Juana Cima. Begirada disidente bat erakusketarekin bizi-jarrera batera hurbiltzea proposatzen da. Karibeko oroimena, Euskal Herrian jasotako prestakuntza eta espiritualtasun esploratzailea uztartzen dituen ibilbideaz gain, hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieratik, nortasunari, ekologiari eta generoari buruzko funtsezko eztabaidak aurreikusten dituena. Juana Fernández Cima (Caibarién, Kuba, 1951) ahots berezi batekin agertzen zaigu, sarritan arau heteropatriarkalaren ertzetatik jardunez, disidentzia erradikal eta poetikoko unibertso estetikoak eraikitzen, sorkuntza eta bizitza elkartuz, banaezin bihurtu arte.
Ikusgarritasun publiko handieneko aldian (1977-1997), haren lanak bilduma instituzionaletan sartu ziren —besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalarenetan—. Hala ere, askatasun formalak, arlo afektiboko zintzotasunak eta identitatearen azterketan kontzesiorik ezak kanon kritiko eta museistiko nagusiaren bazterrean kokatu zuten. Erakusketa-zirkuitutik —ez, ordea, ekoizpenetik— nahita erretiratu ondoren, bere obra pixkanaka narratiba hegemonikotik kanpo geratu zen. Erakusketa honek gabezia hori agerian uztea, haren ekarpenaren garrantzia aldarrikatzea eta eztabaida garaikidean duen lekura itzularaztea du helburu.
Bost lurraldetan antolatua (Bilbo. Lehena, desioaren eta aldarrikapenaren lurraldea; Lurralde mitikoak eta kontzientzia ekofeminista; Uharte-nortasuna eta mediterraneoko jakintzak; Bide espirituala Indian eta budismoan zehar eta Erretiroa mendian) erakusketak bira biografiko eta geografikoz osatutako ibilbide bat ez ezik, bilaketa transzendentaleko eta identitate-finkapeneko geruzez osatutako ibilbide bat ere marrazten du. Haren lanean bestearekiko (gizaki, animalia, landare edo animalia izan) harreman-etika sakon bat islatzen da, alteritatetik sortua eta haren praktika osoa zeharkatzen duena, pentsamendua, existentzia eta sorkuntza elkartuz.
Erakusketa Garazi Ansa historialariak (Oiartzun, 1989) komisariatu du.