Datorren larunbatean, azaroaren 14an, Basauriko Social Antzokian, Basauriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura, Euskara eta Kirol sailaren laguntzaz, antolatu eta Euskadiko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzendutako Rockein musika-lehiaketaren 14. edizioaren finala izango da.
Sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak ondokoak dira: Del Val bikote arrasatearra, Marta Ugartek eta Jon García Del Valek osatutakoa (pop, indie, punk, elektronika); Malforta indie-rock boskote irundarra; eta Monday Potions, art-rock retro-garaikidea egiten duen laukotea, Bilbo, Etxebarri eta Santurtziko kideekin.
Beste hiru talde finalistak, Hego Uribeko artistarik onenari saria irabazteko hautagaiak, hauek izango dira: La Nevera Vacía (rock alternatibo boskotea, Etxebarriko kide batekin); Niere, stoner, pop eta rock boskote euskalduna, Basauri, Arrigorriaga eta Bilboko musikariekin; eta The Al Style, elektronika eta pop atmosferikoa egiten duen taldea, Basauriko kide batekin.
Monday Potionsek Hego Uribeko artista onenari saria irabazi zuen 2024ko Rockeinen. Horregatik, lehiaketaren oinarriak aplikatuz, nahiz eta sari nagusia ez irabazi, ez da tokiko sarirako hautagai izango, taldekideen artean Etxebarriko musikari bat izan arren. Arrazoia da artista batek ezin duela kategoria bereko saria bi aldiz irabazi.
Finala azaroaren 14an izango da, larunbatez, Basauriko Social Antzokian. Sarrera doakoa izango da (eskuratu gonbidapena socialantzokia.eus webgunean edo Social Antzokiko txarteldegian), publikoa zutik egongo da eta barra zerbitzua egongo da, prezio merkeetan.
Ohi bezala, Rockeineko 5 kategorien irabazleen izenak (Bizkaia saria, Artistarik onena euskaraz eta Eskarabilera saria, barne) finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak.
Uztailaren 2an itxi zen Rockeinen 14. edizioan izena emateko epea. Basauriko Udalak antolatzen du musika-lehiaketa, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Euskadi eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzenduta dago. 199 artistak eman dute izena, parte hartze marka berria ezarriz.
Hona hemen Rockeinen finalaren ordutegiak:
ROCKEIN 2026 FINALA
Larunbata, azaroak 14
Doako sarrera gonbidapenarekin, socialantzokia.eus webgunean edo Social Antzokiko leihatilan.
20.30 (ateak irekitzea)
Hego Uribeko artistarik onenaren kategoria
21.00 La Nevera Vacía
21.30 Niere
22.00 The AL Style
Kategoria nagusia
22.30 Del Val
23.00 Malforta
23.30 Monday Potions
0.00 Sari-banaketa