Bilbao BBK Live 2026 Euskaraz!

Bilbao 2026(e)ko Uztailak 12
  • Bilbao BBK Live 2026 Euskaraz!

Euskarazko musikak leku nabarmena izan du beti Bilbao BBK Live jaialdiaren bi hamarkadako historian. Orain EUSKARAZ! aurkezten du; datorren uztailaren 12an Bilboko erdigunea euskararen, zuzeneko musikaren eta tokiko sorkuntzaren inguruko doako ibilbide bihurtuko duen proposamen berria, non hiriko hainbat gunetan banatutako sei kontzertuk osatuko duten egitaraua. EUSKARAZ! jaialdiaren 20. urteurrena ospatzeko antolatutako programazio bereziaren parte da, eta BAI! zinema-zikloa, Herrian, Hirian, Mendian, Bilbao Jokoan, Bereziak eta Calle Latina bezalako ekimenekin bat egiten du.

Gure hizkuntzak belaunaldi zein ikuspegi ezberdinak elkartzeko duen gaitasuna eta honen balioa ardatz moduan hartuta, EUSKARAZ! ekimenak euskara sorkuntza artistikorako eta ospakizun kolektiborako tresna gisa aldarrikatu nahi du. Uztailaren 12ko igande arratsaldean, 16:45etik 21:00etara, Isozaki Dorreek, Arenal Kioskoak eta Albia Lorategiek euskal eszenako ahots nabarmenenetako batzuk bilduko dituen programazioa hartuko dute. Hiru gune horiek, gainera, Bilbao BBK Live jaialdiaren iruditeriarekin eta hiriaren erdigunearekin lotura estua dute.

Ekimen honetako kartel eklektikoak euskal eszenako artista finkatuak zein gorantz doazen ahots berriak bilduko ditu. Programazioa 16:45etan hasiko da Isozaki Dorreetan kokatutako agertokian, Korrontziren eskutik; gaur egungo euskal musika tradizionalaren erreferente nagusietako bat da, eta dantzariek protagonismo berezia izango dute oholtza gainean. Ondoren, 18:30ean, Bengo igoko da oholtza berera; euskal pop berriaren ezinbesteko izenetako bat. 17:45ean musika Albia Lorategietan ere hasiko da, XSakara bermeotarraren eskutik. Programazioko proposamen bihurrienak belaunaldi oso baten ereserki bihurtu diren kantuak ekarriko ditu, eta ondoren, 19:15etan, Eider Saez ariko da, popa, rocka, sentiberatasuna eta gertutasuna uztartzen dituen bere estiloarekin. Arenal Kioskoan kokatutako agertokiak Afrika Bibangen emanaldia hartuko du 18:30etan; diziplina anitzeko artista honek soul-a, funk-a eta afro doinuak uztartzen ditu ikuspegi pertsonal eta konprometitu batetik. Igande arratsaldeko azken emanaldia Arteanen eskutik etorriko da 20:00etan, tokiko eszenaren etorkizuna markatzera deitutako talde emergenteetako baten eskutik.

EUSKARAZ!en bidez, Bilbao BBK Livek azken bi hamarkadetan jaialdiaren nortasunaren parte izan den ardatzetako batekiko konpromisoa berresten du: euskararen sustapena eta tokiko sorkuntzaren aldeko apustua. Biak ere funtsezko tresnak dira zuzeneko musika eta arteak modu ireki, partekatu eta lurraldearekiko zein bertako komunitatearekiko lotura ulertzeko.

Bilbao BBK Livek Bilboko Udalaren, BBK Banku Fundazioaren, Kutxabanken, San Miguelen eta Gaztea hedabide kolaboratzailearen babesa du, baita EUSKARAZ! aurrera eramatea ahalbidetzen duten beste babesle eta gainerako erakunde laguntzaileen ekarpena ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Jauzia Gara ekimenaren bitartez babestuko du EUSKARAZ!, helburu bezala euskararen erabilera soziala eta hizkuntza harreman, aisialdi eta kultura-gune berrietara hurbiltzea duena.

EUSKARAZ!

Bilbo

Igandea, uztailak 12

Isozaki Dorreak

16:45 Korrontzi

18:30 Bengo

Albia Lorategiak

17:45 XSakara

19:15h Eider Saez

Arenal Kioskoa

18:30 Afrika Bibaang

20:00 Artean

bilbao.eus

Laburrean

Non