Uztailaren 15etik 27ra bitartean, Amorebieta-Etxano berriro murgilduko da herriko jaietan, zornotzar guztiek urte osoan zehar irrika handiz itxaroten dituzten egunetan. Udalak adin eta gustu guztietarako pentsatutako egitarau zabala prestatu du, tradizioa, musika, kirola, kultura, aisialdia eta parte-hartzea uztartzen dituena.
Aurreko urteetan bezala, barraketan soinurik gabeko ordutegiak mantenduko dira, pertsona guztien inklusioa eta gozamena bermatzeko. Horrez gain, aurten ere Udalak entzumen- edo zentzumen-sentsibilitatea duten pertsonentzako zarata murrizteko kaskoak jarriko ditu herritarren eskura. Bi neurritan eskuragarri dauden kasko berrerabilgarri horiek uztailaren 1etik urrera eska daitezke Zelaieta zentroan. Neurri horiekin, Udalak jai irisgarri eta inklusiboen aldeko apustua indartzen du.
Jarduera tradizionalak eta programazio kulturala anitza
Jaiak uztailaren 15ean hasiko dira, 20:00etan, Herriko Plazan egingo den pregoi eta txupinazoarekin. Lehenengo jai demokratikoetako kuadrilek emango diete hasiera ofiziala Karmenei, eta ondoren Zorhontzaren kalejirak herriko kaleak girotuko ditu erraldoi eta buruhandien konpartsekin, txistulariekin, gaiteroekin, Zornotzako Musika Bandarekin eta Triki Piurekin.
Egitarauak urtero bezala Karmen jaien ikur diren jarduerak bilduko ditu: Larreako Karmen Eguna, herri kirolak, marmitako lehiaketa, baserritarren eta artisauen azoka, danborradak, Aitite-Amamen Eguna, Kittu Maratoia, Zornotza Aniztasun Kalejira, Mozorro Eguna edo uztailaren 25eko su artifizialen ikuskizuna, besteak beste.
Musikak protagonismo berezia izango du beste behin ere. Zelaieta eta Zubiondo izango dira kontzertu nagusien agertokiak, eta bertatik igaroko dira Süne, Txapela Brava, Latzen, Heitxi, Eztandap, Jonkass, El Drogas, Neomak, Chenoa eta Ruper Ordorika. Horiez gain, Oxabiren erromeria, En Esenzia orkestraren emanaldia, txistularien kontzertu berezia, Zornotzako Musika Bandaren Nino Bravori eskainitako omenaldia eta bertsolari saioa ere izango dira.
Herriko kaleek ere jai giroa izango dute egunero kalejirak, fanfarreak, elektrotxarangak, karaoke ibiltariak, disko festa ibiltariak eta hainbat musika emanaldi ibiltariren bidez.
Programazioak kultur proposamen ugari ere jasotzen ditu, hala nola “Al fin y al cabo” antzezlana, Barsanti konpainiaren “Kodizia Late Night”, Haatik Dantzaren “IOI” ikuskizuna edo haur eta gazteei zuzendutako tailer eta ikuskizunak.
Kirolak ere leku nabarmena izango du egitarauan. Amorebieta IV frontoian pilota profesionaleko jaialdiak eta herriko txapelketako finalak jokatuko dira; horiez gain, Zornotzagol futbol txapelketa mistoa, Basket 3×3, bolo txapelketak, Bizikleta Eguna, VIII. Duatloi Txikia, herri kirolak, arku tiroa, modelismo nautikoa, motorren eta auto klasikoen kontzentrazioak, Agustin Zamakona Oroimenezko xake txapelketa eta Euskal Herriko artzain txakurren txapelketa ere izango dira.
Familiek eta txikienek ere aukera zabala izango dute jaiak gozatzeko. Ogenbarrenako puzgarri inklusiboak, Txitatoki Zirkus, Txiki Txef, perkusio eta batukada tailerrak, akrobazia erakustaldiak eta beste hainbat jarduera izango dira haurrentzat. Gazteei dagokienez, Txallengeko probek, ginkanek, piragua jaitsierak, playback eta karaoke lehiaketek, bazkari herrikoiek eta gaueko aisialdi eskaintzak osatuko dute egitaraua.
Aitite-Amamen Egunak ere bere lekua izango du uztailaren 25ean, adinekoei eskainitako jardunaldi berezi batekin. Bazkari herrikoiak, dantzak eta musika izango dira belaunaldi arteko topaketa eta omenaldi horren ardatzak.
Kontzertu eta emanaldien egitaraua
Zubiondo agertokia:
Zelaieta agertokia:
Plaza eta aire zabaleko guneak: