Egitura, Espazioa, Denbora proiektuak ibilaldi bat proposatzen du Elena Asins (Madril, 1940 - Azpirotz, 2015) artistaren obran zehar, haren pentsamendu plastikoa bideratzen eta definitzen duten hiru ideia gidariri jarraituz. Bektore horiek, bai eta artistak teoria eta praktika artistikoaren artean ezartzen duen etengabeko elkarrizketak, egituratzen dute Asinsen proiektu artistikoa.
Erakusketak bat egiten du Kutxa Fundazioaren helburuarekin, zeina baita euskal testuinguruarekin zerikusia duten artistei ikusgarritasuna ematea eta ibilbide sendoko artistak ikuspegi berrietatik abiatuta berrirakurtzea. J. P. Huercanos da erakusketaren komisarioa, eta Reina Sofía Arte Zentro Museo Nazionalarekin elkarlanean egin ahal izan da. 100 proiektu baino gehiago bilduko dira bertan: marrazkiak, pinturak, eskulturak, liburuak, ikus-entzunezko piezak eta instalazioak, hasi zenetik (1968) XXI. mendearen hasieran egindako azken lanetaraino.
Elena Asinsen lanetan, XX. mendeko abangoardiako eraikuntza-tradizioak bat egiten du hirurogeiko hamarkadako konputazioarekin eta informazioren teoriarekin, Op Art eta minimalismoa zeharkatuz. Kalkulu-teoriaren eta algoritmoen erabilerari esker, aitzindaria izan zen sorkuntza-prozesuetan ordenagailua erabiltzen eta ezinbesteko irudia izan zen arte konputazionalean eta abstrakzio geometriko modernoan eta garaikidean.
Komisarioa: Juan Pablo Huercanos
Oteiza Museoaren zuzendariordea da J. P. Huercanos, eta komisariotza proiektu independenteak egiten ditu eskulturaren eta argitalpenaren esparruan. Artista garaikideei buruzko idatzi ugariren egilea da eta GAUR taldea. Artea eta eraikuntza kolektiboa, 1965-67 liburuarena. Irakaslea da Azkuna Zentroak eta EHUk sustatuko Arte eta kultura garaikideko praktika eta teoriako Masterrean.
Informazio praktikoa
Datak: 2026ko otsailaren 27tik maiatzaren 24ra arte.
Ordutegia: asteartetik igandera: 12:00-14:00 eta 16:00-20:00.
Sarrera doan.
Aretoa: Kutxa Fundazioa Kubo.