"Igshaan Adams. Hautsa arrotzen: Gorputzaren artxiboa"

Bilbao 2026(e)ko maiatzaren 5(e)tik 2026(e)ko azaroaren 1(e)ra
  • "Igshaan Adams. Hautsa arrotzen: Gorputzaren artxiboa"
    Lauki-lerro artean (Within grid lines), 2025. Eskaintza: Igshaan Adams, Thomas Dane Gallery eta blank projects © Igshaan Adams

Igshaan Adams (Lurmutur Hiria, 1982) artistaren diziplina anitzeko lanak gai pertsonalak eta politikoak uztartzen ditu materialaren, keinuaren eta formaren bitartez. Adamsek Bonteheuwel-en igaro zuen haurtzaroa —apartheidak ezarritako muga fisikoek baldintzatutako auzune segregatu batean—, eta orduko bizipenak inspirazio-iturri hartuta, soka, bihiak eta alanbrea bezalako material xumeak erabiltzen ditu konposizio konplexuen bidez arrazaren, erlijioaren, sexualitatearen eta memoriaren arteko loturak aztertzeko. Bere lanak intimitatea eta deserrotzea ere ematen ditu aditzera, etxeetako linoleozko zoru estanpatuek ezaugarri dituzten motibo geometrikoak abstrakziora eramanda.

Lanik berrienetan, Adamsek bere ikerketa-esparrua zabaldu du mugimendua eta haren arrastoa ere arakatu ahal izateko. Hego Afrikako Ipar Lurmutur probintzian dagoen O’okiep hiriko —hau da, amaren aldeko familiaren sorlekuko— Garage Dance Ensemblerekin aurrera eramaten ari den lankidetzari esker, ehungintzaren eta dantzaren arteko elkarrizketa berri bati bide eman ahal izan dio artistak. Dantzariekin tailerrak eginez, Adamsek prozesu bat asmatu du: gorputzak linoleo margotuen gainean jarritako mihiseen gainetik mugitu ahala, mihiseok askapen- eta konexio-keinu kolektiboak erregistratzen dituzte “dantza-arrastoak” sortuta. Dantza-saio bat baino gehiagotan gainjarriz joan diren arrastoak dira: topaketa partekatuen zantzuak eta “aztarna psikiko metatu eta sedimentatuak askatzeko” saialdien arrastoak, artistaren hitzetan.

Erakusketa honetan aurkeztutako lanek 2024an Atenasen egindako performanceetan dute jatorria, non dantzari hego afrikarrak dantzari greziarrekin lankidetzan aritu baitziren lehenengoz. Emanaldi haietatik ateratako monotipoetatik abiatuta, eskala handian ehundutako tapiz-sail bat sortu du Adamsek, eta piezak espazioan esekita daude, ikusleak haien inguruan eta haien artean mugitu ahal izateko. Lanetako batzuk ehuna kanporantz okertzen duten kakoetatik daude zintzilik, tapizaren bi aldeak agerian dituztela; beste batzuk, berriz, ehundutako “hodei” txikiekin batera ageri dira, nonbaitetik askatu eta airean hara-hona dabiltzan kolore- eta mugimendu-txatalak balira bezala.

Ludikoa bezain solemnea den instalazio honek mamitu egiten ditu indar ikusezinak —oroimena, erritmoa, enpatia—, eta erreparaziorako praktika korporal eta komunitario gisa proposatzen du ehungintza.

Aretoak: 204, 208
Komisarioa: Lekha Hileman

Igshaan Adams
Lauki-lerro artean (Within grid lines), 2025
Kotoizko haria; poliester txirikordatu eta polipropilenozko soka; metalezko, harrizko,
kristalezko, zurezko eta plastikozko aleak; kotoi eta zetazko oihala; angorazko artilea;
kotoizko puntilla; zetazko xingola; zilarrezko katea; eta tigre-buztan erako alanbrea
495 x 587 cm
Eskaintza: Igshaan Adams, Thomas Dane Gallery eta blank projects
© Igshaan Adams

 

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2026(e)ko maiatzaren 5(e)tik 2026(e)ko azaroaren 1(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • LekuaGuggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
    Web
  • Sarrerak Erosi
  • Ikusi agenda Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao

Non