Tolosako Abesbatza Lehiaketa 2026

Tolosa 2026(e)ko urriaren 29(e)tik 2026(e)ko azaroaren 1(e)ra
  • Tolosako Abesbatza Lehiaketa 2026

57. Tolosako Abesbatza Lehiaketak, beste behin ere, gure herria nazioarteko abesbatza-musikaren topagune nagusietako bat bihurtuko du. Urriaren 29tik azaroaren 1era, 10 herrialdetatik etorritako 14 abesbatzak hartuko ditu Tolosak, eta lau egunez lehiaketak, kontzertuak eta kultura eta musika-tradizio ezberdinen arteko topaketak eskainiko dira.

Abesbatzak urriaren 28an iritsiko dira; lehiaketa-fasea urriaren 29tik 31ra egingo da, eta amaiera-ekitaldia azaroaren 1ean izango da.

10 herrialdetako 14 abesbatza

Nazioarteko parte-hartzea da, beste behin ere, edizio honetako ezaugarri nagusietako bat. Ganbera Abesbatzen kategorian, hamar talde lehiatuko dira:

  • Ensemble Vocapella Limburg — Alemania
  • Zwozwoeins Men's Choir — Alemania
  • The Academic Choir Tone Tomšic — Eslovenia
  • Chamber Choir Ipavska — Eslovenia
  • Jakarta Youth Choir — Indonesia
  • Vox Angelica Choir — Indonesia
  • Coro Musicanova — Italia
  • Ewha Womans Choir — Hego Korea
  • Mixed Choir Juventus — Letonia
  • The Epiphoni Consort — Erresuma Batua


Horiez gain, Haur Abesbatzen kategorian lau talde izango dira:

  • Bulgarian National Radio Children’s Choir — Bulgaria
  • Pequeñas Voces de La Alhambra — Espainia
  • Saint Angela Choir — Indonesia
  • Kajetán Children's Opera Choir — Txekiar Errepublika


Programak, beraz, ordezkaritza geografiko zabala biltzen du, Europako eta Asiako taldeekin eta abesbatza-tradizio ezberdinekin. Taldeen artean nazioarteko ibilbide luzea duten abesbatzak daude, baita nazioarteko abesbatza-zirkuituan presentzia sendotzen ari diren gazte-taldeak ere.

Parte-hartzaileen artean badaude, gainera, Tolosarekin harreman berezia duten taldeak. Haur-abesbatzen artean, esaterako, Saint Angela Choir nabarmendu behar da: Lehiaketaren 49. edizioan bigarren saria lortu zuen eta, ondoren, Tokyo International Choir Competition lehiaketako Sari Nagusia irabazi zuen 2023an.

Halaber, Bulgarian National Radio Children's Choir nabarmentzen da: 2.000 kontzertutik gora eskaini ditu ia 32 herrialdetan, eta 800 obra baino gehiagoko errepertorioa du. 2026an, gainera, “Sirak Skitnik” Sari Nagusia jaso du Bulgariako Irrati Nazionalaren garapenari egindako ekarpenagatik.

Pequeñas Voces de La Alhambra, Granadakoa, Espainiaren ordezkari izango da haurren kategorian. 2013an sortua, 9 eta 17 urte bitarteko abeslariek osatzen dute, eta azken urteotan hainbat sari lortu ditu Espainiako lehiaketetan.

Kajetán Children’s Opera Choir (Txekiar Errepublika) ez da kontzertuetako haur-abesbatza hutsa. Bertako kideek zuzenean parte hartzen dute Pilseneko Josef Kajetán Tyl Antzokiaren opera-ekoizpenetan.

Ganbera-abesbatzen artean, Mixed Choir Juventus, Letoniakoa, ere ibilbide nabarmenarekin dator: 2025eko Tampere Vocal Music Festival jaialdian Urrezko Diploma eta Grand Prix saria lortu zituen, eta Baltikoko eta Europako hainbat nazioarteko lehiaketatan parte hartu du.

The Epiphoni Consort, Erresuma Batukoa, 2014an sortu zuen Tim Reader zuzendariak. Nazioarteko hainbat lehiaketatan sariak eta aintzatespenak lortu ditu, eta diskoak grabatu eta musika zabaltzeko jarduera ere garatzen du.

Esloveniako Tone Tomšic abesbatzak bere mendeurrena ospatzen du, eta dagoeneko bitan irabazi du Europako Sari Nagusia.

Bitxikerien artean, Zwozwoeins Men's Choir taldearen izena aipa daiteke: Bachen obra bateko 221. konpasari egiten dio erreferentzia.

Tradizioa eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen errepertorioa

Ganbera-abesbatzek bi modalitatetan lehiatuko dute: Euskal Abestia eta Herri Musika, batetik, eta Polifonia, bestetik. Lehiaketaren oinarriek kategoria honetako parte-hartzaile guztiei bi modalitateetan aurkeztea eskatzen diete.

Lan behartuek, urtero bezala, lehiaketaren funtsezko atal bat osatzen dute, eta bereziki nabarmentzen dute euskal abesbatza-sorkuntza garaikidea.

Euskal Abestia eta Herri Musika

  • Zerupeko Izar, Eva Ugalderena, ahots mistoentzat.
  • Besarkatu Ninduzun, Josu Elberdinena, ahots berdinentzat.


Lan horiez gain, abesbatzek euskal herri-abesti bat edo euskarazko testua duen sorkuntza-lan bat, eta beren herrialdeetako herri-errepertorioko obra bat ere eskaini beharko dituzte.

Polifonia

  • Ave Maris Stella, Josep Ollé i Sabatérena, ahots mistoentzat.
  • O Magnum Mysterium, Xabier Sarasolarena, ahots zurientzat.
  • Ave Maria, Albert Alcarazena, ahots grabeentzat.


Programak garai ezberdinetako obrekin osatuko dira: gutxienez 1800. urtea baino lehenagoko konposizio bat, 1801 eta 1980 artean konposatutako beste bat, eta 1980tik aurrerako beste bat.

Haur Abesbatzen kategorian, lan behartua Katalintxu, David Azurzaren obra, izango da. Horrez gain, euskal herri-abesti bat edo euskarazko testua duen konposizio bat, eta libre aukeratutako beste bi edo hiru obra eskaini beharko dituzte.

Horrela, Lehiaketak, beste behin ere, errepertorio behartua erabiltzen du euskal abesbatza-sorkuntza zabaltzeko eta herrialde ezberdinetako konpositore, interprete eta musika-tradizioen arteko topagune izateko.

Nazioarteko mailako epaimahaia

57. edizioko epaimahaia nazioarteko abesbatza-munduko zazpi adituk osatuko dute:

  • Esteban Urzelai — Euskal Herria
  • Jurgis Cabulis — Letonia
  • Petra Grassi — Italia
  • Haruko Kubawara — Japonia
  • Jordan Šrámek — Estatu Batuak
  • Helene Stureborg — Suedia
  • Ivan Yohan — Indonesia


Epaimahaiaren osaera internazionalari esker, abesbatzen zuzendaritzaren eta interpretazioaren arloko eskola, ikuspegi eta esperientzia ezberdinak bilduko dira.

Balorazio-sistemak adierazkortasun eta tinbre aberastasuna, musika-formulazioarekiko errespetua eta programaren aniztasuna eta kalitatea hartzen ditu kontuan. Epaimahaikide bakoitzak 100 puntu ematera arte izango du, eta puntuaziorik altuena eta baxuena ezabatu egingo dira behin betiko puntuazioa ezarri aurretik.

Sari Nagusia eta Europa

Parte hartzen duten abesbatza guztiek Tolosako Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia ere izango dute jokoan. Sari horrek Tolosaren ordezkari izateko izendapena ematen du Europako Abesbatza Kantuaren Sari Nagusian.

Irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du eta 2027an Italiako Arezzon lehiatzeko aukera izango du, Europako Sari Nagusia osatzen duten gainerako lehiaketetako irabazle absolutuekin batera: Arezzo, Debrecen, Jurmala, Maribor, Varna eta Tolosa.

Horrela, Tolosak Europako abesbatza-lehiaketa nagusien zirkuituan duen lekua mantentzen du, eta parte-hartzaileei nazioarteko abesbatza-egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako batean parte hartzeko aukera eskaintzen die.

Lehiaketatik harago

Tolosako Abesbatza Lehiaketa ez da lehiaketako emanaldi hutsetara mugatzen. Parte hartzen duten abesbatzek Tolosatik haratago, Bizkaian, Gipuzkoan, Lapurdin, Nafarroan, Aragoan eta Kantabriako hainbat herrietan ere kontzertuak eskaintzeko betebeharra dute, 70 minutuko a cappella programekin. Guztira 56 kontzertu emango dira.

Dimentsio horri esker, nazioarteko taldeen presentzia Tolosatik harago zabaltzen da, eta beste udalerri eta herritarrek ere maila handiko abesbatza-formazioez gozatzeko aukera izango dute.

Edizio honetako programak kontzertu bereziak ere jasotzen ditu, Lehiaketaren eskaintza artistikoa zabaltzeko. Horien artean nabarmentzekoa da Sofia Vokalensemble, Stockholmekoa (Suedia), Arvo Pärten Kanon Pokajanen obra interpretatuko duena. Arvo Pärten abesbatza-lanik garrantzitsuenetako bat da, eta bere tintinnabuli estiloaren adierazpen gorenen artean dago. Ahots mistoko abesbatza baterako a cappella idatzia, eta gutxi gorabehera laurogeita hamar minutuko iraupena duena, Koloniako katedralaren 750. urteurrena ospatzeko enkarguz sortu zen.

2026ko edizioak Pablo Sorozabali eskainitako jarduera berezi bat ere izango du. Urriaren 24an, larunbatarekin, Lehiaketaren programaren inaugurazio-ekitaldi gisa, KEA Vocal Ensemblek, EASO Abesbatzak eta Marco Socías gitarristak Pablo Sorozabalen musika koralari eskainitako CD berria aurkeztuko dute.

Ekitaldi berean “Pablo Sorozabal: Música Coral” liburua ere aurkeztuko da, Euskal Herriko Abesbatzen Konfederazioak bultzatuta.

Proiektuak KEA Vocal Ensemblek 2024an Sorozabalen obra korala berreskuratu eta zabaltzeko abiatutako lanari jarraipena ematen dio. Bigarren CDa Donostian grabatu da, IBS Classical zigiluarekin, eta euskal konpositorearen alderdi bati erreparatzen dio bereziki: abesbatza-tradizioarekin eta euskal folklorearekin lotutakoari.

Jarduera horrek Lehiaketaren oinarrizko ildoetako bat islatzen du: nazioarteko abesbatza-sorkuntza Tolosan aurkeztea, euskal ondarea eta musika-sorkuntza zabaltzeari uko egin gabe.

Tolosak berriro ere nazioarteko abesbatza-mapan duen lekua sendotuko du

57. edizioak Tolosako Abesbatza Lehiaketa erreferente bihurtu duten osagai guztiak biltzen ditu: nazioarteko parte-hartzea, bikaintasun artistikoa, gazteen eta haurren presentzia, euskal abesbatza-sorkuntza, garai eta kultura ezberdinetako errepertorioa eta mundu osoko musikariekin topaketa.

Lau egunez, Tolosa topagune bihurtuko da berriro ere, eta hizkuntza, kultura eta tradizio ezberdinek hizkuntza komun bat aurkituko dute: abesbatza-musika.

cittolosa.com

Laburrean

Non