Ekainarekin batera hasiko da udako denboraldia Hondalean: ekainaren 1etik irailaren 30era arte, egunero izango da aukera Cristina Iglesiasen instalazio artistikoa bisitatzeko. 11:00etatik 18:30era sartu ahal izango da bertan, ordu erditik behin, eta ez da aurrez erreserbarik egin beharko.
Ospakizun bereziak tarteko, Hondalea itxita edo ordutegia moldatuta egongo da honako egunetan: uztailak 16 (Karmengo Amaren eguna), abuztuak 10 (Aste Nagusiko Piraten abordatzea), abuztuak 15 (Paseo berriko itsas-zeharkaldia) eta irailak 2, 3, 6 eta 13 (Kontxako estropadak). Honi buruzko informazio eguneratua www.hondalea.eus webgunean egongo da eskuragarri.
Uztaila eta abuztuan zehar, bisita gidatuak ere eskainiko dira eta, hauetarako bai, txanda aurrez hartu beharko da. Uztailaren 1ean hasi eta abuztuaren 31ra arte, bisita gidatuak egongo dira ostiraletan (euskaraz), larunbatetan (gaztelaniaz) eta igandeetan (gaztelaniaz). Horietako egun bakoitzean, bisita bakarra. 11:00etan kaitik aterata, 2 ordu iraungo du eta prezioa 26 eurokoa (BEZa salbuetsita) izango da. Bisitarako gutxienez 8 laguneko taldea osatu beharko da eta gehienera 20 pertsonarentzat izango da tokia.
Dagoeneko martxan da talde hauentzako eskaintza berezia. Maiatzaren 11tik ekainaren 30era eta irailaren 14tik urriaren 30era, eskola taldeek eta gizarte eta kultur taldeek aukera izango dute Hondalea bisitatzeko. Goizez eta arratsaldez izango dira, eta jardunaldiaren araberako iraupenekoak.
Norbere kasa joaterik ez duenak, irlarako joan-etorria motoraz egin lezake. Motorako tiketak erosi egin behar dira zerbitzu hori ematen duen enpresak kaian duen leihatilan. Motoraren zerbitzua baldintza meteorologikoen eta itsasoaren egoeraren mende egongo da.