Old Time Spooks Gasteizko musika-taldea da eta Paulak, Joelek, Charly-k eta Rubyk-ek osatzen dute. Talde honek 2022. urtean ekin zion bere ibilbideari, eta orduz geroztik, han eta hemengo agertokietan jo du. Talde honentzat espazio publikoa musika, topaketa eta adierazpen artistikorako leku egokiena da.
Proiektu honek punkaren energia eta folk musikaren elementuak uztartzen ditu, banjoa, gitarra erresonatzailea, washboard-a, washtub bass-a eta bestelako musika-tresnak baliatuta. Taldeak berak sortutako gaztelaniazko abestiak interpretatzen ditu eta kontzertuetan ironiaz eta umorez beteriko gore eta beldurrezko istorioak partekatzen ditu ikus-entzuleekin.
Lau urte igaro dira taldea sortu zenetik eta, orduz geroztik, taldearen ibilbidea oparoa eta arrakastatsua izaten ari da, batez ere, zuzeneko kontzertuen bidez. Erritmo biziko zuzeneko emanaldiak eskaintzen ditu Gasteizko talde honek.
Fillas de Cassandra gaur egungo Galiziako musika-proiektu garrantzitsuenetarikoa da. María Soa eta Sara Faro Viguesek osatutako bikoteak identitate artistiko nahastezina eraiki du: Galiziako tradizioa elektronikarekin, ahots-esperimentazioarekin eta konposatzeko modu zorrotz bezain hunkigarriarekin txirikordatzen ditu. Musika herrikoia begirada garaikide batetik berrinterpretatzen du Fillas de Cassandrak.
Acrópole bere lehen diskoari eta Últimas Dionísiacas birari esker, taldeak idar handia hartu zuen; bi urtetan 130 kontzertu baino gehiago eskaini zituen. Orduz geroztik, bikoteak bere sormena zabaltzen jarraitu du etengabe han eta hemen. 2025ean Hibernarse argitaratu zuen, album, fanzine eta bideofilm formatuan hedatutako proiektua. Proiektu honek sorkuntza prozesuetan etenak duen garrantziaz hausnartzen du.
Taldearen etapa berria Tertúlia (2026) diskoarekin iritsi da, Çantamarta ekoiztetxearekin argitaratutako lana. Perkusioak, ahots-harmoniak eta musika tradizional eta elektroniko garaikidearen tresnak nahasten ditu samurtasuna, ironia eta probokazioa bilatzen dituen lan honek. Fillas de Cassandraren zuzenekoari esker, taldeak oholtza gainean interpretatzen duen istorioaren parte bihurtzen da publikoa.