Larreinetako funikularrak 100 urte beteko ditu irailean. Garraiobide horrek antzina Bizkaiko Meatzaldea eraldatu zuen, haren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean eraginez, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen du, bai inguruko herritarrentzat, bai bisitarientzat.
Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzako Euskotren sozietate publikoak —funikularra kudeatzen duena—, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailek, Bizkaiko Foru Aldundiak (Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko Sailetik) eta Trapagarango Udalak gaur goizean aurkeztu dituzte mendeurrena ospatzeko irailean egingo diren ekitaldiak. Horien artean, liburu eta komiki bat argitaratu dira, kontzertuak egingo dira eta Larreinetako geltokiaren aurrealdean bideomapping bat eskainiko da.
Programak kultur, jai eta aisialdi ekimenak biltzen ditu, herritarrekin azpiegituraren mendeurrena ospatzeko. Lehenengo aldiz, 1926ko irailaren 24an inauguratu zen, udalerriko goiko aldea haranarekin lotzeko. Haren plataforma horizontal bereizgarriaren bidez —Europan bakarra dena—,errepidez ordu eta erdi behar zuen ibilbidea hamar minututan egitea ahalbidetu zuen, bai langileak, bai merkantziak eta ibilgailu astunak garraiatzeko.
2014an Interes Kulturaleko Ondasun deklaratu zen, eta gaur egun funikularra funtsezkoa da Larreineta eta Zugaztietako mugikortasun jasangarrirako, eta Bizkaiko aisialdirako sarbide berdea ere bada. Funikularraren mendeurrenak indarrean jarraitzen duenez, eta etorkizunera begira, Euskotrenek, mendeurreneko urte honetan, bidaiarien kabinen erreforma integrala egin du, eta dagoeneko erosotasun- eta irisgarritasun-baldintza hobeak dituzte. Era berean, argazki historikoen erakusketa iraunkorra zabalduko da bi geltokietan, eta ikusmen urritasuna duten pertsonei egokitutako maketa tiflografiko bat jarriko da, hala Larreinetako Funikularra turismo inklusiboaren erreferente gisa finkatzeko. Eguneroko erabiltzaileek zein bisitariek garraio enblematiko horren historian eta memorian barrena ibilbide bisual eta sentsoriala egin ahal izango dute.
Irailaren 14tik 21era bitartean, ‘De Bizkaia de toda la vida’ erakusketa ibiltaria ikusi ahal izango da Llano plazan (Trapagaran). Irailaren 15ean, Trapagarango Olaso Jauregian, hitzaldi bat egingo da mendeurrenari buruzko liburu ilustratuaren eta Amaia Ballesteros tokiko diseinatzailearen ilustrazioak dituen gazteentzako komiki oroigarriaren inguruan. Bi argitalpenak Trenbidearen Euskal Museoko zuzendari Juanjo Olaizolak koordinatu ditu. Funikularraren historiari eta ondareari buruzko dibulgazio-hitzaldia industria-ondarean adituak diren egileek eta hizlariek emango dute.
Irailaren 19an, larunbata, egun osoan zehar, 100. Urteurrenaren Jai Handia ospatuko da, eta programazioa goizetik gauera arte izango da, Lauaxeta plazan (Trapagaran), Larreinetan eta Zugaztietan (ikus programaren xehetasuna ohar honen amaieran). Funikularraren ohiko zerbitzua indartuko du Euskotrenek egun osoan zehar. Eta irailaren 26an hainbat jarduera egingo dira udalerrian: Trapagarango abesbatzen emanaldia, Pilar Zurroren poesia-errezitaldia eta Danetarako Danok Dantza Taldearen alardea.
Hilabete honetarako aurreikusitako jarduerez gain, urtean zehar beste ekimen batzuk ere jarri dira martxan mendeurrena ospatzeko, hala nola, Correosen oroitzapenezko zigilu bat sortzea, funikularraren historia ezagutarazteko erakusketa iraunkorrak egitea eta joan den uztaileko mendi-martxa egitea; ehun parte-hartzaile baino gehiago gerturatu ziren. Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskotreneko lehendakari Susana García Chuecak nabarmendu duenez, “Larreinetakoa adibide paradigmatikoa da, garraiobide batek jendartearen gizarte- eta lurralde-kohesioa nola hobetzen duen erakusten baitu; gainera, mende honetan zehar jakin du balioa ematen eta zonaldearen garapen ekonomikoari laguntzen”.
Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez, Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko diputatu Sonia Pérez Ezquerrak adierazi duenez, “Larreinetako Funikularra Bizkaiko ondare bizia da, garraioa, memoria eta turismoa batzen dituen elementua, eta gure iragana etorkizunarekin lotuta mantentzea ahalbidetzen diguna. Ondare hori balioan jartzearen aldeko apustua egiten du Foru Aldundiak, eta gure lurraldea deskubritzen eta gozatzen jarraitzeko aukera ere bihurtu nahi dugu”.
Miguel Ángel Gómez Viar Trapagarango alkateak adierazi duenez, erakundeen arteko lankidetzaren emaitza izan da, Eusko Jaurlaritzaren eta Mugikortasun Jasangarriaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko (Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa sustatzeko Sailaren bidezko) lankidetzaren emaitza. “Larreinetako Funikularrari balioa ematen ari gara haren mendeurrena dela eta, inoiz egin ez den bezala, haren jatorri sozial eta langiletik bere balio turistiko eta ludikotik pasata. Ehun urte geroago, gure herriko behe eta goi aldeak Ezkerralde eta Meatzalde osoarekin lotzen ditu”.
Irailaren 19an, larunbata, ospakizun-eguna herritarrekin
Tradizioa, gastronomia, familia-jarduerak, musika eta teknologia uztartuko ditu mendeurrenaren jaiak, eta egitaraua honako hau izango da, lekuaren arabera banatuta:
Izena emateko
360º-ko murgiltze-aretoko emanaldietan eta Iron River bisita gidatuetan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea, esteka honen bidez: www.100larreineta.eus.