Donostiako Aste Nagusia 2026 abuztuaren 8tik 15era ospatuko da. Donostiako Aste Nagusiak azken urteetako egitaraurik mamitsuena izango du. Donostiako Udalak, Donostia Kultura Festaken bitartez, donostiarrei eta hirira Aste Nagusiaz gozatzera hurbiltzen diren guztiei festa bizitzeko modu desberdinak eskainiko dizkien programa prestatu du. Guztira, 416 jarduera izango dira hiriko 30 gunetan, berrikuntzak eta donostiarren bihotzean dagoen Aste Nagusiaren nortasuna osatzen duten hitzordu klasikoak uztartuz.
Aste Nagusia abuztuaren 8an, larunbatean, hasiko da ohiko kanoikadarekin. Aurten, une berezi horretako protagonista hiriko zazpi dantza talderen ordezkaritza izango da. Antiguotarra Dantza Taldeko, Arkaitz Añorgako Dantzariak Taldeko, Eskola Dantza Taldeko, Gero Axular Dantza Taldeko, Goizaldi Dantza Taldeko, Trebeska Dantza Taldeko, Herridantza Dantza Taldeko eta Kresala Dantza Taldeko kideek Udaletxeko terrazatik emango diote hasiera Aste Nagusiari Udal Korporazioarekin batera. Hiriko dantza talde guztiak ekitaldi honetan elkartzea ezinezkoa denez, aurten zazpi talderen ordezkaritza batek hartuko du parte hasierako ekitaldian, hirian urte osoan zehar kultura tradizionalaren alde egiten duten eragileei aitortza eginez.
Nobedadeak
Aurtengo Aste Nagusiak berrikuntza ugari ekarriko ditu, naturarekin, zientziarekin, kulturarekin eta tradizioarekin lotutako proposamen berriak eskainiz. Donostia Kultura Festak eta Cristina Enea Fundazioaren arteko lankidetzari esker, abuztuaren 10etik 14ra, bisita gidatu bereziak egingo dira hiriko klima-babesgune nagusiak ezagutzeko, arte-eskuhartze txikiekin osatutako ibilbideen bidez.
Kursaaleko terrazak ere berrikuntza izango du aurten. Abuztuaren 10etik 13ra, Arratsaldea dantzatzen da! egitasmoak zuzeneko musikaz girotutako dantzaldiak eskainiko ditu, pista partekatzera, aspaldiko lagunekin berriz elkartzera eta itsasoari begira musikaz gozatzera gonbidatuz.
Abuztuaren 10ean, Guretara proposamen berriak XX. mendeko 20ko hamarkadako Donostiako udaldietara eramango ditu herritarrak eta bisitariak, garaiko musikaren, jantzien eta giroaren bidez.
Sukaldaritzak ere berrikuntza izango du aurten, Kokotxak pil-pilean lehiaketaren lehen edizioarekin.
Eta, zalantzarik gabe, aurtengo une berezienetako bat abuztuaren 12ko eguzki-eklipse partziala izango da. Arratsalde osoan zehar Katalunia plazan eta Sagüésen antolatutako jarduerek zientzia, dibulgazioa eta jai-giroa uztartuko dituzte. Txikienek astronauta-pasaportea lortu ahal izango dute eta, iluntzean, Saguesek zerura begiratuko du, ETBrekin batera fenomeno astronomiko paregabe honetaz gozatzeko.
Berrikuntzen artean izango dira, halaber, Oporrak Bakean ekimenaren 40. urteurrenaren ospakizuna, Puro Relajo eta Aba Taano taldeek Konstituzio plazan eskainiko dituzten emanaldiak, Urumean zehar Martutene ezagutzeko piragua-ibilbideak, eta hainbat proposamen berri, publiko guztiei zuzendutako eskaintza zabaltzen jarraitzeko.
Klasikoak, jaiaren bihotza
Berrikuntzek aurtengo egitaraua aberasten duten bezala, Aste Nagusiaren nortasuna urtez urte donostiarren eta bisitarien topagune bihurtu diren hitzordu klasikoek osatzen dute. Urtero irrikaz itxaroten diren uneak dira, Aste Nagusiaren esentzia bizirik mantentzen dutenak eta, urtez urte, donostiarrak zein bisitariak berriro elkartzen dituztenak.
Arratsaldero, Erraldoiak eta Buruhandiak hiriko kaleetan barrena ibiliko dira, belaunaldi guztiak elkartuz. Trinitate plaza izango da berriro Herri Kirolen topagune nagusia; bertan, pilota, aizkolarien Urrezko kopa, Uliako Harria eta Igeldoko Harria izango dira protagonista.
Kirolak ere presentzia nabarmena izango du Aste Nagusian. Egian Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa jokatuko da; Boulevardean, Bizikleta Festa; Zurriolan, hondartzako boleibola; Antiguan, pilota; Ondarretako Tenisean, padela; Nautikoan, waterpoloa; eta Urumean, kirola egiteaz gain, ibaia bertatik ezagutzeko eta Martutene beste ikuspegi batetik deskubritzeko aukera eskainiko duten piragua-jarduerak egingo dira.
Pasealeku Berriko eta Gipuzkoa plazako barrakek ere jai-giroa osatuko dute. Aurten ere, lau egunetan, zaratarik gabeko ordutegiak izango dituzte, pertsona guztiek barrakez gozatzeko aukera izan dezaten.
Musikak eta kulturak ere leku nabarmena izango dute programazioan. Easo plazan eta Boulevardeko kioskoan gustu guztietarako kontzertuak izango dira; Konstituzio plazak folklorearen hitzordu klasikoak hartuko ditu; Aitzol parkeak, Alfontso XIII.a plazak eta Katalunia plazak ere egitarau berezia eskainiko dute. Azken horretan, gainera, Oporrak Bakean ekimenaren 40. urteurrena ospatuko da.
Eta, urtero bezala, milaka lagun elkartuko dituzten Aste Nagusiko hitzordu nagusiak ere ez dira faltako: 61. Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketa, Zezensuzkoa eta Sagüéseko kontzertuak. Lehiaketari amaiera emateko, abuztuaren 15ean, Valecea pirotekniak, bere 150. urteurrena ospatzeko, bereziki sortutako ikuskizun piromusikala eskainiko du.
Hauek izango dira Saguesek hartuko dituen 8 musika emanaldiak:
Rock alternatiboa, indie rock eta indie pop estiloak nahasten dituen Veintiuno taldeak irekiko ditu Sagueseko gauak. 2011n Toledon sortua, talde honek Estatuko geografia zeharkatu du festibal eta areto esanguratsuenetan kontzertuak eskainiz. Bere musika kontzeptua adiskidetasunari erabat lotuta dago, eta horrek Espainiako indie arloan talde errespetatuenetako batean bilakatu du.
Belaunaldi ezbedinetako bi emakume rockeroek euren talentua batu dute igande gau berezia eskaintzeko. Nat Simons madrildarra Estatuko rockaren irudi esanguratsuenetako bat da, eta agertokia partekatuko du Aurora Beltran iruindarrarekin, hain zuzen ere, ibilbide luzeko rock irudi ikoniko batekin, bai bakarlari moduan, baita Tahures Zurdos bezalako talde baten lider bezala ere.
Extremadurako Sanguijuelas del Guadiana taldeak Sagueseko agertokira aterako da Aste Nagusiaren astelehenean landa-bizitza eta “berbenekoa” aldarrikatzen duen rocka, popa, musika elektronikoa eta rumba ikutuak dituen estilo fresko batekin. 2025ean estudioko lehen albuma argitaratu ondoren, Donostiako Aste Nagusira iritsiko dira benekotasunaren aldeko apustu bezala.
Duela hamar urte Konstituzio plaza bete zuten 40.uteurrena ospatzeko. La Orquesta Mondragón Aste Nagusiko asteartean Saguesera itzuliko 50.urteurrena ospatzeko, emozio handiak, oroitzapenak eta umorea izango dituen gauan.
Kataluniako talde hau egun Espainiako pop-rockaren erreferente da. Asteazkenean Sagueseko agertokian izango dira estilo zintzoa eta ikuspegi oso pertsonala eta garaikidearekin. Horri esker, igoera esanguratsua izan du eta Estatuko festibal ezagunenetan parte hartu du.
Trikitixa eta musika elektronikoa lotzen dituen Josune Arakistainen proposamen berriak energiaz beteko du Sagues ostegunean gauean. Huntza taldeko abeslari izateari utzi ondoren Saguesera abeste berriekin iritsiko da, hain zuzen ere nortasun indartsuko abestiekin eta emakumeen indarra argi eta garbi erakusten duten letrekin.
Lia Kali abeslari kataluniarrak Saguesera estilo nahasketa ekarriko ditu, besteak beste, soul, reggae, rumba, jazz, trap edo hip hop estiloak. 2026ko Musikaren Akademiako hiru sari irabazi ditu: Kaelis diskak Musika Urbanoaren diska onenaren saria jaso du, “Chulx” abestiak - Eladio Carrionekin elkarlanean egindakoa - Abesti Urbano onenaren saria jaso du, eta “En la cuerda floja” abestiak Hip Hop abesti onenaren saria jaso du. Gainera, Herbeeretako Noorderslageko Eurosonic festibalean Epaimahaiaren eta Publikoaren sariak jaso zituen. Beraz, musika urbanoaren uneko izar handienetako bat izango dugu gure artean.
Euren ibilbidea duela 23 urte amaitu ondoren, Xabier Solanok gidatutako Etzakit triki pop talde hernaniarra agertokietara itzuli da eta hainbeste espero zen itzulera honetan Sagues dantzan jarriko du Aste Nagusiari amaiera emateko. Estilo fresko eta jai-giro honekin amaiera emango diogu Aste Nagusiari eta 2003an euren ibilbidea amaitu aurretik zuzenean ikusteko aukera izan zuten jarraitzaile kopuru handia, zein belaunaldi berriak erakarriko ditu, Sagueseko kontzertuei amaiera aparta emateko.