‘Identitatea eta kidetza aldatzen ari den mundu batean’ lelopean, eraldatzen ari den mundu bateko identitateei eta kide izatearen sentimenduari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu egitasmoak. Fikziozko sei film luzeren eta lau dokumentalen bidez, jaialdiak Afrikako zinemen aniztasuna erakusten duten istorioak eta esperientziak hurbilduko dizkie ikusleei, eta gero eta kulturaniztunagoa den mundu honetako gizarte- eta kultura-aldaketak esploratzeko aukera emango dute.
Sail ofizialaren programazioak askotariko proposamenak eskainiko ditu, hala nola familia barruko dramak (‘My Father’s Shadow’), thriller sozialak (‘Diya’) eta komedia dramatikoak (‘One Woman One Bra’). Nobedadeen artean, Damien Hauserren ‘Memory of Princess Mumbi’ ere nabarmentzen da, adimen artifizialak sorkuntza zinematografikoan dituen aukerak aztertzen dituen eta zinema garaikidearen narrazio- eta ikusmen-prozesuei buruzko ikuspegi berriak irekitzen dituen filma.
Bestalde, sektoreko profesionalei zuzendutako Industria Atalak ikus-entzunezko sorkuntzaren aldeko apustua indartu du, Afrikaldiak sustatutako stop motion animazioko lehen film labur dokumentala bultzatuz. Sonia Estevez, Arrieta Saldaña, Kresala Films ekoiztetxea eta 16 afrikar gaztek eta afrikar ondorengoek osatutako taldearekin batera garatu da proiektua.