Deban Arimen Gauaren hirugarren edizioa ospatzen ari dira egunotan, Arimen Gaua taldeak herriko hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean eta Debako Udalaren babesarekin sustatutako ekimena. Urriaren 18an hasi eta azaroaren 1era arte luzatuko den egitarauak adin desberdinetako herritarrei zuzendutako 14 jarduera biltzen ditu, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, film emanaldiak, ikuskizunak eta parte-hartzea sustatzeko ekimenak. Gaztelekuak ere bat egingo du ospakizunarekin, hiru jarduera antolatuta.
Lehen jardunaldietan ipuin kontaketa, film emanaldiak, tailerrak eta hitzaldiak egin ondoren, egitarauak kultur eta aisialdiko proposamen berriekin jarraituko du datozen egunetan. Besteak beste, eskulan tailerra egingo da urriaren 27an, heriotzari buruzko hitzaldia hilaren 28an, Death Cafe saioa hilaren 29an, eta haurrentzako ginkana eta kale ikuskizuna urriaren 30ean.
Egun nagusia urriaren 31n izango da, larunbatean. Egun horretarako antolatutako egitarauak tailerrak, kalejira, musika, dantzaldiak eta beldurren erretzea bilduko ditu, beste hainbat jarduerarekin batera. Ekimen horien bidez, herritarren parte-hartzea sustatu eta herriko eragileen arteko elkarlanean oinarritutako ospakizunaren inguruan elkarguneak sortu nahi dira.
Egitarau honen barruan, Debako Gaztelekuak hiru jarduera antolatu ditu: sukaldaritza-saio bat, beldurraren etxea eta film-emanaldi bat.
Lehenengoa urriaren 28an izango da, asteazkenean, 17:00etan. Egun horretan, Arimen sukaldea izeneko sukaldaritza saio berezia egingo da, Gaztelekuko sukaldaritza taldearen parte-hartzearekin.
Proposamen nagusietako bat Beldurraren etxea izango da. Gaztelekuan hezkuntza-prozesu batean parte hartzen ari diren 2012an jaiotako nerabe talde batek antolatu du ekimena, Lehen Hezkuntzako haurrentzat. Jardueraren bidez, aisialdirako esperientzia bat eskaini nahi da, eta nerabeek protagonismo berezia izango dute haren prestaketan eta antolaketan. Horrela, sormena, autonomia eta talde-lana praktikan jartzeko aukera izango dute.
Beldurraren etxeak urriaren 31n eta azaroaren 1ean irekiko ditu ateak, 11:00etan, Gaztelekuan. Larunbateko saioa Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailetako ikasleei zuzenduta egongo da; igandekoa, berriz, 4., 5. eta 6. mailetako ikasleei. Parte hartu nahi duten haurrek urriaren 26ra arte eman ahal izango dute izena Luzaro ikastetxean.
Azkenik, azaroaren 1ean, igandean, 18:30ean, Arimen Gauarekin lotutako film emanaldia egingo da Gaztelekuan. Horrekin amaituko dira gune horretan ospakizunaren harira antolatutako jarduerak.