2026an, Ondarearen Europako Jardunaldiek erronka berrien ondorioz mehatxupean dagoen ondarea ezagutzera eta haren babesean, kontserbazioan eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko lanean inplikatzera gonbidatzen gaituzte. Urrian, Euskadik bere ondarea ospatuko du berriro. Ehun udalerritan baino gehiagotan egingo diren 400 ekitaldi baino gehiagok gure memoriaren eta nortasunaren parte diren lekuak, istorioak, tradizioak eta bizimoduak ezagutzera gonbidatzen gaituzte.
Ondarea gure eskuetan
Ondarea garenaren parte da, baina haren jarraipena ez dago bermatuta. Klima-aldaketak, gure herri eta hirien eraldaketak, gizarte-aldaketek edo ezagutza eta tradizioen galerak beti berreskuratu ezin den ondarea mehatxatzen dute.
2026an, Ondarearen Europako Jardunaldiek ondare zaurgarri horri begiratzera eta hura kontserbatzeko eta transmititzeko zer egin dezakegun hausnartzera gonbidatzen gaituzte.
Bizkaian, doako 270 kultur proposamen baino gehiago eskainiko dira 77 udalerritan, eta 172 entitate antolatzailek hartuko dute parte, besteak beste, kultur elkarte eta entitateek, museoek eta udalek.
Gipuzkoan, programak 98 jarduera baino gehiago ditu, guztira 157 ekitaldi eta Gipuzkoako 36 herritan hedatuko dira.
Araban, hainbat jarduera baino gehiago programatu dira lurraldeko udalerri eta kontzejuetan, Arabako ia kuadrilla guztiak barnean hartuta.
Halaber, irailaren 26tik urriaren 5era bitartean, Nafarroak bat egiten du Ondarearen Europako Jardunaldiekin. Aurreko urteetan bezala, helburua publiko zabal eta askotarikoarengana iristea da, adin, interes eta gaitasun desberdinei zuzendutako jardueren bidez: espezialistak eta zaleak, egoiliarrak eta bisitariak, familiak, ikasleak, haurrak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak, besteak beste.