José Antonio Azpilikuetak Edward Hopper estatubatuarraren pinturan oinarrituta egindako dozena bat estanpa gehitu dizkio museoak bere funtsari, José Ignacio Olave arte-editorearen dohaintzari esker.
Erakusketan dagoen multzoa Olavek iaz museoari emandako karpetari (2/5) dagokio. Horiez gainera, argitaratzaileak hirurogeita hemezortzi obra eman ditu, 2022. urteaz geroztik.
After Hopper (Gau amerikarra)
Hirurogeita hamar urte betetzen zituela-eta, José Ignacio Olavek (Bilbo, 1953) hamabi marrazki eskatu zizkion Azpilikuetari, Edward Hopperren (Nyack, 1882-New York, 1967) margolanak oinarri hartuta, berak idatzi eta editatutako beste horrenbeste kontakizuni laguntzeko.
› Drama The Far East Tea Gardenen / Chop Suey (1929)
› Bizitzeko beste modu bat / House by the Railroad (1925)
› Bide eliptikoa / Hotel Room (1931)
› Queensen galdua / New York Movie (1939)
› Zure eguzkia ikusi nahi dut / Morning Sun (1952)
› Ezkontza Newporten / Hotel Lobby (1943)
› Ilargi berriaren argia / Room in New York (1932)
› Hurrengo geltokia, St. Vincent's Hospital / Compartment C, Car 293 (1938)
› Bizitza bat alferrik / Nighthawks (1942)
› Igande goiza mugan / Early Sunday Morning (1930)
› Arrastoak zeuden zeruan / Excursion into Philosophy (1959)
› Fivetown Lighthouse / Cape Cod Morning (1950)
Olavek erabateko askatasuna eman zion artistari, hark oso ondo ezagutzen baitzuen Edward Hopperren lana, bai eta ondo miretsi ere, joana baitzen Londresko (Tate Modern, 2004) eta Madrilgo (Thyssen-Bornemisza Museo Nazionala, 2012) erakusketa antologikoetara.
Eskakizun bakarra egin zion: marrazkien tamainak gainditu egin behar zuen helburu ilustratiboa eta nahiko handia izan behar zuen. Azpilikuetak, bestalde, Hopperren koadroen jatorrizko proportzioak errespetatu zituen.
Bi premisa horietatik abiatuta, Azpilikuetak banan-banan landu zituen marrazkiak, berak "esku-hartzetzat" jo zuen prozesuaren bitartez, eta koadrikulez, lerroz lerroko marrazkiez eta tinta lauez baliatu zen zeregin horretarako. Hala, narrazioak eragindako irudiek literaturaren esparrua gainditu zuten, eta estanpa-karpeta batean gauzatu ziren –bost edizio egin ziren–. Karpeta horretan, begirada pertsonal, iradokitzaile eta dibertigarri baten bitartez berrinterpretatzen du artistak Hopperren iruditeria.
Proiektuaren sustatzailearen eta artistaren arteko elkar ulertzea bi aipamen bisual hauetan gauzatu zen: editorearen erretratua Drama The Far East Tea Garden lanaren atzealdeko pertsonaian eta Olave markaren zigilua Eguzkia ikusi nahi dut lanean.
Erakusketarekin batera, editorearen eta artistaren arteko hitzaldi ireki bat eskainiko da, eta esklusiboa izango da Museoaren Lagunentzat. Lan honen jatorrian eta sorrera prozesuan sakonduko dute biek ala biek topaketa horretan.
Estanpak 2024an egin zituen, eta izaera esperimentalagatik nabarmentzen dira. Egileak irudiaren, espazioaren eta isiltasun bisualaren arteko harremana aztertzen du, eta elementu horiek, modu naturalean eta errealistan, Hopperren hiri eszenen eta paisaia bakartien giro zinematografikoarekin dihardute elkarrizketan.
Hamabi estanpa horiekin batera, hainbat material egongo dira ikusgai, hiru beira-arasatan: zirriborroak, hainbat exlibri, Olaveren After Hopper (Gau amerikarra) liburuaren kopiak... Horrek guztiak proiektuaren testuingurua osatuko du.
After Hopper da Olavek, lan grafikoen editore gisa, hiru hamarkadatan euskal artista garaikideekin izandako harreman estuaren gailurra. Denbora horretan, hainbat egileren ehun estanpa inguru sustatu ditu Olavek, merkaturatu gabeak denak: Mikel Diez Alaba, Jesus Mari Lazkano, Daniel Tamayo, Alberto Rementeria, Gentz del Valle, Chema Eléxpuru, Koldobika Jauregi, José Antonio Azpilikueta eta Manuel García Seco.










