Pasaiako Solasaldi Musikatuak bueltan dira, Oskarbi taldearen 60. urteurrena ospatzeko saio berezi batekin. Azaroaren 8an, 19:00etan, Pasai Antxoko San Fermin elizan izango da hitzordua, eta taldearen sei hamarkadako ibilbidea ezagutzeko eta haren kantuez gozatzeko aukera eskainiko du.
“Kontu Kantari, Pasaiako Solasaldi Musikatuak” egitasmoak musika eta elkarrizketa uztartzen ditu; eta artisten eta taldeen kantuez gozatzeaz gain, haien ibilbidea, bizipenak eta anekdotak gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen du. Aurkezle batek gidatzen du saio bakoitza, solasaldia eta zuzeneko musika tartekatuz. Oraingo honetan, Luisma Laboa kazetariak gidatuko du Oskarbi taldearekin egingo den saioa.
Izan ere, 1966ko azaroan sortu zen Oskarbi, Pasai Antxon, hirurogeiko hamarkadako Euskal Pizkundearen eta euskal kantagintza berriaren testuinguruan. Lau urtez Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan zen, eta Luis Romerok zortzi urtez zuzendu zuen taldea, 1968tik 1976ra. Hasierako urte haietan ezagutu zituzten Jorge Oteiza eta Bitoriano Gandiaga ere, eta biek eragin nabarmena izan zuten taldearen ibilbidean.
Hirurogei urte geroago, Oskarbik kantu berriak sortzen eta herri kantak zabaltzen jarraitzen du. Hamahiru disko plazaratu ditu, azkena aurten bertan, eta ia mila kantaldi eskaini ditu sei hamarkada hauetan. Berrogeita hamar bat kide igaro dira taldetik, eta gaur egungo osaeran hasierako hiru taldekidek jarraitzen dute.
Pasai Antxoko kontzertu-omenaldian hamar taldekide arituko dira kantuan eta musika jotzen. Emanaldiak lau atal izango ditu: Oskarbiren hasierak, Gandiagaren ekarpena, “Xirimiri-Mendira naiz” eta aurten argitaratutako “Gipuzkoa-Donemilia” azken diskoa. Horrela, taldearen sorreratik gaur egunera arteko ibilbidea izango da saioaren ardatza.
Emanaldirako sarrerak doakoak dira baina Bibe.me plataforman hartu behar dira aldez aurretik, aforoa mugatua baita.