Zer dute amankomunean ogi batek, arto-tortilla batek, arroz-katilu batek eta egositako tu batek? Nutrizio-balioaz harago, oinarrizko elikagaiek komunitate osoen eguneroko bizitza antolatu dute mendeetan zehar. Haien inguruan eratu dira paisaiak, teknikak, egutegiak, lan egiteko moduak, errituak eta leku edo komunitate bateko kide izateko moduak.
Food Hack Labek, SOBREMESA Europako proiektuaren baitan antolatutako tailer-ziklo honek oinarrizko elikagaietatik abiatuta janariaren, lurraldearen, eta identitatearen arteko harremanak aztertzera gonbidatzen gaitu. Garia, artoa, arroza eta gaur egun egunerokotzat hartzen ditugun beste hainbat elikagai mugimendu, truke, bereganatze eta eraldaketen historia luzeen lekuko dira. Historia horiek mugak zeharkatzen dituzte, eta sukaldaritza nazionalak finkoak edo puruak direlako ideia zalantzan jartzen dute.
Azaroan zehar, SOBREMESA proiektuko sormen-egonaldietan parte hartzen duten sortzaileek beren jardun eta ikerketa-prozesuetatik abiatuta landuko dituzte elikagai horiek eta haiekin lotutako jakintzak. Tailer praktikoen, elikagaiak prestatzeko prozesuen eta elkarrizketa kolektiboen bidez, gure elikaduraren oinarri diren jakiak oroimenaren, kidetasunaren eta eraldaketaren gordailu ere izan daitezkeela aztertuko dugu.
Karbohidratoei buruzko tailer-ziklo bat baino gehiago, egunez egun gure kulturak eraikitzeko eta bizirik mantentzeko erabiltzen ditugun elikagaiak esploratzeko gonbidapena da.
Azaroak 5 ? Manioka/Yuca/Cassava
Sukaldaritza lantegia eta dastaketa Estefanía Simón-Sasykekin
Jatorriz Hego Amerikakoa, manioka edo yuca mundu osoko milioika pertsonen oinarrizko elikagaietako bat da gaur egun. Amerikako herri indigenek duela milaka urte landu eta kontsumitu zuten, eta XVI. mendetik aurrera Afrikara eta Asiara iritsi zenean, komunitate ugariren elikadura zeharo aldatu zen. Venezuelatik Nigeriara, Brasildik Indonesiara, sustrai horrek errezeta, teknika eta sukaldaritza-tradizio ugari ekarri ditu. Elikagai hori, leku oso desberdinetan, lantzen, prestatzen eta partekatzen dutenen nortasunaren parte bihurtu da.
Lantegi parte-hartzaile honetan, Estefanía Simón-Sasyk sukaldari venezuelarraren eskutik, manioka oinarri duten elaborazioak prestatzen ikasiko dugu eta munduan zehar egiten duen ibilbidea aztertuko dugu. Osagai hau Amerika, Afrika eta Asiako sukaldeetan nola txertatu den ezagutuko dugu, kultura bakoitzak bere osagai, teknika eta ohituretara nola egokitu duen deskubrituz.
Janaria prestatzeko, dastatzeko eta jakiak eta istorioak partekatzeko aukera paregabea, Ameriketatik iritsitako jaki batek leku propioa aurkitu baitu munduko toki handi bateko mahaietan.
Azaroak 12 ? Artoa
Lantegia eta dastaketa Juanjo Garinekin
Jatorriz Amerikakoa, non milaka urtez zibilizazio osoak garatu ziren oinarrizko elikagaietako bat izan zen, artoa Europara iritsi zen eta Kantauri isurialdeko nekazaritza eta elikadura sakonki eraldatu zituen. Euskal Herrian gure baserrietako dietaren zutabeetako bat bihurtu zen. Taloak azoka eta ospakizunekin lotu baino askoz lehenago, artoa, arto-irinarekin egindako ogia, familia askoren eguneroko elikaduraren parte zen. Kantauri isurialdeko beste ogi tradizional batzuekin ahaidetuta, hala nola Asturiasko eta Kantabriako borona edo boroñarekin, bere historiak kultura-trukeez, partekatutako bizimoduez eta beste kontinente batetik iritsitako osagai bat gure nortasunaren parte bihurtzeaz hitz egiten digu.
Lantegi praktiko honetan, Juanjo Garinen eskutik, artoa edo arto-opilaren elaborazio tradizionala berreskuratuko dugu. Arto-ogi hau prestatzen eta egosten ikasiko dugu, elaborazioari lotutako teknika eta ohitura batzuk ezagutuko ditugu, eta artozopak prestatzeko erabiliko dugu, kontsumitzeko modu tradizional bat. Janaria prestatzeko, dastatzeko eta jaki apal baten inguruan ezagutzak partekatzeko aukera paregabea, gure historian funtsezko papera bete zuena.
Azaroak 19 ? Arroz esneari buruzko bariazioak
Dastaketa eta solasaldia Marie Kerkelingekin
Arroza gizateriaren zati handi baten oinarrizko elikagaietako bat da. Eguneroko osagaia da, eta kultura askotan elikaduraren oinarria. Baina zer gertatzen da arroz horri esnea, azukrea edo beste osagai gozoren bat gehitzen badiogu? Zein unetan bihurtzen da funtsezko elikagai bat postre, apeta edo luxu?
Arroz esnearekin abiatuta, Marie Kerkeling gozogile eta ikertzaileak munduko kulturek jaki hau elaborazio gozo bihurtu duten modu ezberdinen ibilbidea proposatzen du. Frantziako riz au lait-tik Portugalgo arroz doce-raino, Turkiako sütlaç, Asiako hegoaldeko kheer edo Vietnamgo chè barietate batzuk, itxuraz erraza den prestakuntza batek zapore, teknika eta esanahi oso desberdinak nola har ditzakeen ikusiko dugu.
Errezeta hauekin batera datozen istorioen, oroitzapen pertsonalen eta dastatze konparatibo baten bidez, eguneroko jaki bat gozo bihurtzen denean zer kontserbatzen eta eraldatzen den aztertuko dugu. Beharrezkoa denaren eta apartekoaren arteko mugei buruz hausnartzeko gonbita da hau, baita elikagai xumeenek kulturarekin, lurraldearekin eta identitatearekin duten harremana nola adierazi dezaketen hausnartzeko tartea ere.
Azaroak 26 ? Ogia, lurraldea eta erritua
Lantegia Marco Falconerekin
Sizilian, San Jose egunean, giza irudiak, animaliak, landareak eta eguneroko objektuak irudikatzen dituzten ogi erritualak egiten dira. Esanahi sinbolikoz beteriko forma horiek komunitateek lurrarekin, lanarekin, naturarekin eta sakratuarekin dituzten harremanak adierazten dituzte. Ogiak aldare eta mahai kolektiboetan biltzen dira, eguneroko elikagai bat komunitate baten nortasuna irudikatzeko eta partekatzeko bitarteko bihurtuz.
Tradizio horretatik abiatuta, Marco Falcone arkitekto eta sukaldariak elikaduraren, lurraldearen eta identitatearen arteko harremanak euskal testuinguruan aztertzea proposatzen du. Zer forma, objektu edo sinbolok adieraz lezakete gure harremana nekazaritzarekin, arrantzarekin, basoekin edo inguruan ditugun elikadura-praktikekin? Zer ezagutza, emozio eta erritu ezkutatzen dira jarduera horien atzean?
Hausnarketa- eta sorkuntza-prozesu kolektibo baten bidez, ogia erabiliko dugu adierazpen-material gisa, sinbolo horietako batzuei forma emateko. Lantegi honek elikagaietatik haratago begiratzera gonbidatzen gaitu eta, ogia bezain egunerokoa den zerbaiten bidez, lurraldearekin eta bertan bizi direnekin dugun harremanari buruzko istorioak kontatzeko aukera ematen digu.