Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeak “Dantza Topaketa” jaialdiaren edizio berri bat hartuko du datorren larunbatean, azaroaren 14an, 19:00etan. Erketz Dantza Taldeak antolatutako topaketa honek jatorri desberdinetako hiru talde elkartuko ditu oholtza gainean.
Gaur aurkeztutako ekimen hau Erketzen kultur trukerako proiektuaren barruan kokatzen da, eta hainbat dantza eta herri musika tradizio ezagutaraztea, taldeen arteko harremanak sendotzea eta herritarrei folklorearen inguruko topagune bat eskaintzea ditu helburu.
Aurkezpenean, Ainara Elicechea, Kultura zinegotziak udalerriko kultur elkarteek egiten duten lana nabarmendu du. “Lasarte-Oria kultur aberastasun handiko herria da. Aberastasun hori ez da antolatzen diren jardueren aniztasunean bakarrik islatzen; batez ere, gure tradizioak bizirik mantentzeko, ekimen berriak bultzatzeko eta kulturak gure herriko eguneroko bizitzaren parte izaten jarrai dezan egunero lanean ari diren pertsona eta elkarteetan islatzen da”, adierazi du.
Era berean, Elicecheak horrelako topaketak babestearen garrantzia azpimarratu du: “Lasarte-Oriako kultur aberastasuna kultur truke horien, elkarteen arteko lankidetzaren eta herritarren parte-hartzearen bidez ere eraikitzen da”.
Jaialdian dantza, doinu eta jantzi tradizionalen erakustaldiaz gozatzeko aukera izango da, eta hainbat kultur adierazpide ezagutzeko parada eskainiko zaio publikoari agertoki berean.