Zarauzko Turismo departamentuak eta Getariako Txakolina Jatorrizko Deitura bulegoak antolatuta, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartearen laguntzarekin, azaroaren 8an, igandean, Txakolin Eguna ospatuko da Zarautzen. Aurten ere txermendua izango da egun honetako protagonista
Egitarau borobila antolatu da, denen gozagarri, txakolinaren bueltan. 11:30ean emango zaio hasiera jardunaldiari. Lege Zaharren enparantzan Haur Txokoa izango da, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartearen eskutik.
12:00etan Txakolin Dantza izango da, Jalgi dantza taldearen eta Arrain Zopa kantu taldearen eskutik, eta bertso saioa ere izango da, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin.
Eguneko ekitaldi nagusia iritsiko da, Lege Zaharren enparantzan egingo den txakolin dastaketarekin. Bertan izango dira Getariako Txakolina Jatorrizko Deitura osatzen duten txakolinak eta, hauekin batera, Eusko Labeldun xolomo pintxoak ere jateko aukera izango da.
Hauek dira Txakolin Egunean parte hartuko duten 12 upategiak: Ameztoi, Akarregi Txiki, Arregi, Basa Lore, Blai, Gaintza, Gañeta, Katxiña, Mokoroa, Talai Berri, Txomin Etxaniz eta Rezabal.
Txakolin Egunaren baitan, Zurekin elkarteko tabernen eskutik, hainbat establezimenduk txakolina eta pintxoa prezio berezian eskainiko dituzte azaroaren 5etik 8ra.