zeliakoentzat.

bilbao.eus

Laburrean

  • Mota Bestelakoa (haurrentzat)
  • Data 2026(e)ko Urtarrilak 5
  • Ordutegia18:00
  • LekuaKale Nagusia zeharkatuko dute udaletxeraino
    Bilbao
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Bilbao

Non