Durangok Gaba Baltzaren laugarren edizioa ospatuko du urriaren 31n. Arimen Gauarekin lotutako antzinako ohiturak berreskuratzea du helburu jaiak. Durangoko Hezkuntza Foroak bultzatu du ekimena, herriko hezkuntza, kultura eta gizarte arloko eragile ugarirekin batera, eta Durangoko Udalaren laguntzarekin. Halloween ospatzeko beste modu bat proposatzen du, bertakoa eta jasangarria, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta.
Egitaraua 19:30ean hasiko da, San Pedro Tabirako elizatik abiatuko den kantu eskearekin. Haurrak eta familiak kalera aterako dira, arropa zaharrak, berrerabilitako zakuak eta lastozko kapelak jantzita, kantuan eta gozokiak edo herritarrek eskainitakoa eskatzen. Santa Ana, Pinondo, San Agustin eta Ezkurdi zeharkatuko dituzte, Andra Mariko elizpera iritsi arte. Han, azken kanta elkarrekin abestuta amaituko dute ibilbidea.
Ondoren, 20:30ean, Kriskitin Dantza Taldeak eta Ander, Amets eta Ane gazteek ikuskizuna eskainiko dute Andra Mariko elizpean. Santa Anatik igarotzean, denak elkartuko dira koplak abesteko.