Abadiñoko Traña-Matiena auzoak apirilaren 27tik maiatzaren 10era bitartean San Prudentzio jaiak ospatuko ditu.
Apirilaren 27an emango diete hasiera, Donien Atxa jasota. Iluntze taldeak dantza saioa eskainiko du Txanbolin Txistu Taldearen eskutik, eta urteko pertsonarik ospetsuena sarituko dute. Maiatzaren 10era bitartean, etenik gabeko jarduera sorta prestatu dute Abadiñoko Udalak eta?? Jai Batzordeak elkarlanean.
Maiatzaren 1ean, herritarrak euren mozorrorik irudimentsuenekin aterako dira kalera. “Munduko mitologiak” izango da aurtengo gaia. Eguerdian, herri bazkaria egingo da frontoian, eta, 19:00etan, mozorro kalejira egingo da Trañabarren kalean.
Asteburu osoan zehar, musika, ikuskizunak, umeentzako jarduerak eta tortilla zein paella txapelketa egingo dira, besteak beste.
Jaien bigarren asteburuan, San Prudentzio esku pilota txapelketaren finala jokatuko da. Horrez gainera, bertso saioa ere egongo da Errota Kultur Etxean: Igor Elortza, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Irune Basagoiti arituko dira kantuan. Horiez gainera, Gazte Eguna, herri kirolak, nagusien bazkaria edota kontzertuak ere izango dira, beste kontu batzuen artean. Donien Atxa botata, maiatzaren 10ean emango diete amaiera San Prudentzio jaiei.