Gozatu Iruñeko ilunabarrez kaleko arteen, dantzaren eta musikaren erakustaldi artistikoekin birsortutako espazio batean. Ikuskizunak, teknologikoki, eguzki-energia baliatuz eginen dira. Zikloak zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak uztartzen ditu.
PROGRAMA
Abuztuak 7, ostirala.
UNBRAFONOA. ENRIQUE DEL CASTILLO. (Musika/Fisika/Matematika)
Unbrafonoa Enrique del Castilloren proiektua da: 2 irakurgailu optikok soinu bihurtuko dituzte zelula fotosentikor batzuen gainean islatzen diren argi-kinadak.
Argi-sorta batek zeluloidezko film-euskarri bat zeharkatzean sortzen dira argi-kinada horiek. Film-euskarriak noten uhin-maiztasunaren eta irudi geometrikoen errepikapenaren arteko harreman-eskema batetik abiatuta diseinatzen dira, doinu harmonikoak, zaratak, soinu-ehundurak eta atmosferak erdietsi ahal izateko.
Abuztuak 14, ostirala.
BLUE. MARGARIDA MONTENŸ (Aireko akrobazia/akrobazia fisikoa)
Blue ikuskizun intimo eta inguratzailea da, ikusleak oholtzako tramankuluetan sartzera gonbidatzen dituena. Performancea honetan atmosfera ukiezin bat eraikitzen da, non hauskortasuna eta erresistentzia elkarrekin bizi diren, eta emakumearen gorputzaren indarra den lanaren ardatz nagusia.
Aireko akrobazia-proiektu honetan bisualki jolasten da altueraren eta erorikoaren, orekaren eta kontrapisuaren, samurtasunaren eta indarraren pertzepzioarekin, horretarako paisaia iragankorrak sortuz. Aldi berean, zirkuko teknikarik zahar eta tradizionalenetako bati aurre egiten dio, soka bertikalari, estetika eta ikuspegi esperimentalago eta gaurkotuago baten bidez.
Abuztuak 21, ostirala.
FAMULUS 4.0. IRON SKULLS CO. konpainia (Dantza/AA/Robotika).
2013az geroztik Iron Skullsek mugimenduaren mugak ikertu eta berritzen dihardu, arte eszenikoak eta Breaking dantza hibridatuz kultura transmititu nahirik.
Konpainiaren funtsak dantza garaikidearen sentikortasuna eta hiri-dantzen indarra antzerkiarekin batera uztartzen ditu, mugimenduaren mugak hausteko. Dantzatik at dauden elementuak hibridatzeko grina da konpainiaren ezaugarri behinena, eta hala, arte bisualak eta teknologia sormen-prozesuko funtsezko atalak dira.
Era berean, iragana, oraina eta etorkizuna arakatzen duten unibertso artistikoak sortuz, dantza-konpainia honek arte-eszenikoko ekoizpenak egiten ditu berrikuntza eraldaketa sozial eta kulturalaren eragiletzat hartuta.