Musikene Sinfonietta (Arabako Antzinako Musika Astea 2026: Antzinako Musikaren Europako Eguna)

Vitoria-Gasteiz 2026(e)ko Martxoak 21
  • Musikene Sinfonietta (Arabako Antzinako Musika Astea 2026: Antzinako Musikaren Europako Eguna)

Arabako Antzinako Musikaren Asteak aurten Antzinako Musikaren Europako Eguna ospatuko du eta 2026ko martxoaren 21ean Gasteizko Santa Maria Katedralean kontzertu berezi bat eskainiko du. Hitzordua Arabako Antzinako Musikaren Asteak antolatu du, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiarekin lankidetzan.

Salbuespen gisa, eta lehen aldiz, Arabako Antzinako Musikaren Astea ohiko datetatik aterako da, musika ondare historikoa zabaltzea helburu duen Europako jardunaldi honetan parte hartzeko. Ospakizuna bat dator Johann Sebastian Bachen jaiotzaren urteurrenarekin. Data hori Europa osoan baliatzen da antzinako musikari balioa emateko eta irizpide historizistekin interpretatzeko.

Musikeneko orkestrak emango du kontzertua eta Alfredo Bernardini oboe jotzaile eta antzinako musikan adituak zuzenduko du, interpretazio historikoaren arloan gehien nabarmentzen den figuretako bat.

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia da, eta Estatuko erreferentziazko ikastegia izateaz gain, Europan prestakuntza mailako hezkuntza erreferente bat da; beraz, ohore handia da Arabako Antzinako Musikaren Astean parte hartzea.

Programak Europako Barrokoko hiru konpositore handiren obrak bilduko ditu: Georg Philipp Telemann, Johann Sebastian Bach eta Georg Friedrich Händel.   Interpretatuko dituzte Telemann-en bi tronpa eta orkestrarako fa maiorreko suitea, Bach-en “Ich habe genug” BWV 82 kantata eta Händel-en 1. suitea, Water Music ospetsua, fa maiorrean.

Kontzertuan, gainera, Hodei Yáñez baritonoak parte hartuko du, Bacheko kantatan bakarlari gisa, bai eta María Dolores Paloma eta Pedro Mullor tronpa jotzaileek ere, Telemannen obra interpretatuko baitute orkestrarekin batera.

Ekimenak Musikeneko ikasleak arte eta prestakuntza proiektu batean bilduko ditu, goi mailako irakaskuntzaren, 44 edizio betetzen dituen jaialdi ezagun honen eta gure ondarearen arteko lotura indartzen duen proiektu batean, alegia. Helburua da errepertorio barrokoaren aberastasuna entzuleei hurbiltzea, Santa Maria katedrala bezalako ondare ingurune berezi batean, hiriko espazio enblematikoenetako batean.

araba.eus

Laburrean

Non