Itziarko Peria 2026

Deba 2026(e)ko Azaroak 1
  • Itziarko Peria 2026

Itziarko Periaren 31. edizioa ospatuko da igande honetan, azaroaren 1ean, 9:00etatik 14:00etara, Itziarko industrialdean. Itziarko Peria Elkarteak eta Itziarko Auzo Udalak antolatutako azokak, Debako Udalaren babesarekin, 175 postu inguru bilduko ditu, bertako produktuak, abeltzaintza, nekazaritzako makineria eta artisautza ardatz hartuta. Aurtengo edizioak, gainera, auzolanaren bidez eraikitako azokaren ibilbidea eta lehen sektorearekin duen lotura nabarmendu nahi ditu.

Azokara bertaratzen direnek bertako produktuak erosi eta dastatzeko aukera izango dute, hala nola eztia, txakolina, sagardoa, ogia eta bestelako elikagaiak. Horiez gain, artisautza, arropa, tresneria eta nekazaritzako makineria eskainiko dituzten postuak izango dira. Taloak eta pintxoak ere ez dira faltako, eta Itziarko Eskolaren aldeko tonbola antolatuko da.

Abeltzaintzak ere leku garrantzitsua izango du egitarauan. Goizean zehar Euskal Herriko Sasi Ardien VII. Txapelketa eta Gipuzkoako Ahuntz Azpigorrien VII. Txapelketa egingo dira, eta sariak 12:00etan banatuko dira. Era berean, behiak, behorrak, ardiak, ahuntzak, hegaztiak eta bestelako animaliak ikusteko aukera izango da. Aiako Indate Berri baserriko abere bitxien erakusketa ere izango da, baita Markes de Saka ganadutegiko poniak eta txahal txikiak ere, 10:30etik 12:30era.

Aurtengo berrikuntza nagusien artean, baserriko tresna zaharren erakusketa eta sasiak garbitzeko robot baten erakustaldia nabarmentzen dira. Azken hori 12:30ean egingo da, azokaren aurreko zelaian. Horrez gain, nekazaritzako makineria, animalientzako atoiak eta bestelako lanabesak izango dira ikusgai. Gipuzkoako Baso Elkarteak ere parte hartuko du, basoen kudeaketari buruzko informazioa eskainiz.

Auzolana, azokaren oinarri

Itziarko Periak 31. edizioa beteko du aurten, eta antolatzaileek auzolanaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Izan ere, herritar ugarik hartzen dute parte azokaren prestaketa-lanetan zein egunean bertan, eta elkarlan hori funtsezkoa izan da hitzorduari urteetan zehar jarraipena emateko. Azokak baserri munduaren jarduera ezagutarazteko eta tokiko ekoizleei ikusgarritasuna emateko topagune izaten jarraitzen du.

Azokaren egitaraua arratsaldean ere luzatuko da. 18:00etan, Emakumezkoen Lau t'erdiko Txapelketa Nagusiko partida bat jokatuko da Zabalsoro frontoian, doako sarrerarekin. Bestalde, Itziarko industrialdearen 50. urteurrenaren harira antolatutako argazki-erakusketa azaroaren 1era arte egongo da ikusgai Burugorri Ostatuan.

Azkenik, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko deia egin diete azokara hurbilduko diren herritarrei eta bisitariei, ibilgailuen pilaketak saihesteko eta mugikortasuna errazteko.

 

deba.eus

Laburrean

  • Mota Azoka
  • Data 2026(e)ko Azaroak 1
  • Ordutegia09:00 - 14:00
  • LekuaDeba
  • Ikusi agenda Deba

Non