FIAR 2026 - Arabako Nazioarteko Harremanaren Arte Jaialdia

Vitoria-Gasteiz 2026(e)ko azaroaren 12(e)tik 2026(e)ko azaroaren 15(e)ra
  • FIAR 2026 - Arabako Nazioarteko Harremanaren Arte Jaialdia

FIAR Arabako Nazioarteko Harrenmanaren Arte Jaialdiak bere bigarren edizioa jarriko du martxan azaroaren 12tik 15era, Gasteizen eta lurraldeko hainbat herritan. Lehen edizioan arte erlazionala ezagutaraztea izan zuen helburu; oraingoan, berriz, artista, espazio, erakunde eta proiektu gehiagok osatutako komunitate batekin itzuliko da jaialdia, arteak topaketarako, parte-hartzerako eta eraikuntza kolektiborako espazio gisa eskaintzen dituen aukeretan sakontzeko proposamenarekin.

FIARren abiapuntua praktika artistikoa ulertzeko modu bat da, sorkuntzaren erdigunean harremana jartzen duena, eta ez soilik artelana. Publikoa ez da amaitutako proposamen bat behatzen duen ikusle hutsa; aitzitik, bere presentziaren eta parte-hartzearen bidez soilik osotasunean gauzatu daitezkeen esperientzien parte bihurtzen da.

Bilakaera horren ondorioz, edizio honetan jaialdia ez da soilik aliantza eta testuinguru kopuruan haziko, baita «barrurantz» ere. Esperientzia artistikoekin batera, praktika erlazionalak hainbat ikuspegitatik pentsatzeko, aztertzeko eta partekatzeko espazio berriak txertatuko ditu FIARrek.

Berrikuntza nagusien artean daude Estetika eta Praktika Erlazionalari buruzko lehen Jardunaldiak, estetikaren, komisariotzaren, antropologiaren eta performance-ikasketen arloko ekarpenak bilduko dituztenak; ConFIARse deialdia, Arabako eta Euskadiko artista eta konpainien proiektuak nazioarteko profesionalei hurbiltzeko sortua; eta Tortilla Bueltatu, kultur sektorearen egungo kezka batzuei buruz kolektiboki hausnartzeko espazio informala.

Programazioak Arabako, Euskadiko, Espainiako, Mexikoko, Erresuma Batuko eta Brasilgo artista eta kultur eragileen proposamenak bilduko ditu. Askotariko formatuen bidez, memoriarekin, zaintzarekin, herritarren parte-hartzearekin, lurraldearekin, eguneroko bizitzarekin, klimari buruzko eztabaidarekin, doluarekin edo komunitatearen eraikuntzarekin lotutako esperientziak proposatuko dituzte. Lengoaia eta testuinguru aniztasunaz harago, guztiek dute helburu bera: sortzen duenaren eta behatzen duenaren arteko muga lausotzea.

Bigarren edizioak lurralde-dimentsioa ere indartuko du. Jardueraren zati handi bat Gasteizen egingo den arren, FIAR Agurain, Eltziego eta Arabako landa-inguruneko hainbat gunetara ere iritsiko da, askotariko kultur, gizarte eta komunitate espazioekin loturak ezarriz. Horrela, administrazioek, erakundeek, proiektu independenteek eta izaera desberdineko kultur eragileek elkarlanean osatutako sare gisa egituratuko da jaialdia.

Jasangarritasuna ere FIAR ulertzeko eta garatzeko moduaren parte da. Bigarren edizio honetan, jaialdiak bere Jasangarritasun Konpromisoa zehaztu du, «Jaialdia bizitzeko eta bertan egoteko gure modua» ideiaren pean. Konpromiso horrek ingurumenarekiko errespetua, pertsonen ongizatea, erantzukizun ekonomikoa eta kulturak topaketarako eta eraldaketarako espazio gisa duen balioa uztartzen ditu. Konpromiso hori jaialdiaren antolaketan islatzen da, ingurumen-aztarna murriztera, hurbileko ekonomia sustatzera eta lurraldearekiko zein bertako komunitateekiko loturak sendotzera bideratutako erabaki kontzienteen bidez.

Egitarau osoan jasota daude proposamen bakoitzaren ordutegiak, espazioak, ezaugarriak eta parte hartzeko baldintzak. Sarrerak eta informazio eguneratua jaialdiaren kanalen bidez eskura daitezke.


Laburrean

Non