Bizkaiko Foru Berriaren V. mendeurrena (1526-2026) oroitzen duen erakusketa ibiltaria Galdakaon izango da igandera arte, uztailak 5. Zehazki, Emakume Dinamitarien plazan dago ikusgai eta, hamar informazio panelen bitartez, Bizkaiko testu juridiko garrantzitsuenetako baten historia, jatorria eta autogobernuaren bilakaera modu didaktikoan ezagutzeko aukera eskainiko du.
Erakusketak 1526an Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako, eta ondoren Karlos I.a enperadoreak berretsitako Foruaren sorrera eta testuingurua azaltzen ditu. Testu horrek foru zuzenbidea eguneratu zuen eta garaiko beharretara egokitutako autogobernu eredua sendotu zuen; gainera, aitortutako eskubide eta askatasunengatik, bere garaian aurreratuenetakoa izan zen.
Ibilbidean zehar, bisitariek Bizkaiko historia instituzionaleko mugarri nagusiak ezagutzeko aukera izango dute, baita gaur egunera arte iraun duten foru printzipio eta tradizioen jatorria ere. Erakusketa Bizkaiko Foru Berriaren V. mendeurrena dela eta antolatutako ekitaldi programaren parte da. Horren baitan, pasaden maiatzean Gernikan egin zen ekitaldi instituzionalean parte hartu zuen Galdakaoko Udalak, Iñigo Arriandiaga alkatea udalaren ordezkari gisa bertan izan zelarik.
Galdakaoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu kale erakusketa hau bisitatzera eta Bizkaiko historiaren, autogobernuaren nahiz ondare instituzionalaren funtsezko ataletako bat gertutik ezagutzera.