"Inurri bideak", Andrea Caneparen erakusketa

Donostia / San Sebastián 2026(e)ko martxoaren 26(e)tik 2026(e)ko uztailaren 19(e)ra
  • "Inurri bideak", Andrea Caneparen erakusketa

Inurri bideak erakusketa Andrea Canepa artistak sortu du Situ-akzioak ekimenaren edizio berri honetarako. Diseinu-lanetan Karmengo Ama IPI eskolak eta familia talde batek hartu dute parte. Arte garaikidera ikuspegi ezberdinetatik gerturatzea sustatzen duen proiektua da Situ-akzioak. Ikasteko prozesuetan eta esperientzia estetikoan jolasak duen funtsezko rola aitortuz, proiektua ohiko erakusketa-forma konbentzionalenetatik aldentzen da eta arte garaikideari eskainitako espazioetan eragiteko eta ezagutzeko bestelako erak proposatzen ditu.

Erakusketaren abiapuntua gure inguruan dagoeneko idatzita dagoena irakurtzen ikasteko nahia da. Inguruak ez du hitz egiten, baina idazkunez beteta dago: markak, aztarnak eta arrastoak ditu. Horiek irakurtzen ikasteak ez du esan nahi hitz bihurtu behar ditugunik; pertzepzioa eta arreta fintzea da gakoa. 

Irudimen-ariketa proposatzen du erakusketak: aztarna kimikoen bidez orientatu eta erlazionatzen diren inurriak inspirazio-iturri gisa hartuta, zentzumenetan oinarritutako beste kodifikazio-modu batzuk aurkitzea. Begiekin irakurri ezin diren mezuak dira; usaimenaren, hatzen eta azalaren bidez baizik. 

Gurutzatu eta bitan banatzen diren bideek osatutako labirinto bat hedatzen da gure aurrean. Ibilbide bakoitzak materialtasun eta ehundura propioa dauzka eta norabideak, topaguneak edo desbideraketak iradokitzen dituzten usain-arrasto sotilak. Etengabe lanean ari den inurri-kolonia batean bezala, eremua zeharkatzen duten bisitariek erabakiak hartzen dituzte, aurrera egiteko eta galtzeko modu ezberdinak esploratuz.

Usainari jarraitu edo kasurik ez egitea, atalasea zeharkatzea, gorputza okertzea, oinekin urratzea, ibili, gelditu edo atzera egitea. Erakusketa honek hizkera komun bakarra jolasa den leku horretan gure burua gidatzeko beste modu batzuk aurkitzera gonbidatzen gaitu.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2026(e)ko martxoaren 26(e)tik 2026(e)ko uztailaren 19(e)ra
  • LekuaTabakalera
    Andre Zigarrogileen plaza, 1
    Donostia / San Sebastián
    Web
  • ZenbatekoaDoan
  • Ikusi agenda Tabakalera, Donostia / San Sebastián

Non