Bilboko Udalak, Santutxuko Bertso Eskolarekin batera, "Udaberriko Bertso Saioak" antolatu du udaberri honetarako. Santutxuko Karmelo plazan hiru bertso saio ospatuko dira maiatzaren 9, 23 eta 30ean. Gainera, ostiralean, hilak 15, bertso-poteoa egingo da, 20:00etan hasita, Karmelo kaleko 7. zenbakian.
"Udaberriko Bertso Saioak" programak 42. edizioa ospatuko du aurten, eta, urte hauetan, programa euskaltzaleentzako topagune bihurtu da, Santutxuko Bertso Eskolak egiten duen lana babesteaz gain, Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotako helburuetako bat baita.
Edizio berri honetan 14 bertsolarik hartuko dute parte, 7 emakume eta 7 gizon, lau belaunalditako ordezkariak. Bertsolari zaharrena Unai Iturriaga da (Durango, 1974), 20 urte baino gehiago daramatza Santutxun parte hartzen, eta gazteena, berriz, Haira Aizpurua (Sara, 2006), aurten lehen aldiz joaten dena.
Aurten, “Udaberriko Bertso Saioak” programaren lau hitzorduak Bizkaiko eta Lapurdiko bertsolarien arteko topaketa izango dira, hamar bizkaitarrekin (Oihana Bartra, Aissa Intxausti, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita, Txaber Altube, Ibaia Amillategi eta Unai Mendiburu) eta lau lapurtarrekin: Amets Arzallus, Aitor Servier, Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua.
Aitor Etxebarriazarraga eta Maddi Ane Txoperena, Bizkaiko eta Iparraldeko azken txapelketetako irabazleak, izango dira bertan. Gainera, parte-hartzaileen artean Bizkaiko azken Bertsolari Txapelketako bost finalista daude.
Parte-hartzailerik beteranoenetako bat Oihana Bartra (Bilbo, 1984) da. Santutxuko bizilaguna da, eta 25 urte daramatza ekimen honetan parte hartzen, 17 urte zituenetik. Gainera, Santutxuko Bertso Eskola arduratuko da saio bakoitzean gaiak proposatzeaz. Horretarako, Irati Erkizia, Urtzi Urrutikoetxea eta Aitor Irastortza ariko dira aurkezpen-lanak egiten eta bertsolari bakoitzari txanda ematen.
Ohiko bertso-poteoa maiatzaren 15ean, ostirala, egingo da, eta 20:00etan hasiko da Karmelo kaleko 7. zenbakian, Amets Arzallus eta Unai Iturriaga beteranoen partaidetzarekin eta Iker Uribarrenek gidatuta. Karmelo kaleaz gain, Ricardo Bastida plaza eta Arsuaga kalea zeharkatuko ditu, lau geraldiekin.
Berrikuntza gisa, aurten Karmelo plazan eserlekuak eta lekuak erreserbatu dira, mugikortasun murriztua edo premia bereziak dituzten pertsonentzat. Erreserba bertso saioak hasi baino 15 minutu lehenago egin daiteke.
UDABERRIKO BERTSO SAIOAK 2026 EGITARAUA
MAIATZAK 9, LARUNBATA
13:00etan
Santutxuko Karmelo Plaza.
Gai-jartzailea: IRATI ERKIZIA
MAIATZAK 15, OSTIRALA
Bertso-poteo
20:00etan
Karmelo kalea 7, Santutxu.
Ibilbidea: Karmelo kalea 7 eta 5 – Ricardo Bastida plaza – Arsuaga kalea (4 geraldi).
Gidaria: IKER URIBARREN
MAIATZAK 23, LARUNBATA
13:00etan
Santutxuko Karmelo Plaza.
Gai-jartzailea: URTZI URRUTIKOETXEA
MAIATZAK 30, LARUNBATA
13:00etan
Santutxuko Karmelo Plaza.
Gai-jartzailea: AITOR IRASTORTZA