Getxo Jazzaren 49. edizioak uztailaren 1etik 5era irekiko du euskal jazzaldien denboraldia. Getxo Jazzak abonu kontzertuetarako artisten zerrenda osatu berri du Moisés P. Sánchez madrilgo pianista eta Immanuel Wilkins saxo-jotzaile estatubatuarraren kontzertuekin. Artista horiez gain, aurretik iragarritako Charles Lloyd, Camille Thurman eta ‘Sketches of Latin Miles’ proiektuaren proposamenaz gozatu ahal izango dute zaleek Muxikebarrin uztailaren 1etik 5era bitartean, jaialdi getxotarraren 49. edizioan, aurten ere Euskadiko jazzaldien denboraldiari hasiera emango diona. Sarreren eta abonuen salmenta datorren astelehenean, martxoaren 30ean, hasiko da Getxo Kulturako ohiko kanaletan.
Lehenengo egunean, uztailaren 1ean, Moisés P. Sánchez piano-jotzaile eta konpositorearen eskutik hasiko dira kontzertu nagusiak. Grammy Latinorako izendatua eta bi aldiz Musika Independentearen MIN Sariaren irabazle, artista madrildarra Espainiako jazz-eszenaren balio nagusietako bat da. Eszenan hainbat hamarkada daramatza jazzetik irekitzeko gai den hizkuntza propioa garatzen, hala nola musika garaikidea, rock progresiboa edo soinu sinfonikoak, haria eta emozioa inoiz galdu gabe. Getxon, besteak beste, ‘Dedication II’ azken laneko kantuak joko ditu, eta laukotera itzuliko da duela hamabost urte New Yorken grabatutako izen bereko diskoaren lehen zatiari jarraipena emateko, freskotasunez eta pultsu adierazkorrez betetako obra lortuz. Horretarako, lagun izango ditu Javier Vercher (saxo tenorra), Toño Miguel (kontrabaxua), Naima Acuña (bateria) eta, gonbidatu berezi gisa, Cristina Mora abeslaria.
Uztailaren 5ean, igandean, Immanuel Wilkins (1997, Philadelphia) saxo-jotzaile gazteak itxiko du jaialdia, jazza tradizio bizi, arrisku-lurralde eta beste arte batzuekin hitz egiteko espazio gisa ulertzen duen belaunaldi berri baten erreferentea. The New York Times-ek 2020ko jazz diskorik onena izendatu zuen ‘Omega’ lanarekin egin zuen debuta liluragarrian hasi eta ‘Blues Blood’ bere azken lanera arte, begirada handinahi eta irekiago batekin zabaldu du bere musika, ahotsak eta testura berriak gehituz, bere esentzia galdu gabe: zintzotasuna, espiritualtasuna eta konexio ahalmen indartsua. Oraingoan, laukotean jardungo da Getxon, Micah Thomasekin (pianoa), Ryoma Takenagarekin (baxua) eta Kweku Sumbryrekin (bateria) batera.
Talde Lehiaketa
Ohi bezala, Getxo Jazzeko kartelburuen aurretik, Talde Lehiaketako bandak arituko dira. Aurten 44 taldek parte hartu dute lehiaketako aurretiko fasean eta, hautaketa batzordeak hala erabakita, Frame hirukote italiarra, Lurium seikote frantziarra eta Cristopher Pérez Quartet eta Saul Andreu Quartet talde espainiarrak lehiatuko dira final handian. Irabazleak 4.500 euroko saria eta zuzeneko CD bat grabatzeko aukera izango du. Horrezaz gain, jaialdiaren azken egunean joko dute berriro. Era berean, irabazleek Lovainako (Belgika) B-Jazz eta Eivissa Jazz (Ibiza) jaialdietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen lankidetza-hitzarmenaren bitartez. Bestalde, lehiaketaren bigarren saria 1.900 eurokoa izango dada eta bakarlari onenak 950 euro jasoko ditu.
Kartela
CharLee Mito ilustratzaile bilbotarra da Getxo Jazzaren aurtengo edizioko kartelaren egilea. Ibilbide luzeko profesionala, EHUn Arte Ederretan lizentziaduna da, eta, lustrazioaz gain, diseinu grafikoan, bideo-sorkuntzan eta musikan ere lan egin du. Estilo moldakorraren erakusle, oso ezaguna da publizitatearen eta kartelen alorretan. Halaber, Euskal Irudigileak elkarteko (Euskal Ilustratzaileen Elkarte Profesionala) kidea da, eta sormen-lana ikusarazteko hainbat ekintzatan parte hartzen du. Bere lanen artean, bestak beste, BBK Legends 2024 jaialdiaren kartela, ‘Una calle para Juanita Mir’ proiektua eta Libracos-entzat Pop Up liburuen edizioa nabarmendu daitezke. Nazioartean, aipatzekoa da Frantziako Tourreko 2023ko kartela aukeratzeko sei artista finalistetako bat izan zela. Gainera, Bogotako (Kolonbia) 2024ko Ilustropia Vol. 2 Nazioarteko Jaialdiko gonbidatu nabarmenetako bat izan zen eta Bolognako (Italia) Haur Liburuen Azokan ere parte hartu du. 2023an urte horretako Frantziako Tourraren edizioko kartela aukeraketa-prozesuan, sei artista finalistetako bat izan zen.
Getxoko jaialdiaren kartelaren irudiarekin, musikaren eta kulturaren balioa aldarrikatzen du artistak, gerraren basakeriaren aurrean babesleku gisa. Mezu hori islatzeko, Charlie Parker handiaren bird goitizenean inspiratutako elementu metaforikoez baliatzen da, baita jazz modernoaren mezenas izan zen Pannonica de Koenigswarterren lanean ere, Getxoko eraikin enblematikoenetako bat ahaztu gabe, Arriluzeko Naufrago Etxea.