Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako solasaldi-zikloaren hiru saio egingo dira udazkenean: urriaren 6an (Miren Berasategi Zeberio), azaroaren 3an (Garbiñe Elizegi Nabarte) eta abenduaren 1ean (Estitxu Villamor Lomas). Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, hainbat arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da. Elkarrizketatzailea Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailea izango da. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.
Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.