BOGA BOGA FESTIBALAren laugarren edizioa irailaren 10etik 13ra ospatuko da, eta programazioa nortasun desberdin baina osagarriak dituzten Donostiako hiru gunetan zabalduko da: Miramar Jauregian, Easo Plazan eta Dabadaban. 25 artista baino gehiago izango dira kartelean; horrela, jaialdiak bere nazioarteko bokazioa sendotuko du eta, aldi berean, euskal eta Estatuko eszena emergentearen aldeko apustuari eta musika hirira hurbiltzeko helburuari eutsiko die.
Programazioak BOGA BOGAren DNA islatuko du berriro ere: nortasun propioa duten artistak eta french touch-a, synth-pop-a, rock alternatiboa, indie folk-a, art-punk-a, dream pop-a, ambient-a, punk-a, hyperpop-a, house-a edo tecno-a zeharkatzen dituzten soinuak.
Miramar Jauregiko lorategiak eta bertako bi agertokiak berriz ere jaialdiaren nazioarteko programazioaren zati handi bat bilduko duen epizentro bihurtuko dira irailaren 11n eta 12an.
Ostiralean, irailak 11, Alice Phoebe Lou izango da kartelburuetako bat. Berlinen bizi den Hegoafrikako kantautoreak folk-a, jazza eta indie pop-a uztartzen ditu jarrera erabat independentetik. Harekin batera izango dira Bodega newyorktarrak, art-punk zuzenekoarekin, laurogeiko hamarkadako eraginekin eta lirika antikapitalistarekin Donostiara itzuliko direnak; Cervatana, Derby Motoreta’s Burrito Kachimba taldeko kideek osatua eta une honetako talde emergente interesgarrienetako bat; Rachid B artista hispano-marokoarra; eta Mursego, ikuskizun berri bat estreinatuko duena.
Llúcia Plak, Teatro Abandonadon, osatuko du eguneko programazioa.
Larunbatean, irailak 12, Sébastien Tellier french touch-aren ikonoa Donostiara iritsiko da Kiss The Beast disko berriarekin. Artista frantziarrak berriz ere pop dotorea, elektronika eta nortasun musikal indartsua uztartzen dituen bere unibertsoa erakutsiko du.
Egun horretan Merina Gris ere arituko da; Premios MIN, Premios de la Música eta Gaztea Sariak bezalako aitortzek markatutako urte baten ondoren, BOGA BOGAn Donostian eskainiko duen kontzertu bakarra izango da. Halaber, MYD DJ frantziar lotsagabea; Mala Gestión, Valentziatik Hacemos Lo Que Podemos bigarren diskoarekin eta Haremos lo que podamos Tour biraren barruan iritsiko dena —punk-a, elektronika eta belaunaldi-amorrua uztartzen ditu lan berriak, eta taldeak, biraren lehen zatian sarrerak agortu ondoren, Estatuko lehen jaialdi-denboraldiari ekingo dio—; eta Ana Roxanne estatubatuarra, egungo ambient eszenako ahots nabarmenetako bat, izango dira.
Alai tolosarrak, Teatro Abandonadon, osatuko du Miramarreko programazioa.
Berrikuntza gisa, aurten espazioak ardo naturalei, artisau-gaztei eta gastronomiari eskainitako gune bat izango du, Arenales, Bodega Klandestina eta Elkano 1 Gaztagunek bultzatuta. Gainera, lehen aldiz, jaialdiak disko-postuak eta agertokietatik harago musikaz gozatzen jarraitzeko pentsatutako espazio bat izango ditu.
Aberdeen Records, Egia Records eta Txema Matíasen lankidetzari esker, irailaren 11n eta 12an disko eta biniloen aukeraketa zaindua ezagutzeko aukera izango da Miramar Jauregian.
Jaialdiaren esperientzia osatzeko eta musika bere forma guztietan ospatzen jarraitzeko proposamen berria izango da.
Larunbatean, irailak 12, eta igandean, irailak 13, Easo Plazak berriz ere BOGA BOGA FESTIBALAren alderdirik kalekoena, irekiena eta irisgarriena ordezkatuko du. Doako bi programazio-egunek proiektu finkatuak, talde berriak eta soinu-esperimentazioa zuzenekoaren energiarekin lotzen duten proposamenak bilduko dituzte.
Larunbatean, irailak 12, Rüdiger izango da programazioan. Felix Buffen proiektua da; euskal eszena independenteko ezinbesteko musikaria, Willis Drummond, Rafa Berrio, Atom Rhumba, Joseba Irazoki, Gorka Urbizu edo Ruper Ordorika bezalako artista eta taldeekin lotua. Jaialdira sormen-etapa berri batekin bat eginez iritsiko da.
Egun horretan Kulata ere izango da, 2025ean Donostian hiru lagunek sortutako proiektua, soinua ikuspegi kolektibo, eguneroko eta erraietatik esploratzen duena; Labar, trap-a, hyperpop-a eta elektronika euskal kantutegi herrikoiaren erreferentziekin eta performatibitate disidenteekin gurutzatzen dituena; eta Remei de Ca la Fresca, katalanezko panoramako proposamen originalenetako bat, estilo propioarekin eta diskurtso politiko-poetiko nabarmenarekin.
Rubio multiinstrumentista txiletarrak, Latinoamerikako eszena alternatiboko figura abangoardistenetako batek, eta Lorea Argaratek osatuko dute larunbateko programazioa.
Igandean, irailak 13, Easo Plazak Zeatikez hartuko du, 2025ean Donostian sortutako seikotea, euskal eszenan indarrez sartu dena. Gaztea Maketa Lehiaketako Publikoaren Saria irabazi eta lehen kontzertuetako sarrerak agortu ondoren, etorkizun handieneko talde emergenteetako bat bezala iritsiko da BOGA BOGAra.
Egun horretan Barrrk ere arituko da, duela gutxi Walking About estreinako EPa aurkeztu duena; eta Juan Tatorri, Kapaza elektronika-podcastaren esatari eta selektorea, genero eta erritmo desberdinetatik eraikitako saio batekin.
Gailuk, BAP!!, Inoren Ero Ni, Anari, El Hombre Burbuja edo Negu Gorriak taldeekin lotutako musikariek osatua, punk-a, hardcore-a, post-hardcore-a, old school hip hop-a, dub poetry-a, spoken word-a eta elektronika uztartzen dituen proposamena eramango du Easo Plazara.
Igandeko programazioa Marte Lasartek ere osatuko du, Borja Antón eta Pello Armendárizen proiektuak. Skakeitanen 15 urteko ibilbidea elkarrekin egin ondoren berriz batu zituzten indarrak. 2026an Errepidea argitaratu dute Sila Lua artista galiziarrarekin batera. Julia Sabaték osatuko du Easo Plazako kartela.
Mercadabadillo Easo Plazara itzuliko da
Musika-programazioarekin batera Mercadabadilloren edizio berri bat izango da, Dabadabaren ekosistemako ekimen berezienetako bat, eta Easo Plaza sormenaz, diseinuaz eta kultura independenteaz beteko du berriro.
Larunbatean, irailak 12, eta igandean, irailak 13, 11:00etatik 19:00etara, egunero 50 postu inguruk ilustrazioarekin, artisautzarekin, modarekin, artearekin eta autoedizioarekin lotutako proposamenak bilduko dituzte, Easo Plaza kontzertuetatik haragoko topagune gisa indartuz.
BOGA BOGA FESTIBALA Donostiako kultura musikal independentearekin hasieratik lotutako espazioetako batean hasiko da: Dabadaban.
Irailaren 10ean, Dolphin Lovek emango dio hasiera laugarren edizio honi, dream pop-a, erritmo kutsakorrak eta melodia inguratzaileak uztartzen dituen proposamenarekin, jaialdia irekitzeko pentsatutako zuzeneko batean.
Dabadabak berriz hartuko du protagonismoa irailaren 12an, BOGA BOGAk gauez jarraituko duenean, elektronikaren lurralde desberdinak zeharkatuko dituzten emanaldiekin.
Yung Pradok house fresko eta lotsagabea eramango du pistara; Mancik groove inguratzailea zabalduko du; eta Laura Jettek techno frenetiko eta indartsuarekin itxiko du ibilbidea.
Dabadabak, horrela, aire zabaleko kontzertuak amaitzean bukatzen ez den edizio honen mapa musikala osatuko du, jaialdiaren esperientzia goizaldera arte luzatuz.
Hiru espazioen konbinazioari esker, BOGA BOGA FESTIBALAk eskala eta publiko desberdineko esperientzia eraikitzen du: Miramarreko nazioarteko programazioa eta ingurune pribilegiatua; Easo Plazako izaera doakoa, emergentea eta hiritarra; eta Dabadabako klub-kultura eta gertutasuna.
BOGA BOGAk, horrela, lau egunez Donostiako hainbat espazio musika independente eta garaikidearen inguruan entzuteko, deskubritzeko, dantzatzeko eta elkartzeko leku bihurtuko ditu.