Feministaldia XXI azaroaren 3tik 7ra eta abenduaren 18an egingo da.
EH! TXE TXE! da aurtengo Feministaldia XXI-en leloa. Lehen gauzainak astintzen zituen giltzak, herriak gauero jakin zezan babestuta egingo zuela lo. Gaur herriak astintzen ditu, klinklinklin, duin bizitzeko alternatibak aldarrikatu eta erresistentzia guneak pentsatzeko.Etxe bat edukitzearen eta etxe horretan bizi ahal izatearen aldeko aldarria; gure auzoetan bizitzearen aldeko oihua, eh! txe txe! Aurreko urteetan bezala, jaialdiaren etxe eta sustengu bilakatu da Azala kreazio espazioan egindako egonaldia. Bertan elkartu da, aurtengo udaberrian, Feministaldiako lantaldea jaialdia pentsatzeko.
Gainera, 2026. urte honetan, Tabakalera eta Kontadores zentroekin elkarlana mantendu dute, Le Bukowskira itzuli dira, eta etxe berrietako ateak zabaldu zaizkio jaialdiari: Intxaurrondo Kultur Etxea, Antzoki Zaharra eta Guardetxea.
Etxebizitzaren auzia, duin bizitzeko alternatibak eta erresistentzia guneak pentsatzeko premia eta nahia bilakatu dira aurtengo jaialdiaren ardatza, baina hortik haratago ere badoaz: etxe barruan egiten ditugun ekoizpen lanak, auzoak arkitektura sozialaren ikuspegitik pentsatzeko saiakerak, etxeko langileen borrokak, etxeen paretak egin eta desegiteko proposamenak… Artista, poeta, aktibista, filosofa, musikari, kolektibo ezberdinak etorriko dira Donostiara jaialdiak iraungo duen sei egunetan. Gure testuingurutik eta kanpotik datozen 40 gonbidatutik gora pasako dira Feministaldiaren gela, areto, dantzaleku eta pasilloetatik. Besteak beste, Emagin eta Emakumeon Mundu Martxa, Saretxe, Stop Desahucios Gipuzkoa, Bizilagunekin, Lore Caballero Barandiaran, Kurdistango Askapenerako Emakume Mugimedua, Samantha Hudson eta Maria Barrier, Eddi Circa, Madrilgo etxebizitzen kolektiboa, María García Ruiz eta Sarah Carmona.
Elkartu, eztabaidatu, konspiratu, imajinatu eta praktikatzeko espazioak sortzeari garrantzia eman nahi izan diote eta, horregatik, azaroaren 3an, Guardetxean «Gure kasa eraiki» ikastaroek zabalduko dute jaialdia: lantegi praktiko horietan, parte hartzaileek zurgintzan, elektrizitatean eta iturgintzan trebatzeko aukera izango dute (aurretiko izen-ematea eskatuko da).
Azaroaren 4an eta 5ean, Kontadores Gazte Zentroan jarraituko du Feministaldiak Itziar Gonzalez Virós, Lore Caballero Barandiaran, Lucia Feuillet eta Malen Etxea elkartearekin ateak irekiz. Migrazio-esperientziak gure historiarekin dugun harremana nola eraldatzen duen aztertuko dute; arkitektura sozialaren bidez etxe hutsak nola berreskuratu planteatuko da, eta etxe barrua eskultura bezala ulertzeko proposamena aztertuko dute. Intimitatea eta etxea espazio ez-seguru bezala aztertuko dute eta indarkeriaren inguruko hausnarketa egingo dute Emagin eta Emakumeon Mundu Martxak, eta Lan Sexualaren aldarrikapena 2J kolektiboak eta Pauline Ezkerrak.
Azaroaren 6a eta 7a, ostirala eta larunbata, berriz, etxe berriak estreinatzeko egunak izango dira: Intxaurrondo Kultur Etxea eta Antzoki Zaharra, hurrenez hurren. Bost egunez jarraian luzatuko den eskaintzari Guardetxean antolatutako festak emango dio amaiera. Ostiralean lurraldearen inguruko hausnarketak, mugitzen diren herriak, zapalkuntzei aurre egiteko bizimoduak eta borrokak. Larunbatean, gala galanta: 16:00etatik 22:00etara arteko nonstop kulturala eta politikoa.
Abenduaren 18an itzuliko da eh! txe txe! Donostiara. 2015ean hasitako elkarlanarekin jarraituz, Tabakaleran garatuko baita Feministaldiari itxiera emango dion epilogo berezia. Batetik, Scala proiektuan parte hartuko duen Sarah Rasines artistaren soinu-esperientzia murgiltzailea inauguratuko da. Otsailaren 28ra arte egongo da ikus-entzungai Etxe Happening deituriko proposamen artistiko hori, Tabakalerako eskailera nagusian.
Inaugurazio egunean ere, abenduaren 18an, entzute-saio berezia eskainiko du artistak, eta «Artxibo bat, etxebizitza sozialerako bi proiektu» aurkezpen eta solasaldia egingo dugu Olatz Ocerinekin batera.
Horren aurretik, Donostiako kaleetan barrena gidatuko gaitu Arkitetak taldeak, «antiturra» eskainiz, hiria krisi sistemikoaren biktima dela agerian uzteko.
Amaitzeko, musikak emango dio itxiera hogeita batgarren edizio honi: Putas Amak taldea eta MaKeda DJa izango ditugu Egiako Le Bukowski tabernan. Aurtengo irudia Maider Gonzalo artistak egin du, eta eszenografia Maider Aldasororen eskutik dator.
Leire San Martin eta Gerezi Jauregi izan dira edizio honen arima-bultzatzaile eta beraiekin batera sorkuntza, prestaketa, kuradoretza eta programazio lanetan aritu dira: Idoia Zabaleta, Ane Lusarreta Ezkurdia, Laida Zapre, Ane Sanz, Miren Jone Lizarzaburu, Mikel Pejenaute, Laura Muelas eta Anaís Córdova-Paez.
Feministaldiako emanaldietan sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte. Gainera, emanaldien jarraipena egiteko aukera egongo da bai sare sozialen bidez (Instagram: @feministaldia; Telegram: Feministaldia), baita Feministaldiko webgunean ere: www.feministaldia.eus.