ANTZERKI LABURRAREN EGUNA 2026 (MUNGIA)

Mungia 2026(e)ko Azaroak 13
  • ANTZERKI LABURRAREN EGUNA 2026 (MUNGIA)

Mungiak Antzerki Laburraren Egunaren IV. edizioa ospatuko du ostiral honetan, Olalde Aretoan

Hitzordua azaroaren 13an izango da, 20:00etan, eta Objektu eta Plataforma Antzerkia, Tartean Teatroa eta Mungialdeko Antzerkizale Elkartea (MAE) izango dira parte-hartzaileak.

Sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta Kutxabanken bidez eta horretarako prestatutako salmenta guneetan eros daitezke. 30 urtetik beherakoek % 30eko deskontua izango dute Gazte Txartelarekin.

Mungia, 2026ko azaroaren 11a. Mungiako Udalak, Mungialdeko Antzerkizale Elkartearekin (MAE) elkarlanean, Antzerki Laburraren Egunaren laugarren edizioa ospatuko du ostiral honetan, azaroaren 13an. Hitzordua Olalde Aretoan izango da, 20:00etatik aurrera, eta hainbat antzerki proposamenez gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Laugarren edizio honetan, antzerkia ulertzeko eta taularatzeko modu desberdinak erakutsiko dituzten hiru talde izango dira. Hain zuzen ere, Objektu eta Plataforma Antzerkiak Errautsezko zaldia antzezlana eskainiko du; Tartean Teatroak, Goiuri, arazo bat dugu!; eta Mungialdeko Antzerkizale Elkarteak (MAE), EHU Proiektu pilotua.

Hiru antzezlan, hiru istorio eta estilo desberdin

Tartean Teatroak Goiuri, arazo bat dugu! zientzia-fikziozko komedia taularatuko du. Istorioa 2057. urtean kokatzen da. Pitxu XIV ontzia espazioan barrena dabil, Euskal Herriaren aintza helburu duen misio berezi batean. Bat-batean, ordea, urruneko galaxia batetik mezu harrigarri bat jasoko du… euskaraz! Egoera zentzugabe eta ustekabeko horrek galdera bat egingo dio publikoari: zer egingo zenuke zuk halako egoera batean?

Bestalde, Objektu eta Plataforma Antzerkiak Errautsezko zaldia eskainiko du, oroimena, oinazea eta itxaropena uztartzen dituen antzezlana. Gernikako bonbardaketaren oroitzapena izango du ardatz, 1937ko apirilaren 26an herria suntsitu zuen erasoaren oihartzuna berreskuratuz. Plataforma txiki baten gainean, hiru interpretek eta hiru objektuk gaur egun oraindik bizirik dirauen memoria hori ekarriko dute gogora.

Azkenik, Mungialdeko Antzerkizale Elkarteak (MAE) EHU Proiektu pilotua antzezlana aurkeztuko du. Umorea oinarri duen istorio honetan, gazteek ikasteko gogorik ez dutenez, adineko pertsonak unibertsitatean matrikulatzen hasiko dira. Hala, campuseko elkarbizitza esperimentu bihurtuko da, adinekoentzako egoitzen gabeziari irtenbidea bilatzeko asmoz.

Hiru proposamen horien bidez, ekimenak arte eszenikoak herritarrengana hurbiltzea eta formatu txikiko antzerkiari balioa ematea du helburu, askotariko istorio eta antzerki estiloez gozatzeko aukera eskainiz. Era berean, topaketak parte hartzen duten taldeen lana ezagutarazten eta herriko kultur eskaintza aberasten laguntzen du.

Sarrerak 5 euroan

Antzerki Laburraren Egunaren laugarren ediziorako sarrerek 5 euroko prezioa dute. Gainera, 30 urtetik beherakoek % 30eko deskontua izango dute Gazte Txartelarekin.

Sarrerak Kutxabanken webgunearen bidez eta horretarako prestatutako salmenta guneetan eros daitezke. Horien artean, leihatilan ere eskuratu ahal izango dira azaroaren 11n eta 13an, 18:00etatik 20:00etara.

Edizio berri honekin, Mungiak arte eszenikoak herritarrengana hurbiltzen dituzten kultur proposamenak eskaintzen jarraitzen du, herriko antzerki jarduera bizirik mantentzen lagunduz.

mungia.eus

Laburrean

  • Mota Antzerkia
  • KonpainiaMAE, Mungialdeko Antzerki Elkartea
  • Data 2026(e)ko Azaroak 13
  • Ordutegia20:00
  • LekuaOlalde Aretoa
    Olalde Kalea z/g
    Mungia
    Web
  • Zenbatekoa5 €
  • HizkuntzaEuskara
  • Ikusi agenda Olalde Aretoa, Mungia

Non