ICOFF-GASTEIZ Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten eta agertoki berrian izango da: ARKABIAn, Vital Fundazioaren kulturgunean, Vital Fundazioaren eskutik eta Gasteizko Udalaren babespean. Hilaren 18tik 22ra 50 film labur emango dira, aurkeztu diren 676 film laburren artean aukeratuak. Film horiek guztiak zinemaldi onenetan sarituak edo izendatuak izan dira, edo parte-hartu dute. Eta hilaren 23an, larunbatean, amaiera ekitaldian, epaimahaiak Ofiziala ataleko zinta onenaren sariaren eta publikoaren Nazioartekoa sariaren berri emango du. Bigarren sari hori lehen aldiz emango da.
Aurtengo programazioak fikzioa du nagusi, animazio eta dokumental arloetako proposamenekin batera, eta gorantz doan talentua eta ibilbide nabarmena duten lanak uztartuko ditu. Generoak dramatik komediara doaz, eta tartean arlo soziala, beldurrezkoa eta esperimentala ditugu; eta gaiak emakumean, haurtzaroan, immigrazioan oinarritzen dira, baita hainbat arazotan ere, hala nola matxismoa, homofobia, bazterketa soziala eta genero indarkeria.
Aurtengo edizioari buruzko xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte Kepa Sojo eta Sonia Pacios zuzendarikideek, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak eta Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak. Sarrerak eta abonamenduak ARKABIAn (Posta kalea 13-15) nahiz www.arkabia.eus webgunean eros daitezke, 3 eta 15 euroren truke, hurrenez hurren.
ICOFF-GASTEIZ 2026k bere egiturari eutsi dio Ofiziala, Nazioartekoa eta Bagare ataletan, eta formatu laburraren aldeko apustua sendotu du, sorkuntza garaikideko espazioa baita. Era berean, ICOFF-ARIN izeneko bat-bateko film laburren maratoia egingo da jaialdiaren egunetan. Hirian zehar pieza laburrak filmatzen dituzten filmazio taldeak izango ditu. Ikus-entzunezkoen ikasleak eta interesa duten pertsonak formatu txikiko zinemaren munduan parte hartzera erakartzea da helburua, adina kontuan hartu gabe.
Atalak
Ofiziala deritzon atalean 30 lan emango dira, erdiek emakumeak dituzte zuzendari edo ekoizle, genero berdintasunaren aldeko apustu argia egin baita. Hautatutako zuzendarien artean, film luzeak estreinatu dituzten eta noizean behin film laburrera itzultzen diren zuzendarien film laburrak daude, hala nola Mabel Lozano, Polo Menárguez, Lara Izagirre eta Teresa Bellón eta Cesar F. Calvillo. Animazio generoan, aukeratutako sei filmetatik bost emakumezko zuzendariek egin dituzte: Anna Saura, Bea Lema, Inés G. Aparicio, Julia González eta Carmen Córdoba. Saileko beste zuzendaria Alex Rey da.
Euskal film laburrek ere presentzia handia dute. Ofiziala atalean gure autonomia erkidegoan ekoitzitako sei lan aukeratu dira, eta Bagare atalean, berriz, zazpi emango dira. Horietatik zazpi filmek emakumeak dituzte zuzendari eta seitan euskara erabili da.
Nazioartekoa atalak jaialdiaren nazioarteko dimentsioa indartuko du, eta aurten, lau edizioren ondoren lehen aldiz, lehiatzekoa izango da. Oraingoan, publikoaren saria emango da, eta hurrengoetan epaimahai bat izango da, eta sortzaileak beren lanak aurkeztera ekartzen saiatuko dira.
Aukeratutako hamahiru lanen artean, bost kontinenteetako eta 12 herrialdetako film laburrak daude: Frantzia, Portugal, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Norvegia, Hungaria, Hegoafrika, Egipto, Australia, Bangladesh, Singapur eta Mexiko. Cannes, Sundance, Clermont-Ferrand eta munduko zinemaldi onenetatik igaro diren lanak. Era berean, jorratzen dituzten gaiak askotarikoak dira, eta arazo unibertsalak islatzen dituzte testuinguru exotikoetan nahiz hurbilagoetan.
Ofiziala ataleko emanaldiak astelehenetik ostiralera izango dira, 19:30ean. Ondoren, solasaldiak egingo dira, eta bertan, sortzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte. Nazioartekoa nazioarteko atala, berriz, asteartetik ostegunera izango da ikusgai, 17:00etan; eta Bagare, ostiralean, 17:00etan.
OFIZIALA, 19:30ean (89 min.)
Dicen que tu padre (Aitor Abio) 15 min. Fikzioa. Aita aipatu nahi ez duen eskandalu batean murgiltzen denean, Izaro ahizpa txikia babesten saiatuko da.
La diva, mi abuela y yo (Inés G. Aparicio) 10 min. Dokumentala. Edozein arratsaldetan, barre artean, Esperanza Batallón de Modistillas isilean kantatzen ari zaio Ines bilobari. Kuple horrek bere oroitzapenak eta bilobaren irudimena berpiztuko ditu.
Que nadie se entere(Andrea Revi) 15 min. Fikzioa. Vega, 11 urteko neskatoa, udako egun batez gozatzen ari da igerilekuan, lagunez inguratuta. Aurreikusitakoaren arabera doa dena, neskatoak ustekabeko bisita bat jaso arte: bere lehenengo hilekoa.
Tenéis que verlo (Nacho Solana) 17 min. Fikzioa. Luisek eta Anak haur bat izan berri duten lagun batzuk bisitatuko dituzte. Topaketa azkarra izango dela dirudien arren, esperientzia arraro bihurtuko da azkenean.
Una vocal (Polo Menarguez) 14 min. Fikzioa. Ana eta Amparo ama-alabek familiako oroitzapenei aurre egin beharko diete beren bizitzako lekurik bitxienetako batean: anatomiko forentse baten itxaroteko gelatxoan.
El príncipe nigeriano (Marcel Sesplugues) 18 min. Fikzioa. Guillermok, Tecnopisoko langileak, Miamira bizitzera joatea du amets. Hori lortzeko, apartamentu bat erosteko asmoa duen Carme auzokidearekin egingo du.
NAZIOARTEKOA, 17:00etan (70 min.)
Stakkars Meg (Liv Joelle Barbosa Blad)– Norvegia. 20 min. Fikzioa. Nora (15) denda batean lapurtzen harrapatuko dute, eta horrek eztabaida handia piztuko du gurasoekin, familiaren balioei buruz.
A thing about Kashem (Bijon Imtiaz) - Bangladesh-Australia. 16 min. Fikzioa. Une eta leku okerrean gertatuko den ustekabeko gorputz-erreakzio batek adin ertaineko krisia eragin du ezkondutako gizon batengan.
Aasvoëls (Dian Weys) - Hegoafrika-Frantzia. 15 min. Fikzioa. Istripu baten ondorengo tentsio uneetan, agintariak iritsi aurretik, garabi gidari batek, oldarkor eta etsita, sutsuki babestuko du atoian daraman ibilgailua
Câo sozinho (Marta Reis Andrade) - Portugal-Frantzia. 13 min. Animazioa. Txakur abandonatu baten istorioa da, aitona alarguntasuna sentitzen hasi eta ni Londrestik, inoiz baino bakartiago sentitzen nintzen lekutik, itzultzen ari nintzen unean.
Candy bar (Nash Edgerton) – Australia. 6 min. Fikzioa. Neskato batek uste du txokolatina bat erosteko itxaroten ari den ilaran dagoen gizon batek aitaren antza duela.
OFIZIALA 19:30 (88 min.)
Furia (Fran Moreno, Santi Pujol) 19 min. Fikzioa. Eric adingabeentzako zentro batean bizi da 15 urte zituenetik. Jokabide arazoak dituen nerabe oldarkorra da. Hezitzaileak berriz bideratzeko egiten ari diren ahaleginak ez du fruiturik emango.
Davi (Júlia González) 6 min. Animazioa. Anaia bietatik, batek beti nahi izan zuen medikua izan, baina bere patua betiko aldatuko da gerra ate joka datorkionean.
La colisión (Jairo González) 22 min. Fikzioa. 17 urte dituela, Nikok aitaordearekin egiten du lan kolapsatzeko zorian dagoen familiaren eraikuntza-enpresan. Krisi ekonomikoak lana mehatxu bihurtu du.
Sugar (Pablo Arreba, Carlos Gómez-Trigo) 13 min. Fikzioa. Martak, unibertsitateko ikasle den neska gazte batek, bizitza bikoitza du. Klaseez eta lagunekin dituen solasaldiez gain, adineko gizonekiko harremanen munduan murgilduko da, sugar dating plataforma baten bidez.
Dreams for a better past (Albert Kuhn) 21 min. Dokumentala. Argazki bat, botere-ondare isil bat eta hainbat belaunalditan zehar entzuten diren borroka ideologikoak.
Pobre marciano (Alex Rey) 7 min. Animazioa. Jaiotzean jartzen dizuten izenak markatu dezake zure patua. Esan diezaiotela Marciano Martínez Muela gaixoari, berarekin abesteko lagun bat besterik ez baitzuen izan nahi...
NAZIOARTEKOA, 17:00etan (75 min.)
NÅDE (Hedda Mjøen) – Norvegia. 27 min. Fikzioa. Guro-k kasualitatez egingo du topo bere aspaldiko lagunik onenarekin, Petter-ekin, eta Petter berriki izan da bortxaketagatik akusatua. Guro ez dago ziur bere laguna izaten jarrai dezakeen aldeetako baten alde azaldu gabe.
Como si la tierra se las hubiera tragado (Natalia León) – Mexiko-Frantzia. 14 min. Animazioa. Olivia, atzerrian bizi den neska gaztea, Mexikoko jaioterrira itzuliko da bere iraganarekin berriro konektatzeko itxaropenaz. Haurtzaroan ikusi zuen indarkeriak ez du behera egin, eta ezinezkoa izango da berpiztuko dituen oroitzapenekin adiskidetzea.
Zizou (Khaled Moeit) – Egipto. 19 min. Fikzioa. Zizou, gehiegizko pisua duen 13 urteko mutikoa, auzoko mutil ospetsuenaren lagun egiten saiatuko da. Etengabe egingo dituen saiakerek ustekabeko isekak eragingo dizkiote, eta konpondu gabeko sentimenduak piztuko dira.
Le dérapage (Aurélien Laplace) – Frantzia. 15 min. Fikzioa. Gaur goizean, Paul Sérédat-ek, berriro hautatua izateko bere kanpainan dabilen diputatuak, irratian entzungo du: hanka sartze bat egin du. Urduri jarriko da: zer esan ote zuen halako eraso mediatikoa merezi izateko?
OFIZIALA, 19:30ean (91 min.)
Cotton candy (Adán Aliaga) 14 min. Fikzioa. Carol azoketako salerosleen hirugarren belaunaldikoa da. Marina alaba nerabea beti joaten da oporretan berarekin eta haserre dago mundu guztiarekin, lagunekin izan ezik.
Polígono X (Néstor López) 15 min. Fikzioa. Auzoko futbol-kantxa batzuk. Rana eta bere taldea ondoko auzoko brasildarrek umiliatuta sentitzen dira. Baina gaur ez dute galduko, eta are gutxiago Alba Ranaren neska-lagun ohiaren aurrean.
Una cabeza en la pared (Manuel Manrique) 21 min. Fikzioa. Hiru urte igaro dira Espainian zezenak abolitu zirenetik, eta Rafael Jesusek jada ezin izango du zezenketaren figura izan.
Pinchu es así (Carmen Córdoba) 9 min. Animazioa. Pinchu lizuna da, eta denek hartzen dute barrez berak dioena, baita Jimena neska-lagunak ere. Asteburu honetan 30 urte beteko ditu eta jai epikoa antolatzen ari da. Bea da iragazkirik gabe, den modukoa, ikusteko gai den bakarra.
Ultramarino (Silvina Guglielmotti, Maren Zubeldia) 18 min. Fikzioa. Zazu-k, nerabezaroaren atarian eta bere nortasunaren bila, bere herriko festan rol jakin bat betetzearen edo bere sentimenduei leial izatearen artean aukeratu beharko du.
El regalo (Lara Izagirre) 14 min. Fikzioa. Aurora, Dessi eta Samara, emakume ijito hirukote bat, Bilboko erdigunera jaitsiko da lobari urtebetetzeko opari bat erostera.
NAZIOARTEKOA, 17:00etan (71 min.)
Buah (Jen Nee Lim) – Singapur. 15 min. Fikzioa. Abortua legez kanpokoa den garai eta leku horretan, haurdun dagoen emakume batek bere haurdunaldia eteteko behin eta berriz egingo dituen saiakerek porrot egingo dute autobus gidari bitxi batekin topo egin arte.
Turisti (Mária Kralovic) - Eslovakia-Txekiar Errepublika-Frantzia. 15 min. Animazioa. Hana eta Kornel senar-emazteentzako ohiko lan bidaia dena bizirik irauteko abentura bihurtu da bat-batean.
The spectacle (Bálint Kenyeres) - Hungaria-Frantzia. 17 min. Fikzioa. Ijito gazte bat aukeratuko dute telebistan agertzeko, bere dohain ezohikoaren berri zabaldu ondoren. Espektatibak areagotu ahala, bere talentu ezkutuak hedabideen miaketaren distira gogorrari egin beharko dio aurre.
Matagatos (Isabel Vaca, Arturo Mendicuti) – Mexiko. 24 min. Fikzioa. Oso eta bere auzoko Ivan harreman tirabiratsu batean harrapatuta daude. Ivanen katuari erasotzen diotenean, Osok salbatu egingo du eta harekin ustekabeko lotura eratuko du, eta horrek gatazka are handiagoa sortuko du.
OFIZIALA, 19:30ean (89 min.)
Loquita por ti (Greta Díaz Moreau) 19 min. Fikzioa. Almak nerabezaroa bizi du bete-betean, Jose du bere jomugan, denek desiratzen duten urrezko mutila. Agertokia: zezen-txuliaketa bat dago eta mutilek kementsuak direla erakutsi beharko dute; neskek, bien bitartean, mutilen arreta bereganatzea espero dute.
Sophia (Anna Saura) 9 min. Animazioa. Sophiaren unibertsoa iluntzen hasiko da bizitza idilikoa eta gorputz eredugarria duen influencer batekin obsesionatzen denean.
Ser un hombre (Lucas Parra) 21 min. Fikzioa. Miguelito, zazpi urteko ume errugabea, ehizaldi batera joango da aitarekin eta aitonarekin batera, eta ehizaldi horrek betiko aldatuko dio bizitza.
Secretos a voces (Gorka Carcedo) 4 min. Dokumentala. Duela hiru hamarkada baino gehiago grabatutako euskal ezkontzaren bideo zahar baten bidez, belaunaldiz belaunaldi ezkutuan gordetako familia sekretuak azalduko ditu dokumental honek.
Quemarlo todo (Miguel Casanova) 18 min. Fikzioa. Gauez zuzenak izatera jolasten duen lagun talde baten liderra da Mireya.
Cara de cona (Guillermo de Oliveira) 18 min. Fikzioa. Moncho aspaldidanik bizi da eta lan egiten du Galizia landatarreko herrixka batean. Bere barne bakea Pardavila-ren etorrerak asaldatuko du. Pardavila auzo onbera da, eta Monchok harekiko gorroto irrazionala sentituko du.
BAGARE, 17:00etan (85 min.)
Azpian (Danel Garay, Laura Barquín) 5 min. Fikzioa. Kondaira ilun bat gordetzen duen laku batean bainatzen ari dira ahizpa bi. Beldurrezko zinema, familia baten hausturari eta alaba bien egoera emozionalari buruzko kontakizun intimo bat eraikitzeko.
Deja de hablarme (Laura Gerricaechevarría) 13 min. Fikzioa. Gure pertsonaiak hirurogeita hamarreko hamarkadan ainguratutako apartamentu zahar batean bizi dira. Gainbeherak hartu du lekua, eta ama-alabek gobernatzen dituen isiltasunari egin behar diote aurre.
Glory Hole (Andoni Fernández) 16 min. Fikzioa. Borjak Glory Hole bat aurkitu du diskoteka bateko komunean. Zalantza du, baina azkenean frogatzea erabaki du. Handik pixka batera, konturatuko da ezin duela zakila zulotik atera.
Iturralde (Jon Martija Leunda) 14 min. Dokumentala. Gaztainatik babarrunera. Lurraren, uraren, errautsaren eta haziaren bitartez. Heriotzatik bizitzara.
Orain zer? (Ainhoa Urgoitia) 14 min. Dokumentala. Eguneroko errealitateak oso txikitatik erakusten digu emakumeoi gure gorputzei buruzko iritzia eman dezakeela edonork.
Txapela (Antton Bastero) 7 min. Fikzioa. Herri txiki batean, begirada zorrotzeko jauntxo batek bere boterea erabiltzen du, eta denei makurrarazten die txapela buruan, bere presentzia sentitzean. Denek diote beldur, Txomin arrain saltzaile iritsi berriak izan ezik.
Zezena eta umea (Igor García Piñas) 16 min. Fikzioa. 60ko hamarkadan (Euskal Herria), Gartzia, Miren eta bere haurra baserri isolatu batean bizi dira. Pobreziatik ateratzeko, Gartziak zezen suhar bat erosiko du, baina plana okertu egingo zaio.
OFIZIALA, 19:30ean (89 min.)
Señuelo (Martha G. Ayerbe) 16 min. Fikzioa. Martin haur lotsati eta sentibera da, eta ehiza-egun batera joango da aitarekin eta haren nagusiarekin.
Abril, hoy no es invierno (Mabel Lozano) 13 min. Dokumentala. Ángeles Blanco garun-paralisia duten pertsonei laguntzen dien elkarte bateko abokatua da. Egun batean, SOS mezu bat jasoko du telefonoan. Besterik ez.
La barraca (Júlia Castaño) 12 min. Fikzioa. Edari hotzak, itsasora begira eta erlaxatuta. Horrela bizi da uda.... erretiluaren beste aldetik.
El cuerpo de cristo (Bea Lema) 12 min. Animazioa. Deabru bat dabil Adelaren etxearen inguruan, Adela jazartzen eta min ematen ari da. Horrek psikiatraren kontsultara eramango du, eta hark botikak ematea erabakiko du, berak behar duena norbaitek benetan zer gertatzen ari zaion entzutea izan arren.
In memoriam (Teresa Bellón, César F. Calvillo) 18 min. Fikzioa. Alicia, krisi betea bizi duen 40 urteko aktorea, Zinema Akademiara joan da galdetzera: “Ni orain hilko banintz, Goya sarien In Memoriam atalean aterako nintzateke?”
Amaiera ekitaldia eta sari banaketa, 19:30ean
Gemma Martinez aktore eta aurkezleak gidatuko du ekitaldia, eta, gainera, Aroa Berrozpe bakarrizketari nafar dibertigarria izango da bertan, baita Twin room duo, Sonia Vera & Josu Jung taldearen musika ere.
Ekitaldian, epaimahaiak emandako Ofiziala saria ezagutuko da. Epaimahaia honako hauek osatzen dute: Vicky Calavia, Zaragozako zuzendari, ekoizle, gidoilari eta programatzailea; Chechu León, Arnedoko (Errioxa) Octubre Corto jaialdiko zuzendari eta programatzailea; eta Marta Romero, zinema, antzerki eta telebistako aktore lleidarra, bai eta zuzendari eta gidoilaria ere.
Abonamenduak eta sarrerak
Abonuak (15 €) nahiz sarrera solteak (3 €) ARKABIAren webgunean eros daitezke (www.arkabia.eus) eta aurrez aurre Foru Plazan duen egoitzan (Posta kalea 13-15), astelehenetik igandera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (astearteetan itxita).
Halaber, egun bakoitzeko emanaldietarako sarrerak emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik ere eskuratu daitezke, baldin eta sarrerarik salgai balego.